‘Oinez dabiltzan Hiriak’ saria jaso du Gasteizek
‘Oinez dabiltzan Hiriak’ saria jaso du Gasteizek. Epaimahaiak oso balorazio positiboa egin du hiriak mugikortasun aktiboaren eta espazio publikoaz gozatzearen alde egindako apustuaren inguruan.
Gasteizek oinezkoen aldeko politiketan eta ibilbidean beste aitortza bat jaso du, ‘Oinez dabiltzan Hiriak’ saria jaso baitu 100.000 biztanle baino gehiagoko hirien kategorian. Irisgarritasun unibertsala, bide segurtasuna eta hiri ingurumena hobetzearen aldeko apustua egiten duten estatuko 83 udalerrik eta hiru diputaziok osatzen duten Oinez dabiltzan Hirien Sareak urtero ematen ditu sariak.
Gasteiz 2013tik da Oinez dabiltzan Hirien Sareko kide, eta urte horretan bertan jaso zuen lehen aldiz saria. Oraingoan, oinezkoentzako espazioak berreskuratzea eta azpiegitura berdea sendotzea helburu izan duten hiri mailako esku hartzeak aurkeztu ditu. Denera, sei proiektu izan dira, ia denak Memorialaren inguruari lotutakoak: Aldabe plazatxoa, Etxauri plaza, San Frantzisko Aldapa, Memorialaren plaza, Errege Atea eta Kanpokale Berria.
Epaimahaiak oso balorazio positiboa egin du hiriak mugikortasun aktiboaren eta espazio publikoaz gozatzearen alde egindako apustuaren inguruan eta, gainera, auzokideak partaide izan dituen eta horiek sustatutako jarduerak izatea azpimarratu du.
«Saria hiri osoarentzat da»
Saria jasotzeko ekitaldian, gasteizko ordezkariek hiri osoaren izenean eskertu nahi izan dute mugikortasun arloan hiriak izandako ibilbidea aitortu eta balioa eman izana. «Saria hiri osoarentzat da, bertako auzokide guzti-guztientzat, haien konpromisoak ekarri gaituelako honaino, beti hurrengo belaunaldiei etorkizun hobea uzteko konpromisoa erakutsi duten erakundeek bultzatuta. Sari hau hamar urte eskasetan jaso dugun bigarrena da eta lana eta akordio soziala oinarri dituen bide honetan aurrera jarraitzeko pizgarria eta bultzada da», esan du.
Gasteizko alkateordeak lehiaketara aurkeztutako sei esku hartzeak azaldu ditu epaimahaiaren aurrean. Lanotan 11 milioi eurotik gorako inbertsioa egin da eta, horiei esker, oinezkoentzat 23.000 metro koadroko espazio berria gehitu da, errepideko zirkulazioaren zati handi bat aterata.