Munduari begirada

Atacama: «Erabili eta bota» modaren hilerri toxikoa, basamortuan

Atacamako basamortua «erabili eta bota» modaren hilerri toxiko bihurtu da azken urteotan. Gaur egun, ia 40.000 tona arropa dago metatuta bertan; batez ere, AEBetan, Europan eta Asian baztertutakoa. Paisaia benetan atsekabegarria da. Eta, dirudienez, irudi koloretsu bezain triste horrek luze iraungo du, kontuan hartuta ehun-hondakinek 200 urte behar dituztela desegiteko.

NBEren datuen arabera, munduko arropa ekoizpena bikoiztu egin zen 2000 eta 2014. urte bitartean, eta zaborrontzi klandestinoak ugaldu; tartean, Atacamako Alto Hospicio ingurukoa, non Txinan edo Bangladeshen egindako baina Berlinen edota Los Angelesen erositako arropa pilatzen den, batik bat.

Latinoamerikako arropa-inportatzaile nagusia da Txile; bertan pilatzen da bigarren eskuko arropa gehiena, moda azkarraren katearen eraginez berehala «zahar» bihurtzen dena, bereziki. Kontsumo neurrigabearen ondorioak, zalantzarik gabe.

Arropa, gerrikoak, zapatak... Acatama basamortuko inguruetako bizilagunek egunero miatzen dituzte zabortegiak, auzoan sal dezaketen zerbaiten bila. Alabaina, ez dira jabetzen zer-nolako arriskuak dituen jarduera horrek; izan ere, udal-kamioiek estalitako arropa gehiago dago lur azpian, ezkutuan. Oso toxikoak izan daitezkeen suteak saihesteko lurperatzen dute arropa, produktu kimikoek oso ondorio larriak sor ditzaketelako. Gainera, ezkutuan zein agerian egon, airea eta lurpeko urak kutsatzen ditu.

Argazkia: Martin BERNETT