Bidaiari

Guardia, Arabako Landa Merkataritzaren Azoka Ibiltariaren geltoki

Arabako Landa Merkataritzaren Azoka Ibiltaria Guardian izango da ekainaren 8ra arte, Arabako Errioxako kuadrillako herrietako saltoki txikiak eta haien produktu eta zerbitzuen eskaintza ikusgarri egiteko. Gainera, arabarrak sentsibilizatu nahi dira hurbileko negozioetan kontsumitzeak komunitateari dakarzkion onurez.

Ogia ere salgai egongo da.
Ogia ere salgai egongo da. (Endika PORTILLO | FOKU)

Guztira, Arabako Errioxako 16 saltokik erakutsiko dituzte euren produktuak Arabako Landa Merkataritzaren Azoka Ibiltarian, 11:00etatik 14:00etara eta 15:30etik 19:30era, Guardiako pilotalekuan jarritako standean (Sancho Abarca kalea).

Eltziego, Lantziego, Guardia, Mañueta, Bastida, Bilar, Lapuebla de Labarca eta Oiongoak dira saltokiak. Gehienak elikaduraren hainbat azpisektoretakoak dira, hala nola okindegiak, tokiko produktuak, enotekak, gaztandegiak, ultramarinoak eta supermerkatuak, baina beste negozio mota batzuetako produktuak ere badaude, hala nola liburu dendetakoak, moda salmenta eta diseinukoak eta etxetresna elektrikoenak.

Bonuak

Bestalde, datozen egunotan standa bisitatzen duten guztiek Arabako Errioxako landa merkataritzan erosketak egiteko bonuen zozketetan parte hartu ahal izango dute.

Arabako Landa Merkataritzaren Azoka Ibiltaria lurraldeko landa merkataritzak eskaintzen duen guztia erakusten ari zaie arabarrei apirilean, maiatzean eta ekainean. Halaber, Arabako Aldundiak sektorerako dituen programak eta laguntzak biltzen dituen txoko profesional bat ere du azokak.

Ekimenak Guardian bukatuko du ibilbidea, azken hilabeteetan Gasteiz, Murgia (Gorbeialdea), Langraiz Oka (Añana), Artziniega (Aiara), Araia (Arabako Lautada) eta Santikurutze Kanpezu (Arabako Mendialdea) bisitatu ondoren.