Villa del Casale: Teselen artea
Mediterraneoa menderatzeko borrokan, Erroma etruskoei, greziarrei eta kartagotarrei aurrea hartzeko gai izan zen. Horretarako, Sizilia bere nagusitasunaren funtsezko pieza bihurtu zuen, eta, ondorioz, uhartean hiritargo fin eta aberats bat loratu zen, emaitza gisa sofistikazio handiko villa erromatarrak eraikitzea ekarri zuena. Piazza Armerina udalerrian dago adibide preziatuenetako bat: gizateriaren ondare izendatutako mosaikoak gordetzen dituen Villa del Casale.
Norbaitek pentsatzen baldin badu lehen bikinia Micheline Bernardinik jantzi zuela 1946an, guztiz oker dago. Galde diezaietela bestela IV. mendeko emakume erromatarrei, zilborra eta euren gorputzetako gainontzeko zatiak inolako lotsarik gabe erakusten baitzituzten, adibidez, kirola eroso egin nahi zutenean; soil-soilik bularrak eta pubisa estaltzen zituzten. Gaur egungo edozein atleta modernoren pare janzten ziren kirola egiteko, non eta preseski eguraldi hotzagatik nabarmentzen ez den Sizilian. Emakume horiek gimnastikako lehiaketetan ere irudikatu zituzten erromatarrek Villa del Casale domus bikaineko zoruan.
Kontuan hartu beharreko garaiko jatorri arranditsuko edozein egoitzetan gertatzen zen bezala, Villa del Casaleko mosaikoak egiteko ardura sortzaile trebeen ardura izan zen. Teselen arteko maisu anonimoek egiten zituzten mosaikoak, eta, lortu nahi zuten emaitzaren arabera, teknika bat edo beste erabiltzen zuten; opus tessellatum teknika xehetasunak bigarren mailan utzi eta eragin inpresionista handiagoa bilatu nahi zutenean; opus vermiculatum teknika lan figuratiboetan xehetasun handiagoa, fintasuna eta ñabarduren aberastasuna lortzeko; opus sectile teknika marmol pieza handiak tartekatzea erabakitzen zutenean.
Lanbidean maisu zirela argi utziz, Villa del Casaleko mosaikoak egin zituzten tailerretako langileek dotoretasun eta trebezia izugarria erakutsi zuten, tradizio klasikotik zein Afrika iparraldeko joera estilistikoetatik edanez. Irudi geometrikoak, gizakiak, jainkoak, animaliak, landareak, jarduera mundutar eta zerutiarrak naturaltasun osoz tartekatzen dira Villa del Casalen 3.500 metro koadroko hedadura hartzen duten maisulanetan. Pentsa, 50 gela baino gehiagoko horma zein zoruetan aurki daitezke mosaikoak. Emaitza, noski, bikaina da artistikoki, baina, horrez gain, Siziliako villako mosaikoak gure egunetaraino heldu den Erromatar Inperioko klase sozial aberatsen bizi estiloaren, unibertsoaren eta kosmogoniaren erakusle aparta ere badira.
Erromatar Inperioaren gainbeheraren garaiko villa
Villa del Casale Sizilia barnealdean kokatuta dago, Piazza Armerina udalerrian, balio historiko eta monumental handiko bertako herrigunetik gertu. IV. mendearen hasieran eraiki zuten, III. mendean abiatutako Erromatar Inperioaren gainbehera izugarriak eten txiki bat izan eta Mediterraneoko uharte handiena Mare Nostrum-eko merkataritza ibilbideen erdigune bilakatu zenean berriz ere. Garaiko nolabaiteko oparotasun ekonomikoari beste faktore bat ere gehitu behar zaio: aberatsak urbis edo hiri nagusietatik ihes egin eta ager edo nekazaritza guneetara joaten hasi ziren euren etxaldeen ardura zuzenean hartzeko. Hori dela eta, villa ugari sortu ziren, zein baino zein arranditsuagoa.
Testuinguru horretan, landa eremuko latifundio handi bateko erdigune izan zen Villa del Casale. Funtzio administratiboak zein ordezkaritza arlokoak betetzen zituen egoitza batek eta erosotasun guztiekin hornitutako jauregi itxurako eraikin batek osatzen dute. Hainbat aukera aipatu izan badira ere, ez dago argi nor izan zen bertako jabea. Hori bai, tamaina, egikera, egitura eta dekorazioa ikusita, zalantzarik ez dago jabea jatorri oso altuko norbait zela, aristokraziako kidea edo agian baita Erromako senataria ere.
Bada begirada are gorago jarri duenik ere: Marko Aurelio Valerio Maxentzio enperadorea bera. Hori bai, onarpen handieneko hipotesien arabera, honako hiru hauetakoren bat izan zen jabea: Lucio Aradio Valerio Proculo Populonio gobernadorea, Gaio Cenonyo Rufio Volusiano praefectus urbis-a edo azken honen seme Gaio Cenonyo Rufio Albino kontsula. Jabea edozein izanik ere, argi dagoena da ez zela txikikerietan ibili: berebiziko interesa erakutsi zuen gainontzeko guztien aurrean bere oparotasuna erakusteko.
Villa del Casale impluvium eran irekitako erdiko patio errektangular handi baten inguruan eraikitako elkarri atxikitako hainbat eraikinek osatzen dute. Patioa peristilo batekin zedarrituta dago eta lorategi batek inguratutako urmael apaingarri eder bat ere badu. Patiora zutabe jonikoen atrio batek azpildutako ferra formako beste patio monumental bitxi bat zeharkatuz heltzen da. Bertatik termetara ere sar daitezke, palestra biabsidial luze bat zeharkatuz. Termetan frigidarium, tepidarium eta caldarium klasikoak aurkituko ditugu; azken horretan, baita ur tinak eta izerdi bainuentzako aire berozko laconicum bat ere. Hipokaustoaren kontserbazio egoera ona ere aipatzeko modukoa da.
Patioaren iparraldean eta hego-ekialdean administrazio lanetarako aretoak, bisitarientzat logelak, sukaldea eta jangelak daude. Ekialdean, berriz, harrera egiteko gunea, abside erdizirkular batek itxitako areto errektangular handi batek eta basilikaren espazio garden eta solemneak osatua, zeina patiotik 65 metroko luzerako eta 5 metroko zabalerako korridore luze batek banatzen duen, abside banarekin azkenduta. Basilikaren eskuinera eta ezkerrera logela pribatuak, senitartekoen gelak eta zerbitzarienak daude. Hegoaldean, azkenik, beste eraikin multzo bat dago, kofadurek eta logela txikiek inguratutako aire zabaleko peristilo obal batek osatua; estalitako triclinium baten patio gisa erabiltzen da peristiloa, hau da, hiru absideko areto baten patio gisa.
Puzzle polikromo ikusgarria
Baina zalantzarik gabe, villako aipagarriena bertako mosaikoak dira. Ez da harritzekoa, gure egunetara heldu den erromatar talentu teselatuaren adierazgarri bikainetakoa osatzen baitute. Domus-aren presentziaren berri XVIII. mendean izan zuten adituek, eta, XIX. mendean zehar, pixkanaka-pixkanaka eraikinen hondakinak eta mosaikoak azalarazten hasi ziren. Zenbait esplorazio partzial ere egin zituzten, baina 1950eko hamarkadan Gino Vinicio Gentili arkeologoa agertu arte ez zen aztarnategia sistematikoki hondeatzeko egitasmorik izan. Arkeologoaren ahaleginak ezusteko emaitza izan zuen, XII. mendean izandako uholde baten ondorioz buztinak estalitako -eta egoera bikainean gordetako- altxorraren benetako balioa azaleratzen hasi baitzen.
Villa del Casaleko mosaiko multzotik zerbait nabarmentzen baldin bada, zalantzarik gabe, mosaikoen kontserbazio egoera bikaina da. Behin hori esanda, baina, mosaiko kopurua altua eta mosaikoen kalitatea eta edukia ere derrigor aipatu behar dira. Kolorezko zati txikiekin era guztietako giroak sortzen dira Siziliako villa ederrean, puzzle izugarri handia osatuz gainera.
Puzzle polikromo horrek fantasia euklidearretara, motibo begetaletara eta errealismo izugarriarekin egindako animalien eta gizakien irudietara eramango gaitu. Bertatik paseatzeak eztanda estetiko paregabe batera eramango gaitu; lerro zuzenen, kurben, txirikorden eta korapilo salomonikoen abstrakziotik, naturalismo gorenera. Erromatar panteoiko jainkoen bilakaera mitikoekin zein eguneroko jarduerekin egingo dugu topo, jolasetik kirolera, erotismotik ehizara, haur irudimenetik dantzara... doazenak.
“Emakumeak bikinian”
Zalantzarik gabe, mosaikorik ezagunena lehen aipatu duguna da; hau da, “Emakumeak bikinian” bezala ezagutu ohi dena, benetan “Stanza delle Palestriti” (“Gimnasioaren gela”) deitzen bada ere. Bi izenon atzeko arrazoiketa agerikoa da; lehenarena, mosaikoan dozena bat emakume agertzen direla bikinian, eta bigarrenarena, ez gaudela hondartza bateko irudi baten aurrean, kirola egiten ari diren emakumeen aurrean baino. Hori bai, emakume kirolariona ez da inolaz ere Villa del Casalen aurkituko dugun aparteko konposizio bakarra; bata bestearen atzetik aurkituko ditugu lan bikainak, euren argitasun, adierazkortasun eta baita emozioak sortzeko gaitasunagatik ere harrituko gaituztenak.
Jangelan dagoen “Ehiza handia” benetan da aipagarria; xehetasun izugarriarekin irudikatzen du Afrikako eta Asiako animalia basatien ehiza eta garraioa. Kontuan izan behar da animalia erroldoi basatiok benetan bitxiak zirela basapiztiekin egindako zirku ikuskizunak gartsu kontsumitzen zituzten erromatarrentzat. Agian, aipatu obran ikusten dira ondoen egileen arteko ezberdintasunak. Izan ere, hegoaldeko zatia bolumen gabea, ez hain landua den bitartean, iparraldekoan irudiak xehetasun, kromatismo eta sakontasun handikoak dira, mosaiko bizantziarretatik gertuago izanik.
Motibo mitologikoen artean, ezinbestekoa da triclinium-ean geldialdia egitea; bertan Herculesen hamabi lanak deskribatzen dira, guri bereziki “Haur ehiztarien gela” ikusgarria gustatu bazaigu ere. Bertan, besteak beste, txoriek tiratutako gurdien lasterketetan lehiatzen ari diren haurrak ikus daitezke, edo ahate eta erbiak jarraitzen ari direnak. Baina mosaikoen zerrenda amaigabea da ia: zaldiak, zezenak, hegaztiak, felidoak, antilopeak, Polifemo Ulisesen eskutik ardoa hartzen, bitxiz betetako andere handiak, gizonak adventus zeremonian, txakurrez lagundutako ehiztariak basurdeak lantzaz zulatzen...
Bi maitale gazteren arteko eszena erotiko samurra ere aurkituko dugu. Baliteke Kupido eta Psike izatea, iluntasuna atzean utzi eta gero euren maitasunari bide ematen, behin Psike bere ametsetik askatu eta hilezkor bihurtuta Jupiterren laguntzari esker Olinporen anbrosia dastatu eta gero. Bien maitasunetik jaio zen Voluptas, plazeraren espiritua, sexuala izateko beharrik gabe edertasunaz gozatzeak ematen digun atsegina sortzen diguna. Zalantzarik gabe, Villa del Casale ikusgarrian gordeta aurkituko dugun edertasuna.