Bidaiari

Varonatarren dorre-gotorlekua, bidaia Arabako Erdi Arora

«Araban hoberen kontserbatu den esparru gotortua». Micaela Portilla historialariak Varonatarren dorretxea deskribatzeko erabilitako hitzak dira. Dorrearen jatorria XIV. mendearen amaiera edo XV.aren hasiera aldean kokatu behar da. Eta benetan merezi du Varonatarren dorre-jauregiaren multzoa bisitatzea.

Varonatarren dorrearen irudia.
Varonatarren dorrearen irudia. (Raul BOGAJO | FOKU)

Varonatarren dorretxea bisitatu aurretik, komeni da historia pixkat ezagutzea eta, horretarako, egokia da Arabako Diputazioak herrialdeko museoei eskainitako webgunera jotzea: Varona deiturak VII. mendean du jatorria. María Ruiz Pérezekin jaio zen. Andre honek Alfonso I.a Gudakaria preso hartu zuen, Leongo eta Gaztelako Alfonso VI.a erregearen aurkako borrokan. Errege honi, andrearen adorea ikusirik, handik aurrera ‘Varona’ deitu beharko zela iruditu zitzaion. Ordutik gaur egun arte, dorrea haren zuzeneko ondorengoen bizilekua izan da, etengabe.

Esparru osoa Arabako Aldundiak zaharberritu du. Bertako antzinako giroa eta banakera, kanpotik nahiz barrutik, aldatu egin dira, gaur egungo beharrizanetara egokitzeko. Barruan, beren izaera tradizionala gorde duten hainbat gunek irauten dute. Geletan banaturik, altzari ale ederrak ikus daitezke, dorre-jauregiaren jabeenak eta Diputazioarenak. Bisitariari, seguruenik, deigarriak irudituko zaizkio paper pintatuak eta zeramika eta kutxa bilduma.

Dorre deigarria

Esparruaren alde batean dorrea nabarmentzen da. Ukondotan bermatutako garitoi prismatikoz erremataturik dago kantoietan, eta hegoaldeko horman matakana dauka. Teilatua lau isurkikoa da eta haren hegalek almenadun barbakana batez eta kanoi-zuloak eta gezi-leihoak dituzten hormez babesturik dago, baita ekialde, mendebalde eta hegoaldetik inguratzen duen ur-hobi zabal batez ere. Bi sarbideak zubi txiki banaren gainetik pasatzen dira.

Eraikinen aurrean, familiaren armarri gainean dagoen ‘La Varona’ harrizko taila elementu nagusitzat duen lorategia dago. Monumentu hori Arabako Erdi Aroko landako jauretxeetako arkitekturaren aztarnarik garrantzitsuenetakoa da, eta aipagarria da, lurraldean hobekien gorde den gotorlekua baita.