Testua: Urtzi URRUTIKOETXEA Argazkiak: U. URRUTIKOETXEA / Getty Images

Ontario, aintziraren ertzeetan

AEBetako eta Kanadako mugaldean dago Ontario aintzira, bi herrialdeen artean, lakuaren izen bereko probintzia alde batean eta New York estatua bestean. Bere ertzean, naturak eta gizakiak eratutako eskualde berezia dago; Niagarako ur jauzi txundigarrietatik hasi eta, Toronto hiri multikulturalean barna, mila aintziren eremurainoko bidaia honetan, udazkeneko kolore-leherketaz gozatu dugu.

Aintzira, udazkeneko koloreekin.
Aintzira, udazkeneko koloreekin.

Aintzira handiak Ipar Ameriketako eskualde berezia dira, Estatu Batuen eta Kanadaren artean; mundu osoko ur gezarik gehien biltzen dute. Bost laku handiak elkarrekin lotuta daude, aintzira txikiagoak, ibaiak, uharteak, arroilak izaten dira lotune; gero, San Lorentzo ibaia abiatzen da Ontario aintziratik Quebecera eta itsasora bidean. Mendeetan, kontinentearen lurralde erraldoi honetako garraiobide garrantzitsuenetakoa izan dira laku eta ibaiok.

Gertatzen da, baina, aintzira guztiak ez daudela maila berean; hala, Erie lakutik Ontarioraino doan Niagara ibaiak bi aintziren artean higadurak sortutako aldeak lotu behar ditu. Hala, 50 metro baino gehiagoko jauzia dauka urak; horietako handiena Horseshoe Falls-en da, AEBen eta Kanadaren arteko muga-mugan.

Gu ere Estatu Batuetatik iritsi gara, Pennsylvania eta New York estatuetako mendebaldeko basoak igarota. Iraila aurrera doalarik, gorritzen hasten dira irokiar konfederazio indigenako herriak bizi izan ziren -eta oraindik bizi diren- eskualde hauek, edozein bazterretan sekulako efektu kromatikoak sortuz. Eta efektu horiekin guztiekin liluratuta gaudela, Niagarako ur jauzien orroak munduko txokorik berezienetakora iritsi garela ohartarazten digute. Izenak berak irokiar jatorria du, mohawkeraz, kasu, ohnyá:kara hitzak lur estu edo arroila esan nahi du.

Niagarak txundituta

Goat Islandetik bi ur jauzi handienak daude eskueran: Horseshoe Falls beraren gain-gainean zaude, eta, parkearen beste aldera joanda, Bridal Veil Falls-etik erortzen da ura. Erraz ulertzen da “ezkonberriaren beloa” izena hartzea ur jauzi luze bezain estuak. Beste aldean Luna Island dago, Niagarako hirugarren ur jauziarekin: American Falls. Gero, ibaia berriz ere estutu egiten da, Ontario aintzirarainoko azken zatia egiteko. Tarte horretan dago bi herrialdeen arteko muga, urrunean mugakide den ur jauzi handia ageri dela, eta AEBen lurraldean diren beste bi jauzi txikiagoak pare-parean daudela.

Alde bietako zein aholkatu, ur jauziak ikusteko? Biak, aukeran, mugaren bi aldeetara joateko agiriak izanez gero. Estatu Batuetan bertatik bertara daukazu emaria, minutuko 168 mila metro kubiko daramatzala. Kanadara igarota, berriz, antzokian bazeunde legez, aurrez aurre daukazu ur jauzien handitasuna. Alde bakarra izatera, beraz, Kanadatik ageri dira Niagarako ur jauziak handien; horregatik ere, biak egiteko aukera izanez gero, lehendabizi AEBetako aldea ikustea komeni da. Edozein aukera izanda ere, txundigarria da ikuskizuna. Bertan egonda, turistentzat dozenaka aukera daude, baina badira bi gauza nabarmentzeko: ur jauzietaraino doan Maid of the Mist edo Hornblower Cruises ontzietako bateko txangoa hartzea -pontxoa ondo jantzita, mela-mela amaituko dugu osterantzean- eta gau bat ematea Kanadako Niagara Falls herrian (AEBetako aldekoak ere izen bera du). Hala, munduko ur jauzirik ezagun eta ikusgarrienetako baten argiztapenaz eta su artifizialen ikuskizunaz gozatuko dugu.

Ur jauziak utzi eta ordu eta autoz erdi ingurura -autobusez edo trenez ere egin liteke bidea-, Toronto dago Ontario aintziraren ertzean. Kanadako hiri handiena eta kosmopolitena da askoren iritzian, eta New York, Chicago edo gisako hirietan ohi denez, egun batetik bizi oso bat bertan emateko aukerak ditu.

Magia urbanoa

Autobidea Ontario aintziraren ertz-ertzetik ez joan arren, tarteren batean salbu, urrundik ageri da Torontoko ikur ezagunena: CN Tower telebista dorrearen ingerada luzea ekialde zein mendebaldetik iritsi ahala nabari da.

Fort York gune historiko nazionalean egin dugu lehen geldialdia hirian, 1812an AEBen eta britainiarren mende zen Kanadaren arteko gerrako lekurik garrantzitsuenetakoa izan zen. Egun, etxeorratzen inguruan berebiziko kontrastea da gune historikoa. CN Tower ez dago urrun; udazkeneko arrats eguzkitsu baina hotzak egin digu ongi etorria, Scotiabank Arena hockey zelaira doazen milaka zaleen berotasunarekin batera. Toronto Raptors NBAko taldeak ere bertan jokatzen du; Toronto Blue Jays beisbol taldearen Rogers Center zelaia, berriz, dorrearen ondo-ondoan dago.

Inguru guztiaren ikuspegi onenetakoa Toronto Island eta inguruko uharteetatik dago. Egiaz, udan bereziki, egun pasarako aukera mordoa daukan eremua da, bizikleta bideak, jolas parkea, picnic-eko txokoak eta hainbat hondartza, horietako bat nudista.

Hirian barrurantz eginda, berriz, Toronto “zaharra” edo Downtown-a daukagu, udaletxetik finantza barrutiko etxeorratzen artean galtzeko. Gautu aurretik Kensington eta Chinatown aldeko azokak, tabernak eta jatetxeak bisitatu nahi ditugu, eta, behin bertaratuta, ezin Graffity Alleyko horma irudietako arte lanak ikusi gabe alde egin. Udazkeneko txokoen bidaian, luzeago gelditzera gonbidatzen zaituen hiria da beti Toronto.

Mila irla galtzeko

Ontario aintziraren ertzak beste 260 kilometro ditu Kingston hiriraino. Lakua San Lorentzo ibaia bihurtzen da, baina ikuspegia oso desberdina da Niagara dakarren arroila estutik: zabal eta handi, ehunka uharte eta irla txiki biltzen ditu hurrengo 80 kilometroetan, eta “Mila uharte” izena hartzen du alderdiak (1000 Islands edo Mille-Îsles); zehazki, 1.864 dira irlak, eta Unescok Biosferaren Mundu Ondare izendatu du Kanadako Ontario probintziaren eta AEBetako New York estatuaren arteko lurraldea.

Gananoque da eskualdea bisitatzeko herririk ezagunena, Rockportetik ere antolatzen dituzte uhartez uharte doazen ontzien txangoak. Eguneko tour-a egitea da ohikoena, baina ia uharteak beste aukera daude bizikleta bideetan zein oinezko bidezidorretan ibiltzeko. Uharte gehienetan basoa da nagusi, beste batzuetan kondairak, mugaldeko historiaren gertaerak (1812ko gerrakoak, kasu), eta etxalde dotorez betetako nekazari herrixkak ezagutzeko aukera dago.

Txangoetan pasaportea eramatea komeni da, osterantzean, baliteke uharteren batean ontzitik ezin jaistea; gehienetan Heart Island-eko Boldt gaztelua edo Dark Islanden Singer josteko makinen enpresariaren gaztelua bisitatu ohi dira. Howe irlan, berriz, ederto jan ohi den herrixka atseginak daude, eta Landsownen nekazari azoka egiten dute maiatzetik urrira bitartean.

Negua amaitutakoan bizi berria hartzen du eskualdeak, baina, berriz ere negua iritsi aurretik, udazkenean izaten dira bereziki ikusgarriak bazterrotako irudiak. Horretarako ikuspegi paregabea dago Hill Island-eko Observation Skydesk dorrean, ia mugan bertan, Mila Uharteetako zubiaren aldamenean. Behaketa dorrean gora igota, basoaren, ibaiaren edo ehunka uharteen irudia daukagu. Udazkenean, kolore gorriz, horiz eta tarteko tonuez jantzita luzatzen da ikuspegia edonora begiratuta, uretan norbaitek irlatxoak jarri balitu legez.

Behera itzulirik, Kanadatik irten eta New Yorkera jarraitzeko aukera dago, baita herrialdean bertan Ontario probintziaren amaieraraino joan eta Quebecerantz jarraitzeko ere; Montrel hiru ordutara daukagu, eta Ottawa Kanadako hiriburua bi ordutara baino ez.