Bidaiari

Arabako Natura Zientzien Museoa, erreferente eta paradigma

1986 urteaz geroztik dago zabalik Arabako Natura Zientzien Museoa, Erdi Aroko dorre eder batean. Arabako gizarteak natura zientzien esparruan duen aparteko kultura ondarearen iraupena bermatzea du helburu nagusi.

Museoak bilduma ugari ditu iusgI.
Museoak bilduma ugari ditu iusgI. (naturazientzienmuseoa.eus)

Paleontologia, Arkeologia, Mineralogia, Zoologia eta Botanika gustuko dutenek gozatu egingo dute Arabako Natura Zientzien Museoan, 1986an Erdi Aroko dorre eder batean zabaldu zena. Beheko harresi zaharreko Aldabeko atearen ondoan, mendebaldera begira dago eraikina.

Dagoeneko, erreferentzia puntu bihurtu da Natura Zientzien esparruan; batetik, zerbitzu eta instalazio orekatuak dituelako, bai bisitarientzat bai ikertzaileentzat, eta, bestetik, eskaintza museografiko erakargarria egiten duelako bertako erakusketa aretoetan.

Naturazientzienmuseoa.eus webguneak azaltzen duenez, museoaren xedeak honako hauek dira: «Arabako gizarteak natura zientzien esparruan duen aparteko kultura ondarearen iraupena bermatzea, errealitate horren ezaguera zientifikoan aurrera egitea eta komunikazio eredu berrien bitartez ezaguera hori kontzientzia kolektibo bilakatzea, horrekin guztiaren geo-bioaniztasunaren ezagueratik sortzen den herri ondarearen kudeaketa jasangarrian nazioarteko erreferentzia-gune bat eta kultura, zientzia, turismo, ekonomia eta aisia-fluxu berrien iturburu bat sortuz».

Erreferente eta paradigma

Halaber, Museoaren helburua errealitate bizi izatea da, «bizi garen munduaren gaineko emozio eta ezagutza berrien sortzaile, proposamenetan aitzindari, etengabeko garapenean denboran zehar». Kontzeptu eta egituretan sendo, natura zientzien esparruan erreferente eta paradigma izan nahi du Espainiako museologia berrian; horrela, Gasteizek XXI. mendeko hiri gisa duen ingurumen marka finkatu eta indartuko da; Arabarena, bioaniztasun handiko lurralde gisa eta, azkenik, Arabako gizartearena, ingurumenarekiko bizi behar dugun zintzotasunaren eta sentsibilitatearen erreferente gisa».

Bildumak

Museoak zenbait bilduma ditu. Bilduma botanikoak VIT Herbarioan biltzen dira. Benetako harribitxi bat omen da Atlantikotik Mediterraneorako trantsizioa ezagutzeko. Bertako osagai fanerogamikoak seigarren lekua du herbario iberikoen artean, plegu kopuruari begiratuz gero, eta, hirugarrena, urteroko gehikuntzei erreparatuz gero. Osagai kriptogamikoan Estatuko bigarren herbarioa da, plegu kopuruari begiratuta. 2019eko abenduan VIT herbarioak 219.712 plegu zituen, eta 15.283 taxon ordezkatuta.

Lurraren zientzien esparruan, berriz, nabarmentzekoak dira Paleontologia eta Mineralogia Bildumak; hurrenez hurren, 15.945 eta 21.123 erregistro dituzte, hau da, ordezkaritza maila oso handia. Euskal Kantauri Arroko paleontologia aberastasunak, orokorrean, eta Arabako probintziarenak, bereziki, ohikoa ez den tipo eta figuratu kopurua ekarri du azken hamarkadan, berezitasun handiko paleontologia aztarnategietatik ekarriak. Hainbat indusketa eta bilketatatik ekarritako sortekin, erregistro kopurua 200.000tik gorakoa da. Horregatik, tipo eta figuratuen hazkunde esponentziala aurreikusten da hurrengo urteetarako.

Bestalde, ANZMaren Mineralogia Bildumak hamar aldiz biderkatu dira museoa ireki zenetik hona, eta gaur egun ere horiek dira gehien hazten ari direnak. Mineralen %90etik gora Iberiar Penintsulakoak dira; beraz, esan liteke bilduma tematikoa dela. Eta horretantxe dago, museoaren arduradunen esanetan, bere berezitasuna. Egia da ugariak direla horien artean XX. mendearen hasieran ateratako pieza klasikoak, baina bere ordezkaritza maila gorena mendearen bigarren erdikoa da. Funtsean dauden 21.123 aleen artean 2.000 mineral espezie baino gehiago daude, hau da, planetan deskribatu direnen erdia.

Hala ere, Zoologia Bildumak dira museoko ugarienak. Ornodunei dagozkienetan 3.205 erregistro daude 486 taxonetarako; ornogabeetan, 500.000 erregistro, dagoeneko 10.000 taxonetik gora zehaztu direlarik.