Bermeoko Udalak bisita gidatuak eskainiko ditu Aste Santuan Gaztelugatxen
Bermeoko Udalak Gaztelugatxerako autobus zerbitzua eta bisita gidatuak antolatu ditu Aste Santurako, Turismo Bulegoaren bitartez. Bi ordu eta erdiko bisita gidatuak izango dira, Lamera parkeko autobus geltokitik abiatuta, martxoaren 28, 29 30 eta 31n eta apirilaren 1ean.
Bermeoko Udaletik jakinarazi dutenez, Aste Santuan antolatuko dituen bisitek hiru helburu nagusi dituzte: garraio publikoa sustatzea CO2 emisioak murrizteko eta aparkatzeko arazoak saihesteko, bisitariak Bermeora erakartzea eta Gaztelugatxeko balio naturalak eta historikoak zeintzuk diren bertatik bergara ezagutzera ematea.
Horrela, Bermeotik Gaztelugatxerako joan-etorria autobusez, gida laguntzailea eta Gaztelugatxera sartzeko tiketaren kudeaketa eskainiko dira. Bi ordu eta erdiko bisita gidatuak izango dira, eta 10:00etan eta 12:00etan aterako dira Lamera parkeko autobus geltokitik.
10 euro eta erreserbak
Erreserbak egin daitezke jada www.bizibermeo.eus webgunean. Nagusiek 10 euro ordaindu beharko dituzte, 6 eta 12 urte bitartekoek 3, eta 6 urtetik beherakoentzat doan izango da. Gehienez, 6 urtetik beherako bi ume joan ahal izango dira helduen erreserba bakoitzeko.
«Gaztelugatxeko San Juan Bermeoko zati eta esentzia da. Modu horretara, bisita gidatu hauen bitartez, bisitariek Gaztelugatxeko San Juanen nortasuna hobeto ezagutzeko aukera izango dute, bermeotarren sinesmen, erritu eta ohituren bidez, eta baseliza ere bisitatutako dute», adierazi dute.
Era berean, Gaztelugatxe inguruko ingurumen berezitasunak ezagutzeko aukera izango da, tartean Matxitxako lurmuturra eta bere bi itsasargiak. Hala, inguruko historiari eta jarduerari lotutako baliabideak eta bitxikeriak ere azalduko zaizkie bisitariei.
«Ingurune babestu hori guztion artean zaindu beharra daukagu. Zerbitzu honekin Gaztelugatxeko San Juaneko esperientzia bultzatu nahi dugu, ikuspegi ekoturistiko batetik», adierazi dute Bermeoko Turismo Bulegoko arduradunek.