Bidaiari

‘Codice Futuro’, espiritualtasun indigena eta teknologia etorkizuna irudikatzeko

‘Codice Futuro’ erakusketa berezia da. Bogotan egongo da ikusgai eta helburua du herri indigenen begiradaren bidez etorkizuna irudikatzea, espiritualtasuna, magia eta teknologia uztartuz.

Erakusketaren kartelarem irudia.
Erakusketaren kartelarem irudia. (Bogotako Zinemateka)

Espiritualtasuna, magia eta teknologia uztartuko du erakusketa batek herri indigenen begiradaren bidez etorkizuna irudikatzeko. Martxoaren 9an zabalduko da Bogotan.

‘Codice Futuro’ du izenburua eta Kolonbiako hiriburuko Zinematekan izango da ikusgai martxoaren 31ra arte. Zenbait komunitate indigenatako kideen parte-hartzearekin egindako laborategietako emaitzetatik sortu zen, euren begirada mitologikoa eta teknologia uztartzea helburu zutenak.

Bisual, interaktibo eta murgiltzailea

Erakusketa bisual, interaktibo eta murgiltzailea zenbait istorioz osatuta dago, «magia eta espiritualtasuna uztartzen dituzten espazioak eta denborak arakatzen dituztenak, beste garai batzuetako irudi, soinu eta ahotsei forma emanez».

360° formatuko irudiek, errealitate areagotua duten pieza grafikoek, errealitate birtualeko esperientzia batek eta ‘Garai guztietako orakulua’ izeneko webguneak osatzen dute erakusketa.

Aipatu orakulua bisitariek komunitate indigena batzuen etorkizunaren ikuspegiak ezagutu ahal izateko gunea da; errealitate birtualaren zatia, berriz, proiektuaren zuzendariaren osabak egindako kantu sakratu batean inspiratuta dago.

«Proiektu hau nire familiari, nire arbasoei (Nasa indigena komunitatekoak dira) egindako esplorazio batetik sortu da. Nire osaba mediku tradizionala da eta txikitatik erritualtasun eta hausnarketa guneetan parte hartu nuen», azaldu du Elder Manuel Tobar Panchoaga ‘Codice Futuro’ ren sortzaileak.