Nekaturreko landa ostatuek %80ko okupazioa aurreikusi dute ostegunetik larunbatera
Nekatur Euskadiko landa ostatuen elkarteko kide diren establezimenduek %80ko okupazioa aurreikusi dute Aste Santuko ostegun, ostiral eta larunbaterako, azken orduko erreserbak kontutan izan gabe. Igande gaua ere kontuan hartuz gero, okupazioa %73koa litzateke.

Nekaturreko iturriek jakinarazi dutenez, lurraldeka, Araban espero dira gaualdi gehien, %86ko okupazioarekin, iazko Aste Santuan baino ia %11 gehiago. Eskualdeka, Aiaraldean, Gasteizen eta Arabako Bailaretan %95etik gorakoa da okupazioa, eta Arabako Lautadan eta Mendialdean %85 ingurukoa.
Bizkaiko landa ostatuen okupazio maila %68ekoa izango da. Urdaibain aurreikusi da okupazio gehien, %78koarekin, eta ondoren datoz Durangaldea eta Lea Artibai, %70etik gorakoarekin.
Gipuzkoari dagokionez, okupazioa %71ekoa izango dela aurreikusi da, aurreko urtean baino %6 gutxiago. Oarsoaldea (%90), Debabarrena (%82) eta Tolosaldea (%78) dira gainerako eskualdeak baino okupazio handiagoa dutenak.
Okupaziok handieneko gauari dagokionez, ostiralekoa da, apirilaren 18koa, erkidego osoan %84 ingurukoa espero baita (%94koa Araban, %77koa Bizkaian eta %83koa Gipuzkoan).
Arabako Lautada
Bestalde, Pazko Asteari dagokionez, eta azken orduko erreserben zain, okupazio maila %30koa da EAE osoan, Nekaturren datuen arabera. Arabako Lautadako okupazioa nabarmentzen da, %77koa baita.
Bisitarien jatorriari erreparatuta, EAEko bertako barne merkatuaz gain, Kataluniakoak, Madrilgo Erkidegokoak eta Valentziako Erkidegokoak dira Nekaturreko landa ostatuetan erreserba gehien egiten dituztenak. Beste herrialde batzuei dagokienez, Frantzia da urtez urte lehen postuetan dagoena merkatu igorleen barruan, Aste Santuan presentzia handirik ez izan arren.
Azkenik, Euskadi bisitatzen duten pertsonen tipologia kontuan hartuta, erreserba gehienak bikotekideenak eta 3-5 pertsonako familia edo taldeenak dira, eta ondoren 6-14 pertsonako taldeenak.