Imanol Intziarte

Veloroute du La Rhune, Lapurdiko kostaldetik barnealdera

Lapurdiko kostalde eta barnealdeak bat egiten dute Donibane Lohizune eta Sara lotzen dituen 15 kilometro eskasetan, Azkaine eta San Inazio mendatea igarota, Larhun mendiaren tontorreraino igotzen den kremailera trenaren abiapuntua.

Ibilbidearen abiapuntua: Donibane Lohizuneko hondartza. (Ainara RUEDA)
Ibilbidearen abiapuntua: Donibane Lohizuneko hondartza. (Ainara RUEDA)

Irailean bizikleta-bide bat inauguratu zen, ‘Veloroute du La Rhune’ izenekoa. Bi gurpilen gainera igotzeko akuilua da, D-918 errepideko zirkulazio handiaren beldurrik izan gabe; izan ere, errepide hori arriskutsua da oso estua delako eta egunean 10.000 ibilgailu pasatzen direlako, departamenduko iturrien arabera. Zero kilometroan, Donibane Lohizuneko Hondartza Handia hutsik ageri da neguko egun hotz honetan, termometroa kasik zero gradura hurbiltzen delarik. Zerikusirik ez, udako hilabeteekin, hareatza bertako jendez eta turistaz beteta egon ohi denean eta Euskal Herriko eremu hau betiereko kaos batean murgilduta bizi denean.

Hego-mendebaldeko muturrean, itsasargi txikiak hasiera markatzen du badia zaintzen duen bitartean. Alde batean Santa Barbarako punta dago, XIX. mendeko farol zaharberritua gorenean duela eta, bestean, Zokoa, XVII. mendeko gotorlekuarekin, ikono-formako bere dorreaz koroatua.

Ontzi txikiak, Urdazuri ibaian. (Ainara RUEDA)

Ibilbideak Quai de l’Infante-rako norabidea hartzen du, eta bertan izen bereko etxetzarra dago -Maison Joanoenia ere esaten zaio, Joannot de Haraneder armadoreak eraiki baitzuen-; Austriako Maria Teresa infanta espainiarraren bizilekua izan zen, Luis XIV.arekin, hots, Eguzki Erregearekin, ezkondu aurretik. Zeremonia 1660ko ekainaren 9an izan zen, San Joan Bataiatzailearen elizan.

Ibilbidearen zati handi batean Urdazuri ibaiak gidatuko gaitu eta horren bokalearen beste aldean Ziburuko etxeak ikusiko ditugu, fatxada zuridunak, pertsiana eta balkoi gorri edo berdeekin. ‘Bolero’ ospetsuaren egile Maurice Ravel konpositorearen sorlekuan gaude.

Ibilbidearen zati handi batean Urdazuri ibaiak gidatuko gaitu. “Bolero” ospetsuaren egile Maurice Ravel konpositorearen sorlekuan gaude

Uraren ertzetik jarraitzen dugu, eta D-810 errepidearen eta trenbidearen azpitik igaro baino lehentxeago bizikleta bidearen hasiera ikusten dugu, lurrean marrak margotuta eta Azkaineraino 6,5 kilometro falta direla adierazten duen kartel batekin.

Saninazioko lepoan hasi eta Sararaino jaisten den errepidea. (Ainara RUEDA)

Pasabidearen beste aldean, ibaiertzeko pasealeku ederra -Alfred Pose politikari, bankari eta alkateari eskainia 1953 eta 1961 artean- oinezkoentzat erreserbatuta dago, eta bidegorria etxebizitza-eraikinen artetik igarotzen da. Merezi du oinez abiatzea, petrilera hurbildu eta goizeko lanbro artean uretan ontzitxoak ikusiz.

Txirrindularientzako bidexkara itzulita, sigi-saga dabil auzoan barrena, berriz Urdazurirekin topo egin arte, A-63 autobidearen azpitik pasatzen den puntuan. Ibaiak bihurgune handi bat markatzen du, non itsasbeherak lokatz zati handi bat uzten duen agerian, txoriek janari bila dabiltzala mokokatzen dutena.

Honaino iristen zen bidegorri zaharra, eta hemendik Azkaineraino doa 2,6 milioiko aurrekontuarekin eraiki berri den zatia. 2,5 metroko zabalera du eta hormigoizko hesi batek banantzen du errepidetik.

D-918 errepidearen ondotik goaz jada, Chantaco golf zelaiaren albotik, lehenik, eta izen bereko tenis klubaren ondotik, gero. Aurreraxeago bidegurutze bat agertzen da eskuinera, bigarren hezkuntzako ikastetxe batera, kiroldegi batera eta arraun klub baten instalazioetara sarbidea ematen duena. Honaino iristen zen bidegorri zaharra, eta hemendik Azkaineraino doa 2,6 milioiko aurrekontuarekin eraiki berri den zatia. 2,5 metroko zabalera du eta hormigoizko hesi batek banantzen du errepidetik.

Ziburu, ibaiaren bestaldean. (Ainara RUEDA)

Errepidetik bereizita doan bizikletentzako ibilbidea. (Ainara RUEDA)

Ibilbideak gorabeherarik gabe jarraitzen du, eroso eta seguru, baina zati txiki bat oraindik obretan dago. Hala, Azkainera doan zubira iritsiko gara. Zubi hori gurutzatu eta Urdazuriko beste ibaiertzera helduko gara. Herri honetan harro daude beste zubi batez ere, ‘erromatarra’ deitzen dioten arren XV. mendekoa den horretaz.

Azkaine portu garrantzitsua izan zen urte luzez; Urdazurin behera Donibane Lohizuneraino gabarrak eta hondo lauko ontziak ibiltzen ziren. Egurra, Larhun mendiko harria eta inguruko harrobietako mineralak garraiatzen zituzten horietan. Zenbait ontziola egon ziren, eta haien portuko jarduerak duela mende bat baino gehixeagora arte iraun zuen.

Azkaine portu garrantzitsua izan zen urte luzez; Urdazurin behera Donibane Lohizuneraino gabarrak eta hondo lauko ontziak ibiltzen ziren. Egurra, Larhun mendiko harria eta inguruko harrobietako mineralak garraiatzen zituzten

Bizikleta-bideak beste ehun bat metro izango ditu, biribilgune batera iritsi arte. Hor lausotu, eta ibilbideak herrigunea zeharkatzen du motordun ibilgailuekin asfaltoa partekatuz, nahiz eta goraguneak dauden astiro ibiltzeko eta abiadura orduko 30 kilometrora mugatuta dagoen. «Irtenbideren bat izango da. Ez da erraza, ezin ditugulako etxeak mugitu. Uste dut irtenbide bat aurkituko dugula, baina oraingoz arrisku txiki bat dago», onartu zuen Jean-Louis Fournier Azkaineko alkateak.

Ernest Fourneau kaleari jarraituz –Biarritzen 1872an jaio eta Azkainen 1949an hil zen farmazialari kimikari ezaguna– frontoira eta Andre Mariaren Jasokundea elizara iristen da. Gero, ezkerreko errepidea hartu behar da, eskuinekoak Ibardinera edo Urruñara eramaten baitu.

Larhun mendira igotzen den kremailera trenaren abiapuntuko geltokia. (Ainara RUEDA)
Larhun mendiaren tontorra, goizeko laino artean. (Ainara RUEDA)
TRANBIA ZAHARRA

D-4an gaude, zuzenean San Inazio mendatera doan errepidean, baina ‘veloroute’-a lehen bidegurutzea eskuinetara hartu eta bigarren mailako goranzko errepide batean sartzen da, Chemin des Carrières izenekoan. Batzuetan asfaltotik eta besteetan pistatik, Azkaine eta Sara lotzen zituen tranbia zahar baten ibilbideari jarraitzen dio, ‘Tram Bleu’ izenez ezagutzen den horren bideari.

Pare bat kilometroko igoera txiki baten ondoren, %5eko desnibela gainditu gabe, Larhun gailurrera igotzen den kremaile-trenaren geltokia dagoen lepora iristen da, 905 metroko altuerara.

Bi trenak 1924an jarri zituen martxan Midiko Departamenduko Burdinbideak konpainiak (VFDM), hamaika urte lehenago Frantziako Estatuko hego-mendebaldean trenbidea garatzeko sortuak. Beste tranbia batzuk ere izan ziren, kostaldeko hainbat herri lotzen zituztenak, baina gutxi iraun zuten. Martxan denbora gehien eman zuena Baiona-La Barre (Angelu)-Biarritz ibilbidea egiten zuena izan zen, 1948an itxia.

Urdazuri ibaiaren bokalea, lehen pedalkaden lekuko. (Ainara RUEDA)

Sarako hilerri dotorea. (Ainara RUEDA)

Larhungo trena bakarrik salbatu zen, atrakzio turistiko bihurtuta, eta joan den urtean mende bat bete zuen jardunean. Urtero milaka pertsona igotzen dira gailurrera ordu erdi pasatxoan, euskal kostaldeko behatoki zoragarri honek eskaintzen dituen ikuspegiez gozatzeko. Zoritxarrez, masifikazioak eskutik ekarri zuen tontor horren degradazioa, hondakin metalikoekin, hormigoiarekin, lokal komertzial eta ostalarien ugaritzearekin (Bentak), higadurarekin…

Bidean jarritako zenbait panel. (Ainara RUEDA)
Azkaine eta Saninazioko leporaino dagoen distantziaren berri ematen duten bi kartel. (Ainara RUEDA)
LUZATZEKO PROIEKTUA

Egokitutako ibilbidea puntu horretan amaitzen da, nahiz eta Pirinio Atlantikoetako Departamenduak esku artean duen Azkainetik Senpereraino luzatzeko proiektua; hau da, beste zortzi kilometro Urdazuriren ibilbideari jarraituz. Ibilaldia luzatu nahi izanez gero, Sararaino jaits daiteke errepidez. Portutik, eskuinetik, jende gehien ibiltzen den D-4 errepidea hartzen da; ezkerretik, berriz, bigarren mailako errepide bat abiatzen da, luzeagoa baina zirkulazio gutxiagokoa.

Minutu batzuen buruan Sarako herrigunea dagoen muinoaren oinera iritsiko gara. Herri hori historiaurreko leize-zuloengatik da ezaguna, batez ere. Bizikleta gaineko azken ahalegin batek plazara ailegatzeko aukera ematen du; frontoi handia, hilerriak inguratutako San Martin eliza eta terraza ugari aurkituko ditugu bertan, bueltarako indarrak berreskuratzeko aproposak.

Baserri arteko errepideetako giro lasaia islatzen duten irudiak. (Ainara RUEDA)