Bidaiari

Boliviako Qhara Qhara indigenek San Jose galeoiaren kargamentuaren zatia eskatu dute

Zilarrezko eta urrezko milaka txanpon ur sakonetan daude San Jose galeoi espainiarraren barruan. Duela 300 urte baino gehiago hondoratu zen ontzia Kolonbiako kostaldean, eta Boliviako Qhara Qhara nazio indigenak kargamentuaren zati bat eskatzen du, mineralak bere lurretatik atera zituztela ziurtatuz.

Ur sakonetan daude zilarrezko eta urrezko milaka txanpon.
Ur sakonetan daude zilarrezko eta urrezko milaka txanpon. (Getty Images)

Qhara Qhara nazioa herri indigenen multzoa da. Boliviako hego-mendebaldean daude, goi-lautadaren eta haranen artean, Potosi eta Chuquisaca departamenduetan.

Samuel Floresek, Qhara Qhara herrialdeko buruzagietako batek, esan du urrea eta zilarra indigenen lurretatik atera zituztela, eta aurreratu du «galeoiaren kargamentua berreskuratzea aldarrikapen historikoa eta nazioarteko mugarria» izango dela.

Flores da herri horien legezko ordezkaria Giza Eskubideen Batzorde Amerikartekoan. Bertan, galeoiaren edukiaren zati bat eskatzen duen demanda aurkeztu zen, baina Qhara Qharatarren buruzagiak dio nahiago lukeela eztabaida adiskidetasunez konpondu. «Ez dugu galeoiaren urrea eta zilarra merkaturatu nahi; guztion ondasun izendatzea nahi dugu, lehorreko museo batean gordetzea».

Ontzia 2015ean aurkitu zuten ehiztariek, eta, ordutik, Kolonbiak, Espainiak eta Boliviako nazio indigenek San Jose ontziaren zati bat eskatzen dute.

Espainiar kolonizazioaren ondorioak

«Espainiak galeoiaren egurra, kanoiak eta ontziak eraman ditzake; guk, nazio indigena bizia garen aldetik, gure etxe eta muinoetatik arpilatutakoa berreskuratu nahi dugu», adierazi du Floresek. Buruzagi indigenaren esanetan, espainiar kolonizazioaren ondorioek kalte materialak, sozialak eta psikologikoakeragin zituzten, eta, beraz, «Espainiak kalteak konpondu behar ditu».

Qhara Qhara nazioak 28.000 biztanle inguru ditu, «lurralde txiki txikietan« sakabanatuta daudenak. «Nekazaritzan aritzen den eta tradizioei eusten dien nazio bizia». Floresen ustetan, gainera, bizirik ez balego, ezingo luke «nazioartearen aurrean erreklamatu».

Era berean, ezagutzera eman du Gustavo Petroren Gobernuak datorren hilabetean Cartagenara gonbidatu dituztela, San Joseren itsas esplorazioaren lehen fasean parte hartzeko, eta idatzizko gonbidapen baten zain daudela. «Kolonbiako herriaren anaiak gara, eta galeoiaren zati bat ere merezi du, kontserbatzeko eta zaintzeko», gehitu du.

Buruzagi indigenak jakinarazi duenez, Qhara Qhara herrialdeko herri bakoitzeko ordezkari bat joango da Kolonbiara, hurbilketa espiritual bat egiteko, eta, 300 urte baino gehiagoren ondoren, bere kultura aldarrikatuko dutela aurreratu du, bere ustez herri horien «giza esplotazioa» izan zena berriro gerta ez dadin.

Hurrengo esplorazio-faseetan ere Qhara Qharatarrak kontuan hartzea eskatu du eta zientzialari eta indigena adituekin elkarlanean aritzeko eskaini du bere burua, prozesuari laguntzeko.