Donostia, moda-eszena: bidaian XX. mende hasierara
Ekainak 21-Urriak 5
“Donostia, moda-eszena” erakusketa urriaren 15era arte ikusgai dago Donostiako Kubo Kutxa aretoan. Fototekaren 50. urteurrenaren harira antolatutako argazki bildumak honako helburua du: XX. mendearen lehen hereneko bizimodu eta moda donostiarra ezagutaraztea. Guztira, ehundik gora argazki dira. Komisario lanak Miren Arzalluzek egin ditu.
1915etik 1935era bitarteko bidaia proposatzen du erakusketak, justu 1936ko gerra lehertu aurretik. Irudien bidez ikus daiteke moda ezinbesteko faktorea izan zela Donostia nazioarteko gune bilaka zedin, aisiari eta sozializazioari dagokionez. Garai hartan euskal kostaldea turismo lurralde gisa finkatu zen.
Donostiak eta Biarritzek modaren geografia berria osatu zuten. Gortesauek, aristokratek, politikariek, industrialariek, intelektualek eta artistek bat egin zuten hirian. Kaleak, hiribideak, parkeak, lorategiak, paseoak, kasinoak, hotelak, antzokiak eta kafetegiak modaren pasarela handi bihurtu ziren. Ikustea eta ikusia izatea zen gakoa. «Donostiako esperientziaren funtsezko alderdi bat zen eszena horietan jendea ikustea eta ikusia izatea, bai harreman sozialei zegokienez, bai eta moda-performance indibidual eta kolektiboen harira ere». Antolatzaileek erakusketaren aurkezpen ekitaldian egindako adierazpenak dira. (Jon URBE/ FOKU)