Eli Txapartegi

Nawalgarh, havelien hiria

Havelien hiria. Horrela ezagutzen da Nawalgarh, Rajasthaneko Shekhawati eskualdeko hiri jendetsuenetako bat. Bisitatzen dutenek aire zabaleko arte galeriatzat hartzen dute, haren txokoetan ibiltzea museo batetik paseatzea bezalakoa baita. Merkatari aberatsek XVIII. eta XIX. mendeetan (eskualdea Zetaren Ibilbide ezagunaren igarobide garrantzitsua zenean) eraikitako gotorleku, tenplu eta haveliz beteta dago hiria.

The Podar school haveli. (Frédéric Soltan | Getty Images)
The Podar school haveli. (Frédéric Soltan | Getty Images)

Haveli batzuk zaharberrituz, luxuzko hotel edo museo bihurtu dira; gehienak, ordea, abandonatuta eta hondatuta daude, baina, hala ere, hiriko bazterrak zipriztintzen dituzten fresko eta mural ikusgarriek ikuskizun artistiko liluragarria eskaintzen dute. Horregatik, batez ere arte zaleentzat, Nawalgarh altxor ezkutu bilakatu da, havelien artean paseatzen baitute, presarik gabe, urratsez urrats, horma bakoitzak eskaintzen diena sorpresaz miretsiz. Krishna eta Radharen omenezko irudiak omen dira gehienak.

Begi bistakoa da, ordea, merkatari dirudunek boterea erakusteko eraiki zituzten etxe ikusgarrietako horma irudiak artisau apartek egin zituztela. Haiei esker, paretek ondare historiko eta kultural baliotsua gordetzen dute, zoritxarrez, denborarekin higatzen ari dena.

Kamal Morarka Haveli museoa. (Raj Avhad | Getty Images)
Bhagton-ki-Haveli. (Frédéric Soltan | Getty Images)
SHEKHAWATI ESKUALDEKOAK

Gainera, Shekhawati eskualdeko havelien freskoak bereziak dira, Rajasthango gainerakoen aldean erabat desberdinak; izan ere, eguneroko une tradizionalez gain, bidaietan aurkitu omen zituzten asmakizunei eta ideiei buruzko eszenak irudikatzen dituzte: telefonoa, lurrun trena, bizikleta...

Haveliek bereziki erakarrita hirira hurbiltzen dena konturatuko da, gainera, kaleetako erritmoak ez duela zerikusirik Indiako gainerako hirietakoekin

Haveliek bereziki erakarrita hirira hurbiltzen dena konturatuko da, gainera, kaleetako erritmoak ez duela zerikusirik Indiako gainerako hirietakoekin. Lasaiagoa da, ez besteak bezain estresagarria... Beraz, kalez kale ibiltzera gonbidatzen du.

Prestatutako ibilbideak egon badaude, baina bisitariak agian gehiago gozatuko du bere intuizioari kasu egiten badio eta kontzienteki galtzen baldin bada, bere lehentasun artistikoei jarraituz. Hala ere, badira edozein ibilbidetan nahitaez sartu beharko liratekeen geldialdiak.

Emakume bat Havel zahar batean. (Frédéric Soltan | Getty Images)

Haveli baten freskoen arrastoak ikus daitezke paretetan. (Eric Lafforgue | Getty Images)

Ezinbestekoak diren bisita interesgarri horien artean Podar Haveli Museum dago. Hiriaren ekialdean 1920an eraikia, haveli handi eta zaharrenetakoa da. Gainera, ondo kontserbatuta dago, eta, beraz, harribitxitzat hartzen da.

Pinturen, armaduren, apaingarrien, eskeletoen, momien eta mogol fosilen bilduma aberatsa gordetzen du, eta baita antigoaleko gauzen liburutegi bat eta Rajasthango arte tradizionalak irudikatzen dituzten kolore biziko irudiak ere.

Havelien leihoen dekorazioa deigarria da. (Rudolf Ernst | Getty Images)
Marrazkiak Nawalgarh hiriko haveli batean. (Eric Lafforgue/Art in All of Us/Corbis via Getty Images)
BHAGTON KI CHOTI

Ibilbideko beste geltoki bat Bhagton ki Choti Haveli izan beharko litzateke. XIX. mendearen bigarren erdian eraikia, landutako zurezko ate handi bat nabarmentzen da, havelira daraman patiorako bidea zabaltzen duena. Bertako folklorea, eskualdeko alegiak eta mitologia dute ardatz nagusi pinturek.

Aath Havelik ere ez luke hutsik egin behar Nawalgarheko havelien inguruko gida batean. ‘Aath’ hitzak ‘zortzi’ esan nahi du; izan ere, Aath Haveli multzo konbinatua da, zortzi haveliz osatua. Haveliak patio handi bat du, gela ezberdinez inguratua.

Aath Haveli Rajasthaneko onenen artean dago, horma irudi eta freskorik ikusgarrienak gordetzen dituelako

Aath Haveli Rajasthaneko onenen artean dago, horma irudi eta freskorik ikusgarrienak gordetzen dituelako. Elefanteen, gameluen eta zaldien pintura harrigarriak eta hormetako fresko gorri, hori eta berdeak benetan liluragarriak dira. Iraganeko artisauen trebetasunak agerian uzten dute.

Azkenik, Khedwal Bhawan Haveli izan daiteke ibilbidearen bukaera. Ezaguna da, batez ere, barne patioko sarreran turkesa koloreko ispilu eta azuleju handiak dituelako, eta antzinako eta egungo gaiak mendebaldeko estiloarekin nahasten dituzten pintura eta horma irudiak dituelako.