Bidaiari

Busturialdea ezagutzeko, bizikleta elektrikoen geltokiak martxan

BBK Klima Bizi egitasmoak bizikleta elektrikoen geltokiak irekiko ditu berriro martxoaren 23ko asteburuan Bermeo, Mundaka eta Busturian, Aste Santuan bertan dela aprobetxatuz, eta orotara 25 bizikleta eskainiko ditu pedalei eraginez Busturialdea ezagutzeko aukera emateko.

Bermeo, Mundaka eta Busturian egongo dira geltokiak.
Bermeo, Mundaka eta Busturian egongo dira geltokiak. (Getty Images)

Astelehenean egin da Bermeon hiru geltokiak berriz irekitzeko ekitaldia, Lamera parkeko geltokian. Bertan izan dira Leire Zarate BBK Klima proiektuaren arduraduna eta Bermeoko Ziklistek taldeko kide batzuk.

Zaratek azaldu duenez, «Busturialdean mugikortasun jasangarria sustatzeko apustua egingo dugun hirugarren uda izango da aurtengoa, BBK Klima proiektuaren esparruan, eta horrela klima aldaketaz sentsibilizatu eta kontzientziatzea bilatzen dugu».

«Gure helburua argia da: mugikortasun jasangarria sustatzea. Bizikleta garraiobide garbia da, eta, aldi berean, jarduera fisikoa errazten du. Gainera, kutsadura atmosferiko eta akustikoa txikiagoa dauka eta bizi kalitate handiagoa ematen du», adierazi du. Era berean, iragarri du laster laugarren geltoki bat jarriko dela martxan eskualdean.

Turismo jasangarria

Bermeoko Ziklistek taldeko kideek horrelako ekimenen balioa azpimarratu dute: «Bizikletaren erabilera erraztea eta Busturialdea ezagutzeko turismo jasangarriaren ikuspegitik egitea oso ideia ona iruditzen zaigu. Bermeoko Ziklistek taldea osatzen dugunok geure hobbyaz gozatzeko zortea dugu, bizikletaz, alegia, eta gainera bizi garen inguru honetan egin dezakegu. Horregatik, bisitatzen gaituen jendeak ere ikuspegi horretatik gozatu ahal izatea aukera paregabea da».

BBK Klima Abentura 2022ko udan jarri zen martxan, Busturian. Ondoren, Bermeoko instalazioa 2023ko ekainaren 9an zabaldu zuten, eta Mundakakoa 2023ko uztailaren 14an. Herritar guztientzat eskuragarri dagoen zerbitzua da, eta oso erabilera erraza du.

Kudeaketa guztia NextBike aplikazioaren bidez egiten da. Erabiltzaileak aplikazioa bere telefonoan deskargatzen duenean, erregistratu egiten da, eta bizikletaren eranskailuaren QR kodea eskanea dezake alokatzeko eta haren erabilera kudeatzeko. Zerbitzua amaitzeko, bizikleta berriro ainguratu beharko da dauden hiru geltokietako batean, eta alokairua automatikoki amaituko da, aplikazioak erakutsiko duen bezala.