Bidaiari

Hernani, euskal ardo ekologikoen ekoizleen topagune

Hernani ardo ekologikoen topaleku bihurtuko da apirilaren 14an, Euskal Herriko 14 upategi elkartuko baitira Biba Ardoak kooperatibak antolatutako azokan. Bertakoek zein bisitariek aukera izango dute 100 ardoren artean aukeratzeko eta dastatzeko.

Aurtengo azokaren kartela.
Aurtengo azokaren kartela. (Biba Ardoak)

Biba Euskal Herriko Ardo Ekologikoen Azokaren hirugarren edizioa egingo da apirilaren 14an, Hernanin, Orona Fundazioan dagoen Diametro 200 espazio gastronomikoan. Euskal Herri osoko 14 upategi eta 100 ardo baino gehiago dastatzeko eta zuzenean erosteko aukera izango da bertan.

Biba Ardoak Euskal Herri osoko ardo ekologikoak merkaturatzeko eta banatzeko kooperatiba da azokaren antolatzailea. Lehen edizioa 2022an egin zen Donostiako Tabakaleran, eta bigarrena, berriz, iaz, Donostiako Miramar jauregian.

Hirugarren edizioa Hernanin izango da, Orona Fundazioan dagoen Diametro 200 espazio gastronomikoan. Gainera, elikadura burujabetzaren aitzindaria den Diametro 200 proiektuak hamar urte beteko ditu aurten, eta aitzakia horrekin, espazioaren sortzaile eta arduradun Fede Pacha astigarragarrak gonbidapena luzatu zuen Biba azokaren hirugarren edizioa bertan antolatzeko.

«Nekazarientzat eta ekoizleen merkatuentzat une zailak diren garai honetan, denon artean azoken, ardoaren, agroekologiaren eta elikadura burujabetzaren aldeko festa handia ospatzeko baliatuko dugu aurtengo Biba Azoka», adierazi dute antolatzaileek.

14 mahasti eta upategi

Horrela, mahastizainak bertatik bertara ezagutzeko parada izango dute bertaratutakoek, baita haien lan egiteko eta bizitzeko modua eta haiek ekoiztutako 100 ardo baino gehiago dastatzeko aukera ere. Euskal geografia osoko 14 mahasti eta upategi txikitako mahastizainak egongo dira azokan, «Bizkaiko mendebaldetik Zuberoaraino eta Nafarroa Behereko mendietatik Ebroko ibaiaraino».

Gainera, aurten, lehen aldiz, sagardogile eta gaztagileak gonbidatu dituzte, Kaxilda liburu dendako kideek ekologia, krisi klimatikoa eta elikadura burujabetzarekin zerikusia duten liburuak salgai jarriko dituzte eta Amillubi proiektuaren ordezkariek informazio mahai bat jarriko dute.

Biba Azokak 11:00etan irekiko ditu ateak eta 18:00etan amaituko da. Hamar euroko sarreraren erosketarekin kopa bat opari eta 100 ardo, sagardo eta gazta baino gehiago dastatu ahal izango dira.