Testua Ekhi MARTIN Argazkiak Charly TRIBALLEAU - Alex HALADA / AFP

Gezurrezko elurra

Negu epelaren ondorioz, Europako eski estazioak elurrik gabe daude. Pandemia ostean bezero asko erakartzeko itxaropena zuen negozio horrek, baina bere ametsak zapuztuta ikusi ditu. Horri aurre egiteko modua elurra sortzea da, kanoien bidez, praktika horrek dakartzan ondorio kaltegarriak kontuan izan gabe.

Eskiatzaileak elurra zapaltzeko irrikaz daude, baina aurtengo negua ez da horretarako aproposa izan. Europako hainbat pistatan ateak ireki eta aste gutxira itxi behar izan dituzte, elur faltagatik. Pandemiaren ostean denboraldi ona izateko itxaropen guztiak zapuztu dira, eta nahiz eta oraindik hotza eta elurteak iristear dauden, leku askotan elur-kanoiak erabili behar izan dituzte zabalik zeuden pistak duintasunez mantendu ahal izateko.

Altuera eskaseko lekuetan ari dira pairatzen negu epelaren ondorioak; hain zuzen, gertuen ditugun Pirinioetan. Garaiera handiko lekuetan, Alpeetan esaterako, eski estazioek ia normaltasunez ari direla esan dute, pista batzuk itxita dituzten arren. Denboraldia luzatzeko, elur-kanoien erabilera ezinbestekoa izango dela dirudi, eta, itxura denez, etorkizunerako joera ere hori da. Hori dela eta, elurra egoera epelagoetan sortzeko gai diren teknologiak garatzen hasi dira. Kanoi berri baten sorkuntzan ari dira enpresak, zeina -2 °C eta 24 °C-ren artean elurra sortzeko gai den. Hau da, udan ere eskiatu ahal izango da etorkizunean.

 

Getty

Uraren bide naturala

Horrek, berriz, kalte ekologikoak dakartza, ez baita zentzuzkoa ura xahutzea lehortea dagoenean, etxebizitzetako kontsumoan mugak jartzen direnean, Katalunian joan den azaroan gertatu zen bezala. Elurra sortzeko erabiltzen den ura menditik jasotzen dute eta hori berriro urtzen denean ez da ziklora itzultzen, beste isurialde batera erortzen baita; hala, ibilbide naturala hankaz gora jartzen da, bidean ura jasoko ez duten landare ugari ere galtzen direlako, eta horrek zuzenean eragiten du faunan.

Bestalde, elurra sortzeko prozesua lorategi bat modu automatikoan ureztatzea bezalakoa da, eta, horretarako, alde batetik, ingurunea eraldatzea beharrezkoa da (kanoiak instalatzeko), eta, bestetik, eremu hori ohi baino denbora luzeagoan «ureztatzeak» ez du onik ekartzen, beste behin estazioaren eta haren inguruan dagoen flora eta faunari zuzenean eragiten baitio.