Ur-jauziak, eztanda basati eta zirraragarriak
Ura, zarata eta natura basatia uztartzen dituzten benetako jaialdiak dira ur-jauziak. Erorketa askean hutsera amiltzen direnean, zentzumenak astintzen dituzte. “Burrunba egiten duen kea”, “Ur trumoia”, “Ur handiak”, “Deabruaren eztarria”, “Ozeanoaren iturriak”, “Zeru bertutetsua”, “Urrezko ur-jauzia”... Tokiko biztanleek asmatutako izenek ezin hobeto islatzen dute ur-jauziek eskaintzen duten ikuskizuna, zalapartaz, aparrez, indarrez eta bertigoz osatutako koktel basatia, eztanda zirraragarria.
Munduan zehar hamaika dira ikuskizun zirraragarriak eragiten dituzten ur-jauziak. Hona hemen bakar batzuk:
Angel ur-jauzia
Ia kilometro bateko luzera duenez (979 metro), munduko ur-jauzirik altuena da. Turrusta Auyan-tepuitik amiltzen da; hau da, horma oso bertikalak eta gailur laua dituen goi-lautada batetik. Venezuelako Canaima Parke Nazionalean kokatuta dago eta gizateriaren ondare izendatu zuen Unescok. Ekainetik abendura bitartean eskaintzen ditu ikuskizunik ahaztezinenak ur-jauziak. Bertako biztanleek diotenez, izenak -Salto del Ángel- zerikusi zuzena du Jimmy Angelekin, bera izan baitzen ur-jauzia mapetan zehazki kokatu zuena, hegazkin txiki batekin ingurutik hegan zihoala begiztatu ondoren.
Gullfoos
“Urrezko ur-jauzia” ere deitzen diote. Elkarren segidako bi ur-jauzi dira, angelu zuzena osatzen dutenak eta 32 metroko sakonera, 20 metroko zabalera eta 2,5 kilometroko luzera dituen pitzadura batean amiltzen direnak. Islandiako hego-ekialdean kokatua, Gullfoosek paisaia zoragarria eskaintzen du, sarritan Hvita ibaian islatutako ostadar baten konplizitatearekin.
Victoria
Mosi-oa-Tunya (“Burrunba egiten duen kea”). Izen horrekin ezagutzen dira Victoria ur-jauziak, David Livingstone esploratzaileak horrela bataiatu zituelako 1855ean, hain zuzen ere Victoria erreginaren omenez. Zambia eta Zimbawe arteko mugan kokatuta, Zambezi ibaiko euri-jasa ikusgarri eta zaratatsua planetako ur-jauzi luzeena da: 100 metrotik gorako altuera eta bi kilometroko zabalera. Bi parke nazionaletan integratuta daude: Zimbabweko Victoria eta Zambiako Mosi-oa-Tunya.
Niagara
Niagara hitzak “ur-trumoia” esan nahi du. Ameriketako Estatu Batuen eta Kanadaren artean kokatuta daude Niagarako ur-jauziak. Hiru ur-jauzi luze dira guztira -garaiena 52 metrokoa-, eta zinez ikusgarriak dira, batez ere, 56 kilometroko aurrealdea dutelako. Dirudienez, ikuspegirik onenak aintziratik lortzen dira: AEBetatik doazenak “Maid of the Mist” itsasontzian hurbil daitezke ur-jauzietara eta Kanadatik abiatzen direnek, berriz, “Hornblower Niagara Cruises” ontzia erabil dezakete bertaratzeko.
Ouzoud
“Olibondoa” omen da Ouzoud hitzaren esanahia. Dirudienez, honako hau da arrazoia: jauziaren oinarrira -Guichunque ibaira- iristeko bideak olibondo deigarriak ditu alboetan. Marokoko erdialdean dago, Atlas Ertainean, Tanaghmeilt herri txikian, eta herrialdeko ur-jauzi altuena da: 110 metroko ur-zurrusta du. Egia esan, irudi berezia osatzen du gailurreko errotekin eta bertaratzen diren bainulariekin.
Havasu
Burrunba kilometro batera entzun daiteke. Isurtzen den ur-gortina Havasupaiel indiarren lurraldean amiltzen da; alegia, Ameriketako Estatu Batuetako Arroila Handiaren Parke Nazionalaren hegoaldean, Arizonan. 37 metro ditu. Zurrunbiloa deigarria izan arren, ingurua koloreztatzen duen tonalitate-paleta da bereziki erakargarria: kontraste kuriosoa sortzen da ura jasotzen duen igerileku naturaleko urdin turkesaren eta inguruko arroka gorrixten artean.
Baatara Gorge
Baatara Gorge berezia da, baina ez emariagatik, baizik eta ur-jauzia -255 metroko altuerakoa- haitzulo baten barruan erortzen delako. Gainera, mendian zizelkatutako hiru zubi natural zeharkatu ondoren isurtzen da. Hori dela eta, “Hiru Zubien Koba” deitzen diote inguruari. Tannourinen dago, Libanon.
Git Git
Bi ur-jauzi dira. Baliko iparraldeko oihan batean daude, landaretza itxiko eremu batean, eguzki izpiak ia sartzen ez diren baso tropikal ilun batean. 35 metroko altueratik erortzen dira ur-gortinak, zuzen-zuzenean, bainulari gazteen topagune bihurtutako lakura.
Skogafoss
Skogafoss Islandia hegoaldean dago, Skoga ibaiak itsaslabarrak laztantzen dituen lurraldean, hain zuzen ere. 62 metroko altuera eta 2 metroko zabalera du. Uhartea zipriztintzen duten ur-jauzi ugarietako bat besterik ez da Skofagoss, baina, zalantzarik gabe, liluragarrienetakoa. Gainera, ikuskizun paregabea eskaintzen du; izan ere, zuzenean lautada batera erortzen denez, ez dago panoramika oztopatzen duen trabarik. Horrez gain, bada belaunaldiz belaunaldi bertako biztanleen artean biziraun duen kondaira egia dela sinisten duenik: ur-gortinaren atzean altxor baliotsu bat dago, Prasi Porolfsson bikingoak aspaldi gordetakoa.
Plitvice
Guztira, 16 laku daude, 92 ur-jauzik komunikatuta, eta hartz eta otsoak dituzten baso erraldoiez inguratuta. Plitviceko Lakuen Parke Nazionalean daude, Lika eskualdean. Unescoren mundu-ondarea da 1979tik.
Rin-eko ur-jauziak
“Ozeanoaren iturriak” bezala deskribatu omen zituen Goethek. 150 metroko zabalerarekin eta 23 metroko altuerarekin, Rhin ibaiko ur-jauzia -“Europako Niagara” izenarekin ere ezagutzen da- Europako handienen artean dago. Ura Schaffhausenen isurtzen da, Rhin Garaian, Suitza iparraldean. Bisitariek bi aukera dituzte ur-jauziaz gozatzeko: itsasontziz hurbiltzea edo gortina zaratatsuaren erdian altxatzen den harkaitz handitik ikustea.
Kaieteur
Hego Amerika iparraldean dago, Guyanako bihotzean, Potaro ibaian. Niagarako ur-jauzia baino bost aldiz altuagoa da. 226 metroko erorketa askea du, baina, lehen kolpearen ondoren, urak beste hogeita hamar metroko bidea egiten du sakabanatutako arroken artean.
Parigi
Egia esan, ur-jauzi txikia da, Bekasiko aldirietan dagoena, Mendebaldeko Javan. Bai bertakoek bai bisitariek eguneko lehen edo azken orduak aukeratzen dituzte bisita egiteko, ordu horietako kolore bereziek giro magikoa sortzen dutelako. Horrek egiten du berezi.
Iguazu
Argentinako Misiones eta Brasilgo Parana estatuen artean daude Iguazuko ur-jauzi ezagunak -“Ur handiak” esan nahi du-. Gehienak -guztira 275 dira- Argentinako lurretan dauden arren, bisitatuenetakoa Brasilgo “Deabruaren eztarria” da, 80 metro dituelako. Gainera, estrategikoki osatutako zurezko pasabide sare bati esker bisitaria ur-jauzitik 50 metro eskasera hurbil daiteke, ikuskizunaz are gehiago gozatu ahal izateko.
Gocta
“La Chorrera” deitzen diote bertakoek. Haien ustetan, benetakoa da Gocta ur-jauziaren inguruan betidanik entzun duten kondaira: itsas lamina eder ilehori batek, suge handi bat lagun duela hurbiltzen den bakoitzean, madarikatu egiten du. Peruko Amazonian ezkutatua eta 2006an munduari ezagutarazia, planetako bosgarren ur-jauzi altuena da 771 metro erorketa askearekin.
Vinnufossen
860 metroko erorketarekin, Norvegiako Vinnufossen ur-jauzia Europako altuena da. Vinnufonna glaziarrak Vinnufjellet menditik jaisten den Vinnu ibaia elikatzen du bere emariarekin.
Dettifoss
Islandiako ipar-ekialdean dago, Vatnajökull Parke Nazionalean. Europako ur-jauzirik emaritsuena da eta irudi ikaragarria ematen dio horrek. Selfoss eta Hafragilfoss ur-jauzien artean kokatua, 44 metroko erorketa du, Fjöllum ibaira –Jökulsargljufur arroilaraino–. Ehun metroko zabalera du.
Epupa
Namibiako Epupa ur-jauziak 1,5 kilometro luze den arku baten forma du, eta 40 metroko altuerara iristen da punturik altuenetan. Kunene ibaiak hornitzen du urez eta arroketara bultzatzen du, ur gardeneko putzuz osatutako paisaia ederra sortuz.
Jog
Jog ur-jauziak benetan bitxiak dira, Sharavathi ibaiko ura bertikalean amiltzen baita, arroken artean irristatu gabe. 250 metroko erorketa askea dute ur-jauziek, eta montzoi garaian irudi eta une ikusgarriak eskaintzen dituzte. Indiako ur-jauzi altuenak dira. Shimoga barrutian daude, Karnataka estatuan.
Detian
“Zeru bertutetsua” esan nahi du Detian hitzak. Txina eta Vietnam arteko mugan kokatuta dago, arroz-sail zabalez eta bertigozko mendigune harritsuz inguratuta. Eskalinata moduan, hainbat mailatan lerrokatutako hiru erorketek osatzen dute Detian, eta ur-kolpeek laino berezia eragiten dute, irudi ia fantastikoa sortuz. 70 metroko altuera eta 200 metroko zabalera du.
Ventisquero esekia
Ventisquero ur-jauziak Txileko Patagonian daude, Queulat Parke Nazionalean. Hurbiltzen denak glaziar esekiaren elur-triangelua ikusi ahal izango du, bertatik bertara, bi mendien artean pilatuta. Hain zuzen ere, glaziar horrek sortzen du jauzia, urtzean. 739 metroko erorikoarekin, Yosemitekoa da Ipar Amerikako ur-jauzirik altuena, eta munduko luzeenen zerrendetan ere agertzen da. Yosemiteko Parke Nazionalean dago, California Fluye mendilerroan. Bereziki, udaberrian aurkezten da bere osotasunean. Egia esan, 290 ur-jauziz osatuta dago, tartean bi oso ezagunak: Lower Falls eta Upper Falls, hurrenez hurren, 95 eta 34 metroko altuera dutenak.
Lower Falls eta Upper Falls
739 metroko erorikoarekin, Yosemitekoa da Ipar Amerikako ur-jauzirik altuena, eta munduko luzeenen zerrendetan ere agertzen da. Yosemiteko Parke Nazionalean dago, California Fluye mendilerroan. Bereziki, udaberrian aurkezten da bere osotasunean. Egia esan, 290 ur-jauziz osatuta dago, tartean bi oso ezagunak: Lower Falls eta Upper Falls, hurrenez hurren, 95 eta 34 metroko altuera dutenak.
Nohkalikai
Indiako ur-erorketa aske handiena da 335 metrorekin. Planetako gune hezeenetako batean dago, Cherrapunji hirian, eta mendietako elurra urtzean jasotako urarekin elikatzen da. Eta horixe da, hain zuzen ere, urtean zehar izaten dituen aldaketen arrazoia: garai lehorreko berde-turkesa koloreko igerileku naturala apar zuriko lurrikara bihurtzen da montzoi garaian.