Eli TXAPARTEGI Thomas SAMSON (AFP)
Hiriak laburrean

Hegra, antzinako sekretuen zaindari isila

Antzinako zibilizazioen bidegurutze komertzial estrategikoa izan zen Hegra (Al-Hijr edo Madain Saleh ere deitua), eta, gaur egun, iragan urruneko herri misteriotsuei buruzko informazio baliagarria isilean gordetzen duen zaindari bihurtu da, bereziki Nabatear Erresumaren ingurukoa. Saudi Arabian gaude, sekretuz eta giro misteriotsuz inguratuta.

Sekretuak isilean gorde izan dituen zaindari isila da Hegra.
Sekretuak isilean gorde izan dituen zaindari isila da Hegra.

Bi mila urtez isilik egon ondoren, Hegra publikoari irekitako arkeologia gune garrantzitsu bilakatu da. Pentsa, zenbait arkeologoren ustez, «Petra hiriaren ahizpa arkeologikoa» da, begien bistakoak omen direlako bien arteko parekotasunak. Al-Ula basamortuaren iparraldean kokatua, Hegra nazioarteko merkataritza gune oparoa izan zen.

Nabatear Erresumako bigarren hiri nagusia ere izan omen zen, zenbait adituren esanetan. Hori bai, arkeologo guztiek argi dute Hegrako aztarnak oso garrantzitsuak direla eta beharrezkoa dela ahalik eta ongien kontserbatzea, pareko altxorrik ez delako beste inon aurkituko. Beldur dira nabatear zibilizazio aurreratuaren sekretuak ez ote diren lurpean ahanzturan geldituko. Madain Saleh aire zabaleko museoa denez, «historia asko dago hemen aurkitua izan zain», diote.

Turistei zabalik

Hebra 2019an ireki zen lehen aldiz nazioarteko turismora; beraz, esan daiteke oraindik ere ez dela helmuga ezaguna, ez behintzat beste zenbait arkeologia gune bezainbeste. Alabaina, historialari asko kezkati daude, uste dutelako turismoari ateak kontrolik gabe zabalduz gero, Petraren urrats berberak jarraituko dituela, zoritxarrez. Izan ere, Petrak milioi bat bisitari inguru izaten ditu urtero eta, ondorioz, Unescok galzorian dauden munduko ondareen zerrendan sartu du.

Gune arkeologikoaren isolamendua defendatzen duten arkeologoek diotenez, Hegra ezinbesteko artxibo historikoa izan daiteke altxor hori eraiki zuen erresuma ezagutu ahal izateko; hau da, inoizko zibilizaziorik enigmatikoenaren sekretuak ezagutzeko. Nabatearrak basamortuan bizi ziren nomadak ziren, eta K.a. IV. mendearen eta K.o. I. mendearen artean bizi izan ziren.

Arabiatik eta Jordaniatik Mediterraneora, Egiptora, Siriara eta Mesopotamiara bitarteko ibilbideak kontrolatzen zituzten. Merkatari ezagunak ziren, bereziki espezienak. Intsentsua eta mirra bezalako produktu usaintsuen merkatariak ere baziren, garai hartan oso preziatuak zirenak, batez ere, erlijio-zeremonietan.

Ondo kontserbatutako hilobiak

Gamelu karabana luzeak igarotzen ziren etenik gabe Hegratik, piperbeltzez, jengibre-sustraiz, azukrez edo kotoiz kargatuta. Gaur egun, 111 hilobi biltzen ditu bertako gune arkeologikoak, xehetasunez zizelkatuak eta ondo kontserbatuak. Hilobi handienak, Lihyan Son of Kuza, 72 oineko garaiera du.

Aztarnategiak gordetzen duen aberastasuna hain da garrantzitsua, ezen Unescok Saudi Arabian munduko ondare izendatutako lehen lekua den, nabatear zibilizazioa ongien kontserbatu den tokietako bat delako. Horrela goraipatzen du Unescok, hitzez hitz, munduan bakarra den konplexu arkitektonikoa: «Fatxada apainduak dituzten hilobi monumentalak ditu, kontserbazio egoera onean daudenak, K.a. I. mendearen eta K.o I. mendearen artekoak.

Gainera, nabatear kulturaren aurreko berrogeita hamar bat inskripzio eta labar-pintura ere baditu aztarnategiak. Beraz, aparteko testigantza da, zalantzarik gabe. Bertako putzuak eta 111 hilobi monumentalak, horien artean 94 apaindutakoak, nabatear arkitekturaren eta teknika hidrauliko aurreratuen erakusgarri bikainak dira».