Txoriastea Ingurumeneko Zinema Zikloa, Gasteizen
‘As bestas’, ‘Kes’ eta ‘Aroak’ filmak eskainiko ditu irailaren 23tik 25era bitarte Txoriastea Ingurumeneko Zinema Zikloak Gasteizen. Zine-forum formatuan eskainiko dira eta pelikuletan jorratutako gaien inguruan hitz egingo dute zenbait adituk.
Gasteizko Udaleko Ingurumen Gaietarako Ikastegiak antolatuta, Txoriastea Ingurumeneko Zinema Zikloaren hamaikagarren edizioa izango da irailaren 23tik 25era bitarte Arabako hiriburuko Florida zinema aretoetan. Udazkenaren hasieran Hegaztien Nazioarteko Eguna ospatzen dela eta, ‘As bestas’, ‘Kes’ eta ‘Aroak’ filmak eskainiko ditu. Emanaldiak 19:30ean hasiko dira eta bakoitzerako sarrerak 3 euro balioko du.
Txoriastean zine-forum formatuan eskaintzen dituzte filmak. Gainera, proiekzio bakoitzari buruzko azalpenak eskainiko dituzte film bakoitzak lantzen dituzen gaietako adituek.
Zikloa irailaren 23an hasiko da, Rodrigo Sorogoyenek zuzendutako ‘As Bestas’ filmarekin. Ikusleen eta kritikaren aitortza jaso zituen eta benetako gertaeretan oinarrituta dagoen landatar kutsuko thriller boteretsua da.
Landa inguruneko egungo zenbait arazori buruzko hausnarketa egiten du filmak, hala nola landa eremura bizitzera joaten diren komunitate autoktonoen eta urbaniten arteko balio eta begiraden gatazkari buruzkoa, ekonomia eta lurralde krisiaren testuingurua oinarritzat hartuta. Jaime Ortiz de Urbina biologoak filmaren inguruko aurkezpen laburra egingo du, eta testuinguruan jarri.
Hegaztien protagonismoa
Asteartean, irailaren 24an, Ken Loch zuzendariaren ‘Kes’ izango da ikusgai. Barry Hines idazlearen ‘A Kestrel for a Knave’ eta hezkuntza eta gizarte gaiak jorratzen dituen klasikoa da. Yorkshire konderrian (Ingalaterra) filmatu zuten eta hegaztiek protagonismo handia dute. Solasaldian Udane Sanchez Rey izango da, Huella Amiga elkartearen sortzailea. Haur askoren kasuan animaliekin egindako terapiak (hegaztiak barne) ekar ditzakeen onurak azalduko ditu.
Txoriastea irailaren 25ean bukatuko da ‘Aroak’ dokumentalarekin. Euskal Herrian filmatuta dago eta urtaroak, bizitza zikloa eta gizakiak natura ingurunearekin duen lotura jorratzen dituen olerki bisuala da. Lanak Euskal Herriko lurra eta kultura lantzen ditu, eta landatar munduko antzinako bizimoduak eta bizimodu modernoagoak ere ikus daitezke. Hizlaria dokumentalaren zuzendaria izango da, Alberto Fernandez Vegas, eta dokumental bat ekoizteko prozesuaren eta lanaren gakoak azalduko ditu.