Bidaiari

Bi bisita gidatu eginez ospatuko du Ekainberrik Kobazuloen Eguna

Ekainberrin ere Kobazuloen Eguna ospatuko dute 16an, bi bisita gidatu eskainiz. Gainera, %50eko deskontua izango dute bertaratzen direnek eta euren artean bonuak zozkatuko dira, Lurpean elkartutako zortzi kobazuloak bisitatzeko eta bi pertsonentzako egonaldi baterako.

Ekainberriko eraikina.
Ekainberriko eraikina. (Jon URBE | FOKU)

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailak Kobazuloen Eguna ospatuko du martxoaren 16an, Ekainberrira bi bisita gidatu eginez. Bisitariak duela 14.000 urteko historiaurreko gizakiaren larruan jarriko dira, eta bisitak ilunpetan egingo dira, zuziak diruditen linternak eta kobazuloak argiztatzeko erabiltzen ziren gantz lanparak erabiliz. Bisita gaztelaniaz izango da 13:00etan eta euskaraz 17:00etan.

Lurpea elkarteak Euskal Herriko zortzi kobazulo biltzen ditu, horien artean Ekainberrikoa, eta Kobazuloen Egunaren 14. edizioa antolatu du martxoaren 16ean. Gainera, %50eko deskontua izango da Ekainberrirako sarreretan, eta larunbateko bisitari guztien artean bonuak zozkatuko dira, Lurpean elkartutako zortzi kobazuloak bisitatzeko eta bi pertsonentzako egonaldi baterako.

«Modu bakar eta berezian»

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol diputatu Goizane Alvarezek azaldu du «modu bakar eta berezian» ospatu nahi izan dutela Kobazuloen Eguna. «Ospakizun handia» izango dela nabarmendu du, eta Ekainberrira hurbiltzen direnek bizi izango duten esperientzia «harrigarria» izango dela.

Bertan, Paleolitikoaren argiztapena birsortuko da, zuziei, sutegiei eta gantz lanparei esker arbasoak nola bizi ziren esperimentatu ahal izateko. «Funtsezko» elementu izan ziren, sua menderatzea lortu zuten arte ezin izango baitziren kobazuloetan artearen moduko jarduerak garatu. Zuzi horiek gabe, duela 14.000 urte ezin izango zituzten Ekaingo zaldiak margotu, janaria prestatu, basatiak uxatu, ez eta kobazuloen sakonera iritsi.