Tolosa Goxua, gozozaleen topaleku gustagarria
Tolosa Goxua urriaren 26an ospatuko da Tolosan, antolatzaileen esanetan, munduko festarik gozoena dena. Urtero bezala, hamaika ekitaldiz osatutako egitaraua prestatu dute, besteak beste, sagar tarta lehiaketa eta haurrentzako gozogintza tailerrak. Tolosako Trianguloa izango du agertoki nagusi.
Goizean zehar, 09:00etatik 14:00etara bitarte, postuak izango dira Triangulo enparatzan, non erosi ahalko diren erroskilak, pastelak, txokolateak nahiz bertako bonba eta xaxu ezagunak, besteak beste.
Tolosa gozozale eta gozogileentzako erreferente da, bertako gozogile artisauek urte askotan egindako lan onari esker. Herrian, Euskal Herriko 5 gozo-dendarik onenak topa daitezke: Rafa Gorrotxategi, Eceiza, Gorosti, Gozona eta Saizar.
Etxeko txikienen artean gozogintzarako grina sustatzea da Tolosa Goxuaren helburuetako bat. Eta, hain zuzen ere, hori lortzeko antolatu izan dira azken urteotan haurrentzako tailerrak.
Sagar tarta lehiaketa
Tolosa Goxuan tradizio bilakatu den beste jardueretako bat da postre lehiaketa; aurten, sagar tarta lehiaketa izango da berriro. Parte hartu nahi dutenek euren tartak 09:30etik 10:30era bitartean utzi beharko dituzte Trianguloan, erabili eta botatzeko erretilu edo ontzi batean. Momentuan bertan egingo da izenematea eta erabilitako errezeta aurkeztu beharko da. Parte hartzaileek, gutxienez, 18 urte izan behar dituzte.
Ondoren, epaimahaiak tartak dastatuko ditu eta ebazpena 12:00etan ezagutaraziko da, sari banaketan zehar.
Egitaraua
Trianguloa plazan:
09:00-14:00: Azoka berezia
10:00-12:00: Haurrekin bizkotxoz eginiko T erraldoia apaindu.
12:00-12:30: Bizkotxoa banatu
12:30 - Tolosa kantari
San Frantzisko pasealekuan
Sagar tarta lehiaketa:
10:00-11:00: Tartak lehiaketara aurkezteko denbora.
11:00-11:30: Epaimahaiak tartak dastatzeko denbora
11:45-12:00: Sari banaketa