Burdinbidearen Museoak 30. urteurrena ospatuko du lurrunezko tren bereziekin
Burdinbidearen Euskal Museoak 30. urteurrena betetzen duela eta, zenbait jarduera antolatu ditu urriaren 5erako. Lurrunezko trenen zirkulazio bereziak eskaintzeaz gain, Azpeitiko instalazioetan gordetzen duen ondarea ezagutaraziko du.
Euskotrenek jakinarazi duenez, museoa eta Lasaoko geltokia lotzen dituen trenbidearen 4,5 kilometroak egiten dituen trenaren irteera bereziak egongo dira urriaren 5ean, eta prest jarri diren Zugastieta, Aurrera eta Euzkadi lurrunezko tren makinak eta diesel trakzioko Alsthom 1004 makina izango dira zirkulazio buru.
Bidaia berezi horiez gain, Espinal tren makina elektrikoa ere jarriko da martxan –museoko tren makinarik zaharrena–, baita lurrun garabia ere, eta hainbat erakustaldi egingo dira tailer mekanikoan eta tranbietan.
Jardunaldia 10:30ean hasiko da, museoaren irekierarekin, eta goizean 14:00ak arte luzatuko da; arratsaldez, ordutegia 16:00etatik 19:30era izango da. Sarreraren eta treneko bidaiaren prezioa ohikoa izango da (6 euro).
Guztira, lau zirkulazio berezi aurreikusi dira, honako ordutegi honekin: 11:00etan, Alsthom 1004; 12:00etan, Aurrera; 13:00etan, Euzkadi; 17:00etan, Zugastieta eta 18:00etan, Aurrera. Igandean, urriaren 6an, lurrunezko trenaren ohiko irteera izango da, 12:00etan.
Hobekuntza nabarmena
Burdinbidearen Euskal Museoak Europako tren bildumarik onenetakoa erakusten du, mota guztietako ibilgailuekin (lurrunezko tren makinak, dieselak eta elektrikoak, automotoreak eta bagoi mota desberdinak). 1994ko urriaren 4an inauguratu zenetik, museoak hobekuntza nabarmena izan du arlo guztietan.
Ibilgailu historikoen kasuan, bilduma 45 unitatetik 87ra pasatu da. Lurrunezko zazpi tren makinak nabarmentzen dira, eta, horien artean, 1887an Newcastlen Orconerako meatze trenarentzat eraikitako Espinal tren makina munduko zaharrena da. Oraindik ere martxan dago Robert Stephenson lurrunezko trenaren asmatzaileak egindakoen artean. Garrantzi historikoagatik, berriz, Euzkadi lurrunezko trena ere azpimarratu behar da, antzinako euskal trenbideetako enblematikoena.
30 urteko historian, Burdinbidearen Euskal Museoko bildumak aberastuz joan dira elementu, pieza eta balio multzo berriekin; adibidez, trenbide uniformeen bildumak 1863 eta gaur egun arteko trenbide modaren bilakaeraren ikuspegi zabala eskaintzen du, 200 jantzi baino gehiago erakutsi baititu.
Halaber, munduko erlojugintzako bildumarik onenetakoa eta Federico Zappino tren jostailu zaharren bilduma aparta daude, 1930eko, 1940ko eta 1950eko hamarkadetan egindako piezekin. Museoaren funtsak ere hazi egin dira eta artxibo historikoa handituz joan da trenbidearen historiari buruzko dokumentu eta argazki interesgarriekin. Dokumentu horietako asko digitalizatu egin dira, errazago eskuratzeko eta kontsultatzeko.