Ane IPARRAGIRRE | Getty eta Oswaldo RIVAS/AFP
«VOLCANO BOARDING» ADRENALINA ALDAPAN BEHERA

«Volcano boarding» adrenalina aldapan behera

Gero eta turista gehiago igotzen dira Cerro Negro sumendiaren gailurrera, helburu bakar batekin: Nikaraguako mendigune ikusgarriaren magalean behera ziztu bizian irristatzea, ohol baten gainean. «Volcano boarding» esaten diote. Adrenalina hutsa omen da.

Inguruko beste sumendi batzuekin alderatuta, Cerro Negro, 728 metrorekin, tontor txikia da. Ez du fumarolarik isurtzen, eta orain arte izan dituen 23 erupzioek errautsezko eta hondarrezko geruza ilunez estali dute gainazala, azken urteotan volcano boarding-a gustuko dutenen elkargune bihurtu dena. Tontorreraino igo eta mendi-hegaletik abiadura handian irristatzen dira ohol baten gainean.

1992ko erupzioak, orain arteko bortitzenetakoa, sumenditik gertuen dagoen herrixka, Lechecuagos, errautsez eta hondarrez estali zuen. Azken astindu handia 1999koa izan zen; beraz, bertakoen kalkuluen arabera, «berriro tokatzen zaio laster». Hala ere, uxatu beharrean, mehatxuak bereziki erakartzen ditu turistak.

«Jakin badakizu sumendi aktibo batean zaudela, baina, hala ere, gailurrean ibil zaitezke. Oso egoera kuriosoa da. Irristatzea azkarra da. Oso arriskutsua da, bai, baina adrenalina asko sortzen du». 27 urteko Anna Müller turista alemanaren hitzak dira. Prest dago bere burua berriz ere maldan behera botatzeko.

Jaitsiera benetan azkarra da. Aldapan lerro zuzena marrazten du, atzean hautsezko ubera utziz. Bera bezala, Alemaniako, Herbehereetako eta Ameriketako Estatu Batuetako turistak sumendira igotzen dira 40 segundoz adrenalinaz gozatzeko. Hori da, gutxi gorabehera, jaitsierak irauten duena. «Azken eguna balitz bezala bizi behar da bizitza», gehitu du Carina Mora 29 urteko surflari portugaldarrak.

Turismoa berreskuratzea helburu

Cerro Negro, Maribios mendikatean, Sumendien Ibilbidearen parte da, turismo agintariek sortua eta Ozeano Bareko eskualdean aktibo dauden koloso batzuk biltzen dituena. Inurriak bezala, bisitariek kolore desberdinetako taula angeluzuzenak eramaten dituzte, denak ilara bakarrean. Bihurka igotzen den bide batetik doaz, poliki-poliki, chele azal zuri eta ile argiko atzerritarren itzulera txalotzen duten herritarrek gidatuta. Emandako pauso bakoitzak errautsa altxatzen du. Atzerriko turisten presentzia diru-sarrera iturri handia da herriko familientzat. Ondorioz, pandemiaren ondorioak latzak izan dira. Anna Müllerrek ere aitortzen du zaila izan dela pandemian berriro bidaiatzea, batez ere Alemanian ezarritako murrizketengatik. «Hemen [Nikaraguan] dena irekiago dago», azaldu du.

Ilargian

2006an sortu omen zen sandboarding-a sumendietan; gaur egun, Leonen, dozena bat bidaia agentzia daude, gutxienez. Egunero 40 bezero ditu enpresa bakoitzak. «Asko kostatu zen mugimendua berriro itzultzea. Munduan dagoen leku bakarra da, nire ustez, sumendi aktibo batean boarding-a egin daitekeena, eta horrek esperientziari plus bat gehitzen dio», adierazi du Lesther Centeno negozioan aitzindari den Bigfoot enpresako gidariak.

Pakete turistikoek zenbait zerbitzu eskaintzen dituzte: muinorako garraioa, babes-jantziak, taulak, irristatze segurua lortzeko jarraibideak... «Onena sentitzen duzuna da: lurrarekin harreman estuan jartzea lortzen duzu, haren beroa sentitzen baituzu. Igoeran esfortzu handia egin behar da, jakina, baina gora iristen zarenean eta gero jaitsi... berriro igo nahi duzu!», azaldu du Mora surflariak.

Metro batzuk harago, aurpegia harea beltzez zipriztindua duen Cotte Guy frantziarrak bizitako esperientzia «bikaina» kontatzen ari da, babes-jantzia kentzen duen bitartean. Guy txantxetan ari da eta ilargian dagoen astronauta batekin alderatu du bere burua. Egia esan, inguratzen duen paisaia hareatsua da, harkaitz eta zuloz betea.

Hiru urte eman dituzte ia turistarik gabe abenduan atzerritarrak itzultzen hasi ziren arte. «Benetako kaosa izan da», dio parke bolkanikoa zaintzen duen zentro komunitario bateko kide Matilde Antonio Hernandezek. Sumendiaren magalean kokatutako dozena bat komunitate inguruk harremana dute, zuzenean edo zeharka, turismoarekin. Horretxegatik pozten dira bertakoak egoera aldatuz doalako. Horietako bat da Enrique Gonzalez. Denetarik egiten du: turistei oholak eraman, fruta banatu, sandboarding taulak egin, saldu edo alokatu... Horretxegatik dago pozik orain.