Sri Lanka, berriz ere beso-zabalik
Munduko herrialderik ederrenetakoa da, lur eremu txikian denetik baitu: jende abegikorra, ondare ezin aberatsagoa bai kulturan bai naturan, barnealde menditsu eta askotarikoa eta kostalde sinestezina... Indiako azpikontinenteko uharterik bereziena da, zalantzarik gabe; espezien ibilbideko geltoki ezinbesteko izana, bisitariei ere harrera egiteko gogotsu dago, garai nahasi baten ostean.
Sri Lanka berriz ere zabalik da turismorako; covid-19aren aurka txertatutako bidaiariek ez dute PCR probarik behar herrialdean sartzeko. Pandemia, nolabait, bigarren kolpea izan zen uharteko turismo-industriarentzat, zenbait hilabete lehenago gertatutako atentatu odoltsuek -300 hildako baino gehiago- tragedia nazional itzela eragiteaz gain, bidaiari asko uxatu baitzituen. Lehen bisita baterako, hegoaldeko itzulia hautatu dugu, jakin arren eremu zabal honetan nahi beste ibilbide antola daitezkeela.
Uhartearen erdialderantz, Kandyra bidean goazela, Pinnawalako elefante babeslekua dugu lehen geltoki. Ikuskizun ikusgarria da goizero-goizero santutegian erreskatatutako pakidermoak ibaian bainatzen ikustea. Zer esanik ez, bidaia haurrekin eginez gero. Ostatuan Australiatik etorritako tamil etniako familia bat dago. Etxeko alaba, goizeko ikuskizunarekin txundituta gozatzen. Hemendik iparralderako bidea daukate aurretik; 2008an Gobernuaren sarraskiarekin amaitu zen gerraren ondorioz, asko dira munduan zehar erbesteratu ziren tamilak.
Kandyren harrotasuna
Elefanteen babeslekutik Kandyraino garamatza bideak. Kolonbo da Sri Lankako hiriburua; hala izan zen britainiar dominazioa hasi zenetik, eta garai hartako ondare kolonial interesgarria izateaz gain, kostaldean egotea ere bere alde du. Baina Kandyk Sri Lankako hiririk garrantzitsuena dela esan dezake harro: britainiarren aurreko erresumarik indartsuenari eman zion izena, eta uhartearen ia lurralde osoa gobernatu zuten hemendik, portugesen zein nederlandarren oldarraldiari eutsiz hiru mendez.
Kandy geltoki ezin hobea da, bai hiriaz gozatzeko, baita inguruko herri, tenplu, gune arkeologiko eta historia luzea jasotzen duten lekuetaraino iristeko ere. Aintzira artifizial baten inguruan mugitzen da bizia, muinoetatik Buda erraldoia begira dagoela. Lakuaren iparraldean urre koloreko teilatuak adierazten digu hiriko gunerik garrantzitsuena, Budaren hortzaren tenplua, hain zuzen ere. V. mendean iritsi omen zen hagina Sri Lankara, eta botere sinbolo ere bihurtu. Egun, bizitzan behin gutxienez egin beharreko erromesalditzat daukate sinhalar budistek. Guretzat, ezinbesteko beste bisita dantza-emanaldia da. Bertako kondairak mugimendu eta jantzi bereziz antzezten dituen ikuskizun paregabea da.
Kandytik Sigiriyara ehun kilometro baino gutxiago daude, eta posible da Sri Lankako hiriburu zaharretik uharteko gunerik berezienetakora egunpasako txangoan joatea. Edonola ere, garrantzitsua da kontuan izatea mapetan eta mugikorreko aplikazioetan ageri diren distantziak egiteko uste baino denbora luzeagoa behar dela, baita gidaridun ibilgailua izanez gero ere (zer esanik ez, txango antolatuetan edo garraio publikoz joanez gero). Garrantzitsua da horrelakoetarako ahalik eta goizen abiatzea; Sigiriyan, esaterako, harkaitzeraino igotzeko eguerdiko bero-saparik gabe egitea komeni da. Izan ere, 200 metroan altxatzen diren tenplu eta gotorlekuetaraino iristeko 1.200 eskailera igo behar dira.
Tea, menditik mundura
Uhartearen hego-ekialdera joateko, bideak gorantz egiten duen ibilbidea aukeratu dugu, oro har laua den irla honen bihotzean dauden mendi eta muinoetan barrena, Nuwara Eliya herrira bidean. Errepideak gora egin ahala, basoen ordez ageri dena Sri Lanka munduan famatu egin duen landarea da, uharteak Zeilan (Ceylon) izena zuenetik. Te-zelai ikusgarriek janzten dute paisaia, eta aukera paregabea dago hostoa jasotzetik mundu osora zabaltzen den infusioa ekoizterainoko prozesu osoa ezagutzeko.
Tren bidaia atsegina egiteko aukera dago herri horren eta Ella-ren artean; munduko txangorik ederrenetakoa da burdinbideko patxadan, uharte honen erdiguneaz gozatuz. Londresen agintea aspaldi amaitu zen hemen, baina arrasto sakona geratu da, Indiatik bertatik datorren eraginarekin batera sarritan. Hala, Nuwara Eliya mendialdeko herrigune kolonial dotorea da, eta oraindik ere britainiar kutsuari eusten dioten eraikinak ageri dira han-hemenka. Sri Lanka tropikoan egonik, klima ere halakoa da; sasoi euritsua eta lehorra ditu lau urtaroen ordez, eta aldaketa handienak altuerak dakartza. Horregatik, inguru honetako freskura eskertzen da, behe lurretako bero itogarriaren ostean.
Nuwara Eliyako irteeran Seetha Amman Kovil tenplu hindua dago. Ramayana epopeiaren arabera, Sita jainkosa oso apaindura aberatsa daukan tenplu horretan egon zen gatibu. Sri Lankako erlijio nagusia budismoa da, sinhalar gehienak budistak baitira; tamilak, aldiz, hinduismoaren jarraitzaileak dira. Bi sinesmen nagusi horiez gain, badira gutxiengo musulman eta kristauak ere. Ellara bidean, bihurgunez bihurgune, tenplu txikiak eta gurtzeko eta babesteko figurak etengabe ageri dira etxeen atarian. Ilundu aurretik Rawana ur-jauzi ikusgarriak miresteko astia dugu.
Bezperako mendi ikuspegitik bereizita, baina naturaren leherketan, Yalako parke nazionalak egiten digu abegi uhartearen ekialdean. Udako beroan uzkur dabil inguru honetan bizi den lehoinabar edo pantera. Gainerako fauna etengabe ikusteko aukera dugu, halere, ur putzuen eta aintziren inguruan: gazelak, bufaloak, tximinoak, elefanteak, krokodiloak, eta Indiako Ozeanoko bazter honetaraino datozen hegazti koloretsuak; moko hori handia nabarmentzen zaion kalao beltza, esaterako.
Itsasoa, espezien bidean
Zirkulua itxiko duen ibilbidean, hondartza luzeak, arrantzale-herrixkak eta portu-hiriak igaro ditugu uhartearen hegoaldeko kostaldetik. Mirissako ilargi-erdi itxurako hareatzan geldialdia egin dugu. Lekua benetan atsegina da. Hemendik abiatzen dira baleak ikusteko txango gehienak. Arrantza portuaren ostean, errepidean aurrera Weligamak ere luze-luzea du hondartza, baina berehala hareatza txikiagoak agertzen dira tarteka-marteka bide bazterrean. Horietako batzuetan, egurrezko paldoen gaineraino igotako arrantzaleak daude, goizean goizetik lanean. Halaxe heldu gara Unawatunara, Sri Lanka hegoaldeko hondartza-turismoko gunerik garrantzisuenetakora.
Atseden hartzeko eta itsasoaz gozatzeko lekua izateaz gain, uharteko hiririk berezi eta atseginenetakoa bisitatzeko gune paregabea ere bada. Gallek espezien ibilbidearen sasoira eramaten du bisitaria, hiri zaharrean sartu eta berehala. Nederlandarren agintearen garaiko eraikin ugari daude harresien baitako eremuan, denda dotore, azoka edo jatetxe bihurtuta. Oso gozagarria da kalexketan ibiltzea, saltokietan galtzea eta, zer esanik, bertako arraina dastatzea. Galleko gotorlekuko harresien gainetik ere ibil daiteke, olatuei begira. Azken lauzpabost mendeetako historia kolonialaren ondotik, XXI. mendean berriz ere atzerriko potentzia baten kontrolpean egon liteke lekua, Sri Lankako banderaren aldamenean haizeak mugitutako Txinako ikurrak adierazten digun legez.