Ilargiko mahatsondoak
Ez gara ilargian sekula izan, baina Lanzarotera gerturatzean ezin da harekin alderatzea saihestu. Sumendiak, gainazal beltza... magma izandako ibaiak zepa eta malpais paisaia bilakatuta. Isiltasun eta hondamen eszenatoki xarmagarrian, sakonunetik azaleratzen diren mahatsondo-hosto berdeek Lurrera itzultzen gaituzte, ardo zuri botila on batekin.
Lanzarote uharteak ez du beti izan egungo ilargi itxura. Timanfaya sumendiaren erupzio handia 1730. urtetik 1736. urtera izan zen. Erupzioaren aurretik, Lanzarote lur oso emankorra zen, Kanaria uharteetako aletegia, hain zuzen ere. Sei urteko erupzio haren magma uholdeek eta errautsek irlaren herena estali zuten, lurrean eta biztanleen artean triskantza eta hondamena eraginez.
Hala ere, nekazari conejeroek ez zuten etsi, eta zepa eta errauts azpiko lur begetala bilatzeari ekin zioten. Hondakin bolkaniko geruza horri rofe esaten diote. Zenbait lekutan bost metroko sakonera izan dezake. Rofe hori zeharkatu eta zerealak landatu zituzten berriz. Alferrik. Orduan, mahatsondoak landatzea otu zitzaien. Kanarietako beste uharteetan mahatsa landatzen zuten jada; Lanzaroten, ostera, ez, berezitasun klimatologikoengatik. Haatik, rofe artean, helburua lortu zuten, eta Lanzaroten ere mahatsondoak errotu ziren.
Horrela hasi zen Lanzaroteko mahasgintza heroikoa. Sakonuneak zulatzeari ekin zioten. Konoaren hondoan mahatsondo kimuak landatu zituzten; eta, haize zakarretatik babesteko, ingurumarian harresi txikiak altxatu zituzten.
Paisaia aldatu eta inguru erakargarria sortu zen. Lanzaroteko zeru urdin sakonaren azpian, mahatsondoen brotxakada berdez marraztutako ilargi-orografia beltza izugarri ederra da. Edertasun sendo eta bitxia, non Ilargiko ardo urri hori ekoizten den.
Lanzarotera gainerako uharteetara baino beranduago iritsi zen mahasgintza; alta, egun, bertako malvasia bolkanikoa uharteetako ardorik bereziena da, eta, agian, kalitate handienekoa.
Alvaro Novo Bilboko Zarate jatetxeko sommelierrak dioenez, Lanzaroteko ardogintza paregabea da: «Hango nekazariak konturatu ziren zepa azpian lur emankorra zegoela eta geruza hori zulatuz eta sakonuneak eginez mahatsondoak landa zitezkeela». «Orduan –jarraitu du–, Kanaria uharteetan dagoen ohiko mahats barietatea landatzeari ekin zioten; malvasia, hain zuzen ere».
Madeiratik ekarritako mahats mota bat da malvasia. XV. mendean Kanarietara heldu zen. Barietaterik zaharrenetarikoa da, Asian du jatorria eta Peloponeso hegoaldean zegoen Monenvasiako portutik hartu zuen izena. Mediterraneokoa den arren, ederki egokitu zen Kanaria uharteetan.
XV. mendean, Gaztelako Koroak Kanaria uharteak militarki konkistatu zituen, eta haien kokapen estrategikoari esker, Europa, Afrika eta Amerikaren arteko zubi bihurtu ziren. Garai hartan, Kanarietako malvasia ardoa produktu komertzializatuenetariko bat izan zen; batez ere, azukre-kanaberaren gainbehera hasi zenetik.
Gauzak horrela, Kanarietako ardo ekoizpena handitzen joan zen eta XVI. mendean esportazioak Ingalaterra, Flandria eta Hanburgoraino ailegatu ziren; baita Ameriketako eta Afrikako espainiar eta portugaldar kolonietaraino ere. Garaiko kronikek diote itsasgizonen artean oso preziatua zela, eta Londresen mahaietako erregea. Shakespearek gustuko omen zuen, eta hiru idazlanetan “canary wine” aipatzen du.
Geroxeago, Espainiarekiko gatazka komertzialengatik, Ingalaterrak kanariar ardoa kontsumitzeari utzi zion, Madeirako ardoaren mesedetan. Horrek artxipelagoko ardogintzaren gainbehera ekarri zuen.
Malvasia bolkanikoa
Aitzitik, eta Timanfayaren erupzioaren ostean, Lanzaroten mahatsondoak landatzen hasi ziren.
Inguru arrotz batean, errauts eta labazko lurrean, euririk gabe, izugarrizko haizeteekin... horien guztien kontra borrokatuz, Lanzaroteko nekazariek aurrera atera zuten euren malvasia bolkanikoa. Oso mahats berezia, oso ardo berezia ekoizteko. Artxipelago osoko upategirik zaharrena Lanzaroteko El Grifo da, eta 1775. urtetik ardoa ekoizten ari da tai gabe.
Malvasia bolkanikoa malvasia aromatikoaren eta marmajueloaren arteko gurutzatzea da, eta Lanzaroten bakarrik hazten da. Mahats zuria eta txikia da; bere lurrina, sakona eta dentsoa –terpenikoa– eta azidotasun maila estruktura onekoa. Ezaugarri horiek aroma bereizgarriak lortzea ahalbidetzen dute, ardo zuri klasikotik haragoko ardoa lortuz. Batez ere, ardo zuri lehorrak ekoizten dira, baina baita erdigozoa, gorria eta beltza ere. Ardo apardunak ere egiten dira. Honen harira, Alvaro Novo sommelierrak azaldu digu barietate horrek azukrea oso ongi kontserbatzen duela, eta ardo gozoa ematen badu ere egun jendeak ardoa lehorra ekoitzi nahi duela, leku gehiagotara iristeko aukera izan dezan. «Ardo gozoak aukerak asko murrizten ditu».
Mahats berezi hau Timanfayan izandako laba emisio konoen inguruetan landatzen da. Erupzioaren hondakinek –rofe, lapilli, picon– 5.000 hektarea baino gehiago hartu zituzten. Eszenatoki horretan primeran egokitu ziren mahats berezi horiek; izan ere, ur asko jasotzen badute herdoildu egiten dira, eta atmosfera lehorrean ardo aukera zabala lor daiteke.
Mahatsondoak hiru bat metroko diametroko eta sakontasun ezberdinetako zuloetako hondo konikoan landatzen dira, lur begetalean. Inguruan, haizetik babesteko, harri beltz bolkanikoz eginiko harresi txikiak jartzen dira.
Lanzaroteko nekazariek deskubritu zuten errautsen hondarrak oso onak zirela hezetasuna mantentzeko. Beraz, mahatsondoa behin landatuta, lurra rofez estaltzen dute. Horrek gaueko ihintza filtratu eta mantenduko du, landak aprobetxa dezan. Lurrunketa ekiditen da eta lurra bera ere babesten da higaduraren kontra. Gainera, errauts bolkanikoek eguneko beroa gauerako gordetzen dute, azukrearen maila igotzen eta, ondorioz, ardoaren alkoholaren graduazioa.
La Geria
Lanzaroten mahatsondoak edozein tokitan aurki daitezkeen arren, hiru dira ardogintzaren gune nagusiak. Ezagunena, eta paisaiarik bereizgarriena duena, La Geria da. Uhartearen erdigunean, Timanfayako Parke Nazionaletik gertu, Yaiza eta Tías udalerriek osatzen dute. Preseski, gune honetan hasi zen Lanzaroteko ardogintza. Bertan hondar bolkaniko geruza oso lodia da eta zenbait lekutan bost metroko sakonera ere badu. Horregatik zuloak sakonagoak dira eta haien arteko espazioa zabalagoa. San Bartolome eta Uga herrien arteko errepidean aurki eta bisita daitezke upategi batzuk.
Lanzaroteko bigarren ardo gunea apurtxo bat iparralderago dago. Zabalena da eta hango rofe geruza meheagoa da, asko jota metro batekoa. Horregatik, zuloak baino, zangak egiten dituzte. Tías, Masdache, San Bartolome eta Tinajo herriak daude inguru horretan.
Ye-Lajares da hirugarren ardo gunea. Iparraldean dago, Haria eta Teguise artean. Produktibitate eskasagoa du. Azpimarratzekoa da munduko mahats-bilketarik goiztiarrena duela, uztailean egiten baita.
«Malvasia bolkanikoak kutsu mineral berezia du -zehaztu du Alvaro Novok-, ahoan azidotasun ukitua uzten duena. Arrainak ahoan uzten duen koipea ederki garbitzen du. Gatz ukitua ere badauka, alisio haizeak ekartzen duen itsasoko hezetasunari esker. Edozein arrain edo itsaskirekin hartzeko primerakoa da; ostrekin, antxoekin, atunekin... lupia, zapo, erreboilo edo abakando entsaladekin... Bakailaoarekin ere ba, noski».
«Brut Nature»
Malvasia bolkanikoak hori guztia baino gehiago eman dezake. Duela hiru hamarkada El Grifo upategian ardo apardunak egiteari ekin zioten. Kasualitatez gertatu zela esan daiteke. 1986. urtean malvasia ardo erdi-lehor botila batzuen kortxoak suzirien gisan ateratzen hasi ziren. Ezustekoa izan zen. Halabeharrez, ardoa irakiten hasia zen. Hiru urte geroago, honakoa ondorioztatu zuten: malvasia bolkanikoa ardo aparduna ekoizteko aproposa zen, botilan bertan bigarren irakinaldi baten bidez; alegia, era klasikoak ezartzen duen moduan. Beraz, 1989. urtean El Grifok lehenbiziko brut nature etiketatu zuen.
Ardo apardun hau bakana da kanariar artxipelagoan. Laru kolorekoa da (hori oso argi bat), burbuilak finak dira eta adituek diote fruta hozkirri eta lore zuri aroma daukala; sendoa eta garbia. Atsegina da ahoan, freskoa eta dotorea.
Nahiko ezezagunak
Alvaro Novok dio malvasia bolkaniko ardoak nahiko ezezagunak direla Euskal Herrian; batez ere, uharteetan bertan kontsumitzen direlako; «dena den, hemen ere aurki daitezke, El Grifo edo Los Bermejos kasu».
Azken horiek Bergarako Txomin Zubeldia banaketa-enpresak saltzen ditu. Enpresa banatzaile horretako Koro Bosquek urte asko daramatza Lanzaroteko ardoak Euskal Herrira ekartzen. Novoak esaten zuen moduan, Bosquek ere nabarmentzen du malvasia bolkaniko ardoak urriak eta ezezagunak badira ere, gero eta gehiago sartzen ari direla gurean; «sartzen direnean, geratu egiten dira, oso onak direlako». «Hemen lehorra saltzen da gehien –adierazi digu, baita erdi-lehorra ere. Apurtxo bat garestia denez, batez ere, erdi edo goi mailako jatetxeek eskatzen dituzte, baina dendetan eta zenbait tabernatan ere badaude».
Lanzaroteko malvasia bolkaniko ardo bakan eta preziatua Euskal Herrian ere plazer handiz goza daiteke, Ilargia gogorarazten digun lurraldera hegan egin behar izan barik.