Bidaiari

Bidaiarien sarrerak % 3,6 eta gaualdiak % 1,6 gehitu dira abuztuan EAEko hoteletan

Euskal Autonomia Erkidegoko hotel establezimenduek 426.038 bidaiari sarrera eta 911.049 gaualdi izan dituzte abuztuan, hau da, 2023ko hilabete berean baino %3,6 eta %1,6 gehiago, hurrunez hurren. Sarreren %53,4 eta gaualdien %50,4 atzerritarrek egin dituzte, %6,5 eta %5,5 gehiago.

Euskal Autonomia Erkidegoko hotel establezimenduek 426.038 bidaiari sarrera eta 911.049 gaualdi izan dituzte abuztuan.
Euskal Autonomia Erkidegoko hotel establezimenduek 426.038 bidaiari sarrera eta 911.049 gaualdi izan dituzte abuztuan. (Getty Images)

Eustat euskal estatistika erakundearen datuen arabera, Araban 63.344 sarrera eta 127.134 gaualdi erregistratu dira abuztuan, aurreko urtean baino %7,7 eta %7,4 gehiago, hurrenez hurren; Gipuzkoan, sarrerak %7,5 eta gaualdiak %4,3 gehitu dira, 173.914 sarrera eta 385.535 gaualdi izan ondoren, eta Bizkaian, berriz, %1,1 sarrera gutxiago (188.780) eta %2,5 gaualdi gutxiago (398.380) izan dira.

Hiriburuei dagokionez, sarreren kopurua %12,9 igo da Gasteizen eta %7,4 Donostian; Bilbon %1,8 gutxitu dira sarrerak. Era berean, aurreko urteko abuztuaren aldean, gaualdiak %11,0 igo dira Gasteizen eta %8,1 Donostian; Bilbon %3,3 jaitsi dira.

EAEko hotel establezimenduetako batez besteko egonaldia 2,14 egunekoa izan da abuztuan, aurreko urteko hil berean baino txikiagoa, orduan 2,18 egunekoa izan baitzen.

Okupazio maila %78,8koa izan da abuztuan EAEko hoteletan, plazen arabera neurtuta, eta %85,8koa, berriz, gelen arabera neurtuta; 2023ko abuztuarekin alderatuta, beherakada %1,5 eta %1,6 ehuneko puntukoa izan da, hurrenez hurren.

Eguneko batez besteko tarifa (logela biko eta bainugeladun ostatu hartzeari ezarria) 143,8 eurokoa izan da abuztuan EAEn, hau da, %5,8 handiagoa. Tarifa 177,0 euroan kokatu da Gipuzkoan, 127,0 euroan Bizkaian eta 97,5 euroan Araban, eta hiriburuka aldeak handiagoak izan dira, 212,9 eurora iritsi baita Donostian, 138,0 eurora Bilbon eta 88,2 eurora Gasteizen.

Hiriburuetako jaiak

Bestalde, abuztuan EAEko hiru hiriburuek jaiak edo aste nagusiak ospatzen dituzte. Horrela, Gasteizko hotel establezimenduetan 9.181 sarrera eta 20.317 gaualdi zenbatu dira Andre Maria Zuriaren jaietan, abuztuaren 4tik 9ra, iaz baino %0,7 eta %7,3 gehiago, hurrenez hurren. Gasteizko hotel establezimenduetako okupazio maila %78,0koa izan da aurtengo jaietan, plazen arabera neurtuta, eta %90,8koa logelen arabera neurtuta.

Donostiako Aste Nagusia abuztuaren 10etik 17ra bitartean ospatu da aurten, eta 27.258 sarrera eta 65.722 gaualdi erregistratu dira. Aurreko urteko Aste Nagusiaren aldean, sarrerak %1,5 eta gaualdiak %5,3 igo dira. Okupazio maila %88,5ekoa izan da plazen arabera neurtuta, eta %94,3koa logelen arabera neurtuta.

Azkenik, abuztuaren 17an eta 25ean Bilboko Aste Nagusia ospatu da, eta hiriko hotel establezimenduek 36.054 sarrera eta 75.907 gaualdi izan dira, %1,9 eta %2,4 gutxiago, hurrenez hurren. Plazakako betetze maila %81,9koa izan da, eta gelakakoa %88,6koa.