Yadnya Kasada: Tengger-en ofrendak Bromo sumendian
Iragan berri den urteko argazkirik onenetakoen artean sartu du irudi hau AFP agentziak. Tengger tribuko kideak ageri dira argazkian, Bromo sumendiko kraterrera eskaintzak botatzen, Yadnya Kasada izeneko jaialdian. Urtero egiten dute festa, ekainean, Probolinggon, Java hegoaldean.
Arroza, frutak, barazkiak, loreak, ahuntzak, oilaskoak... Denetarik jaurtitzen dute mendiko zulora, betiere helburu bikoitzarekin: batetik, uzta onagatik Jainkoei esker ona adierazteko eta, bestetik, hurrengo uztak oparoak izan daitezen eskatzeko.
Hilabete irauten du jaialdiak eta Majapahit-eko printzesaren eta haren senarraren inguruko XV. mendeko elezahar batekin lotuta dago. Dirudienez, ezkondu eta gero, seme-alabarik ezin zutela izan ikusita, bikoteak jainkoei laguntza eskatu zien. Haien otoitzak entzun eta jainkoek 25 seme-alaba agindu zizkieten, betiere baldintza batekin: txikiena sakrifikatu behar zuten, nahitaez, Bromo mendira jaurtiz.
Kondairak dioenez, seme honek bere borondatez egin zuen salto sumendira, Tengger herriaren oparotasuna bermatzeko. Eta, harrezkero, ehunka tengger biltzen dira sumendiaren inguruko lur garaietan eskaintzak egiteko. Horietako asko gailurrera igotzen dira animaliak bizkarrean dituztela, sakrifizioak oparotasuna ekarriko dielakoan. (J. Kriswanto / AFP)