‘Ibilbideak natur inguruetan’, paisaia naturalez gozatzeko osasuna eta kirola uztartuz
Gasteizko Udaleko Kirol Zerbitzuak 55 urtetik gorakoei zuzendutako ‘Ibilbideak natur inguruetan’ programaren denboraldi berria antolatu du udazkenerako. Guztira, sei irteera eskainiko ditu asteartero eta ostegunero irailaren 24tik urriaren 10era bitarte.
‘Ibilbideak natur inguruetan’ programan parte hartu nahi dutenek irailaren 12tik aurrera eman dezakete izena. Irteera bakoitzean 100 toki egongo dira gehienez.
Irteerak Arabako natur parkeen inguruetara egingo dira, hala nola Valderejo edo Izkira, Ihuda ibaiaren haitzartera, Santa Teodosia ermita ingurura Erroitegitik, Gipuzuriko Santa Isabel ermitara Uribarri-Jauregin edo Santa Marina Marietara.
Ibilbideak zailtasun mailaren arabera definituta daude eta zirkularrak edo linealak dira, 7 eta 11 kilometro artekoak. Ostegunetako irteerak asteartetakoak baino errazagoak izango dira.
55 urtetik gora
«Ekimen honen helburua da 55 urte baino gehiagokoek gure inguruko paisaia naturalez gozatzen duten bitartean aktibo egoteko aukera izatea eta, aldi berean, gero beste ibilbide batzuk partekatu ahal izateko beste mendizale batzuk ezagutzeko aukera ematea», azaldu du Udalak.
Izen-emateak irteera bakoitzaren aurreko eguneko 13:00ak arte egin ahal izango dira gizarte etxeen sarean eta udal kirol instalazioetan. Udaleko kirol-instalazioetako harpidedunen kasuan, prezioa 2,55 eurokoa izango da; harpidedunak ez direnek, berriz, 4,05 euro ordaindu beharko dute.
Antolatzaileek aurreratu dute garraio zerbitzua eskainiko dela, eta geralekuak Iparralde eta Judimendi gizarte etxeetan eta Gasteiz hiribideko 18 zenbakian –epaitegien parean– izango direla. Irteera 08:30ean izango da, eta iritsiera ordua, beriz, 14:00etan. Ibilbideak udal webgunean kontsultatu eta deskargatu ahal izango dira.