Tabernaz taberna, gastronomiak eta euskarak bat eginez Bermeoko Arrain Azokan
Bermeok urtero antolatzen duen Arrain Azoka berezia izango da aurten, gastronomiak eta euskarak bat egingo baitute, tabernaz taberna, bereziki antolatutako pintxo txapelketaren bidez.

Arrain Azoka Elkarteak Bermeoko gastronomia eta euskara uztartuko dituzten tabernen arteko eta lagunarteko pintxo txapelketak antolatu ditu. Horrela, herritarrek zein profesionalek izango dute lehiaketetan parte hartzeko aukera, eta batean zein bestean, «arrainaren zapore paregabea eta euskararen indarra izango dira protagonistak», Bermeoko Udalak adierazi dutenez.
Guztira, 11 tabernak eman dute izena tabernen arteko pintxo txapelketan parte hartzeko: Batun Batun, Talako kantina, Kai Alde, Joshe Mari, Bermeoko Kafe Antzokia, Toki Alai, Andeko, Artza, Akelarre, Eguzki eta Beti Ondo.
Parte hartzaileek apirilaren 11ko 18:00etan aurkeztu beharko dute udal azokan lehian jarriko duten pintxoa. Edonola ere, erronka apirilaren 12tik 27ra izango dute, herritarrek pintxoak dastatu eta euren botoa eman ahal izango baitute egunero 12:00etatik 14:00etara.
Herritarrek pintxoak probatu eta beren botoa eman ahal izango dute pintxo irabazlea aukeratzen laguntzek, QR kode bitartez edo estekan.
Herritarren bozak eta epaimahai profesionalaren ebaluazioa uztartuko dira pintxo finalistak aukeratzeko orduan, eta finalera igaroko direnak apirilaren 29an iragarriko dira.
Lagunartekoa ere bai
Horrez gain, zaleei aukera emateko asmoz, lagunarteko pintxo txapelketa ere antolatu da aurten. Parte hartzeko baldintzak dira 18 urtetik gorakoa izatea eta sukaldari profesionala ez izatea. Bakarka edo taldeka eman daiteke izena apirilaren 22a arte, Turismo Bulegoan (turismoa@bermeo.eus eta 94 617 91 54).
Txapelketako lehenengo proba apirilaren 24an izango da, udal azokan, 18:00etan; parte hartzaileek gasezko su txikiak izango dituzte bertan eskuragarri pintxoak prestatzeko. Osagai nagusia arraina izango da, edozein modalitatetan. Epaimahai profesional batek pintxo guztiak dastatu eta maiatzaren 16ko finalera igaroko diren hiru onenak hautatuko ditu.
Tabernen arteko zein lagunarteko txapelketan finalak XXXI. Arrain Azokaren baitan izango dira, maiatzaren 16an, 18:00etan, eta bertan erabakiko dira zeintzuk diren bi txapelketetako pintxorik onenak.
Gainera, Arrain Azokak Euskaraldiarekin bat egingo du aurten, eta egitarau osoa euskaraz izatea da helburua. Horregatik, pintxoen aurkezpenak ere euskaraz egin beharko dira; halere, horretarako gaitasunik ez dutenek itzulpen zerbitzua izango dute eskuragarri, aurkezpena bideratzeko.
«Beraz, giro paregabean, euskaraz eta gastronomiaz gozatzeko aukera ezin hobea dugu aurretik. Herritar guztiei dei egiten diegu parte hartzera, pintxoak dastatzera, bozkatzera eta sukaldean trebetasunak erakustera», adierazi dute antolatzaileek.