Itxina, formazio karstikoaren adibide garbia
Orozkoko udalerrian kokatuta dagoen mendigune karstikoa da Itxina. Gorbeiako natura parkearen barruan, pagoz josita, hainbat leize, zulo eta ur jauzi aurkitu daitezke 5 kilometro koadrotan. Ezagunak dira Supelegor leizeak eta Atxulaur ate naturala. 1995ean Babestutako Biotopo izendatu zuten.
Gasteizko Turismo sailak Gorbeiako parke naturealean dagoen Itxina ezagutzera gonbidatzen du, «formazio karstikoaren adibide garbia» dela azpimarratuz. Eta zehazten du: «Euskal Herriko mendien orografia eta paisaian ohikoa da fenomeno geologiko hori. Kareharriak kaltzio karbonato asko dauka eta, ondorioz, urak zulatu egin du milaka urtetan. Haitzok, gogorrak izan arren, oso disolbagarriak dira eta denbora tarte luzean egon dira uraren eraginpean; izan ere, euriak kareharria higatu du eta, pixkanaka-pixkanaka, geroz eta pitzadura sakonagoak egin ditu».
Turismoko webguneak zehazten duenez, «aurreko higadurek utzitako bideetan barrena irristatzen da jausitako ura, gainazala guztiz pitzatuta eta lur azpia erabat zulatuta utzi arte. Horren ondorioz, haitzulo asko sortu dira, baina horietatik ez da jada urik igarotzen, substratu sakonagoetan barrena egiten baitu bidea».
Itxina haitzez betetako goi lautada baten antzekoa da eta erdigune ahurra babesten duten mendi tontorrez inguratuta dago. Lekanda (1.302 m), ekialdean, da mendirik garaiena. Hegoaldean, berriz, Altipitatz eta Arteta daude eta iparraldean, Aizkorrigane. Horren magalean, kanpoaldean, gain zorrotzen multzo estu bat dago, Atxak (haitza hitzetik datorkie izena).
Atxular Begian barrena
Biotopoan sartzeko biderik errazena Atxular Begian barrena doana da. Karstaren ipar-ekialdean dago. Betidanik erabili izan dute sarbide hori artzainek (Itxinan bordak eta kortak dituzte) eta egurgileek. Hala ere, komenigarria da ingurua ongi ezagutzen duen norbaitekin joatea, bidea ez dagoelako zehaztuta eta paisaian ez dagoelako orientatzen lagunduko duen ezaugarririk; gainera, lainoa dagoenean, are okerragoa izaten da.
Goragune pitzatu eta zartatuek inguratutako simen labirinto handia da mendigunearen barnealdea. Udazkenean, paisaia zoragarria osatzen dute kolore gorrizka duten pagoek.
Haitzuloen artean, azpimarratzekoa da Supelegor (Gorbeiako mendigunean urak zulatutako 500 barrunbeetako bat), euskal mitologiako pertsonaien bizilekua. Mariren bizilekuetako bat izan omen da Itxina. Horrez gain, aipatzekoa da Itxinan bertan zortzi saguzahar espezie baino gehiago bizi direla.