Fontana de Trevi euro baten truke bisitatzea, turismo masiboaren aurkako aukera bat
Fontana de Trevi bisitatzea euro baten truke eta hiriaren erdigune historikoan alokairu laburren kopurua mugatzea dira, besteak beste, Alessandro Onorato Erromako zinegotziak turismo masiboari aurre egiteko egin nahi dituen proposamenetako batzuk.
«Sarrera berri bat aztertzearen aldekoa nintzateke, mugatua eta ordutegien araberakoa, erreserba-sistema batekin: doakoa erromatarrentzat eta ordainpekoa, euro sinboliko batekin, turistentzat», adierazi du Alessandro Onorato Erromako turismo zinegotziak Corriere della Sera-ri egindako elkarrizketa batean.
Balizko neurri horren helburua izango litzateke monumentuaren inguruko pilaketak murriztea eta plazan pizza eta izozkia kontsumitzeko pizgarriak kentzea, iturriaren zoruan eta eskaileretan pilatzen diren hondakinak saihesteko.
Panteoira sartzeko 5 euro
Ez da turisten sarrera mugatzeko Erromako Udalak hartuko lukeen lehen neurria; izan ere, iazko udan 5 euroko tarifa ezarri zen Italiako monumenturik bisitatuena den Panteoira sartzeko, baina doakoa da hiriko biztanleentzat.
Onorato zinegotziak, halaber, azken urteetan hiriburuan bikoiztu egin den alokairu laburren kopurua (30 egun baino gutxiago) murriztu nahiko luke, 2018an zeuden 17.000etatik gaur egun dauden 30.000 baino gehiagora igaro baita.
«Turistek sotoetan edo berrerabilitako garajeetan ostatu hartzeko arriskua dute, eta kalte handia egiten diote gure hiriaren irudiari», ohartarazi zuen.
Eskualdeentzako autonomia gehiago eskatu dio Onoratok Giorgia Meloniko Gobernu zentralari horrelako ostatuetarako lizentziak emateko orduan, eta, horrela, turismo masiboak eragindako lekuak zaindu ahal izateko. Izan ere, biztanle gutxi gelditzen dira eta bertako dendak ere desagerzten ari dira.
Hamaika arrazoi
«Gune historikoan dauden jatetxe edo patata frijituen denden kopurua mugatu dezakegu, baina ezin dugu eragotzi hotelak ez diren instalazioak irekitzea», esan du, haserre, zinegotziak.
«Frenoa jarri nahi dugu, bizpahiru urterako agian, ondare historiko eta artistikoa, merkataritzaren kalitatea eta bizitzeko eskubidea babesteko, baina eskuak lotuta ditugu», deitoratu du.