Itsaso B. GANUZA Getty Images
HAURREK SORTUTAKO ABENTURA LONDRESEN

Sorry! Umeak gara

Londresera umeekin? Ziur al zaude? Bai zera! Jende asko harritzen da haurrekin atzerrira bidaia egitea bururatzen zaizunean. Baina zergatik?: beldurra, deserosotasuna, ziurtasunik eza, ez jakitea... Arrazoiak edo aitzakiak? Berdin da, egia esateko ez da hain zaila eta, aldiz, oso aberasgarria izan daiteke bai haientzat bai helduentzat. Eta Londres helmuga oso aproposa da lehen aldirako.

Bidaia bat gure buruaren barnean gorputza hartzen hasten denean behin eta berriro, gauza berberei begiratzen zaie, hots, monumentuak ikusi, kalez kale ibili, lekuak ezagutu, erosketak egin... betiere helburu zehatza abiapuntutzat harturik, hau da, ahalik eta gauza gehien egitea. Umeekin bidaiatzen denean, berriz, beste mota bateko asmoa izan behar dugu kontuan, ez badugu nahi behintzat haurrak aspertu eta nagusiok zora gaitzaten. Bidaia bizitzaren joan-etorrian murgilduta sortuko zaie, eta beraien izaerarekiko harreman zuzena izan dadin ahaleginduko gara hasiera-hasieratik.

Horixe bera izan zen gure eginkizunaren ardatza, gure seme-alabekin Londresera joatea bururatu zitzaigunean. Bikote bakoitzak bere umeak ezagutzen ditu, baina, hala eta guztiz ere, ez dago sobera haiek zer egingo luketen galdetzea, behin baino gehiagotan nabarmen harritzen baikaituzte gaztetxoek dituzten gogo, gustu, jakinmin eta nahiek.

 

 

Getty

Bidaia bizi

Gure aurrean hiri berri bat daukagu, guztiz ezberdina, ezezaguna eta arrotza, baina aldi berean oihuka ari zaiguna hartan barnera gaitezen. Lurrari ezohiko usaina dario eta haizeak giro arraroa dakarkigu; hau dena, ordea, zeharo erakargarria. Metrora abiatu eta planoa eskuratu dugu, eta horra hor non agertu zaigun gure lehenengo betebeharra: labirinto itzelak irentsiko gaitu eta ez dakigu oso ondo hemendik onik ateratzeko gai izango garen. “Ama, mesedez, jakina baietz! Ekarri planoa eta denon artean topatuko dugu bidea”. Esan eta egin, baita ondo moldatu ere, geltoki ugaritasuna, linea aldatu behar izatea, denboraren neurketa, dena dago jolasaren barruan, eta umeek primeran eraman gaituzte Londresko nahaspila sakon eta zabal horretan zehar.

Metrotik kanpora irten bezain laster irudimena nagusitzen da gure inguruan. Hiri honetako edozein auzok, kalek edo txokok bere historia baitakarkigu gogora. Gu ere, nagusiok, prest gaude abenturaz osaturiko ibilbidea egiteko; beraz, hortxe gaude “Diagon Karrikaren” erdian, magia egiteko behar diren tramankulu guztiak erosten (Leadenhall Market, “Harry Potter” filmetako zenbait sekuentziaren grabazio tokia). Halaber, King`s Cross geltokira hurbildu eta Hogwartsera eramango gaituen trena hartu ahal izango dugu. Baina abentura ez da honekin amaitzen; alderantziz, hasi besterik ez dela egin esan genezake. Hurrengo urratsek Sherlock Holmesengana garamatzate, harekin batera bere etxea ezagutzeko aukera bikaina emanez, eta etxea ez ezik baita bere etsai nagusienetako bat ere: Moriarty doktorea. Bizi-bizi ari gara, baina bizitzak ere baditu kontuz ibiltzeko uneak eta egoerak. Horretaz konturatu gara, bai, Whitechapel auzoan barna ibili ahala. Hemendik gelditu ziren sakabanaturik Jack the Ripper izeneko hiltzaile ospetsuaren aztarnak, kaleetako bizitasunaren erdian batzuetan suerta dakigukeen errealitate mingotsa.

 

 

Getty

Iragana eta oraina gugan elkartzen direnean

Poliki-poliki Londres hiria pixka bat gurea balitz bezala sentitzen hasi gara. Dagoeneko ez gaude harrietatik horren urruti, eta, gure umeen begietatik so eginda askoz hurbilagoa sumatzen dugu: “Begira antzinako zubi horrek dituen dorreak! Dotoreak dira oso, baietz?; eta errekaren bestaldean dagoen gaztelu horretan nor bizi zen? Goazen, goazen noria itzel horren goiko aldetik zubia eta gaztelua nola ikusten diren begiratzera...”. Dena gure esku dago, iraganeko “London Tower“, oraingo “London Eye” eta betiko haien arteko elkarbidea izango den “Tower Bridge”.

Bidaiariak bezala haurrak ere ez dira inoiz geldirik egoten. Leku guztiak ditugu aztertzeko, aldapa eta eskailera guztiak igotzeko, zubiak eta gotorlekuak zeharkatzeko. Oraingo honetan, hiri honetako historiak agurtzen digu ozen eta argi, baina ahaztu gabe egungo bizimodua indar osoz ari zaigula bultza eta bultza. Horretan datza gure ibilbide zehatz honetako ikasgai berezia, hots, hauxe izango dugula: iraganekoa eta oraingoa elkarturik topatzea. Londres hiriari pixkanaka hurbiltzen ari gatzaizkio, gure umeak gidari ditugula. Beraiek zer ikusi eta zer egin nahi izandako horren arabera mugitzen gara gu, nagusiok ere.

 

 

Getty

Era horretan, bidaiatzeko beste modu bat berpiztu dugu gure motxilan. Londres hiriak, gainera, hori lortzeko aukera ezin aproposagoak eskaintzen dizkigu; hara hor, hiritik irten gabe naturari zeharo loturiko ibilbide zoragarriak, “Hampstead Heath” eta “Highgate Wood”, hain zuzen ere. Lehenengoa, Londresko toki irekien arteko politenetarikoa, zuhaiztiz eta mendixkez osaturik agertuko zaizkie geure oin ibiltariei. Bigarrenak, ordea, baso handi baten itxurakoa izanik, aukera ezberdinak jarriko dizkigu parean: ibilbide ederrak, kirola egiteko ekintza ezberdinak, hegaztien behaketa... Gure kasuan, jolasa eta inguruaren ezagupena izan dira egokitu zaizkigun eginkizun gogokoenak, batez ere guregana urtxintxa polit bihurri haiek hurbildu direnean. Ezin lotsagabeago, hara non datozkigun zuzen-zuzen janari bila, jolasteko gogoz eta haien abiaduraren ikusgai kukuka dabilzkigula. Une aproposa da naturaz goza dezagun lasai asko, haizearekin eta lurrarekin harremanetan jartzeko, haiekin zein basoetako biztanle ezberdinekin bat eginik. Ez da hau izango aukera bakarra, kontuan hartuz gero “Green Park” eta “Hyde Park” leku ezin hobeak direla atseden eta jolas uneak bilatzen dituenarentzat: oso garrantzitsuak haurrekin bidaiatzen denean.

 

 

Getty

Momia bat dinosauro baten gainean

Lekuan leku eta bertan dagoenari mami osoa atera nahian, Londresek beste mundu batzuetan sartzera gonbidatzen gaitu. Gu, laurok, prest baino prestuago agertzen gara, gogoz beteta, biziki urduri, amorratzen... gure zain ditugu antzina bizi izan ziren herrietako kultura, artea, izaera, ohitura harrigarriak; eta halaber gure lurra eta bizitza bera nola sortu ziren ezagutzeko bidea. “British Museum” alde batetik, eta “Natural History Museum” bestetik, adiskide eta bidelagun gerturatzen zaizkigu. Ekin diogu, ba, bideari, baina bi urrats ibiltzea nahikoa izan da gure egunerokotasuna hainbat urte atzera bidaltzeko, era berean, gu ere, denboran zehar bidaia egiten ari garela. Bat-batean diplodoco baten hezurduraren aurrean gaude, sekulakoa, baina ez bakarra, apur bat aurrerago kobazulo erraldoi baten barruan topa baitezakegu geure burua, dinosauro ezberdinez inguratuta. Dena den, ez da hortxe amaitzen gu guztion harridura, onena hurrengo tunelean entzuten hasi baikara: guri begira eta orroka ari zaigun “T-Rex” beldurgarria aurkitu dugu. Aro ezezagun honetan denetarik bizi izateko aukera dugu, ekaitzek sortzen dituzten indarrak, lurrikarek eragindako lurren joan-etorriak, sumendietako su jarioak eta Ama Lurraren bihotza bera ere.

 

 

Getty

Errealitatea eraldatu egin dugula ematen du. Baina ez dugu egoera berri honetatik atera nahi, ez horren goiz bederen. Umeei begiratuta, buruan ideia bera dugulako, barre egiten diogu elkarri. Ez, ez dugu oraindik denboran zeharkako bidaia amaitutzat joko, antzinako herrien artean zer egin, zer ikusi eta zer ukitu badaukagu eta. Hortaz, harriei begira jarri gara, eskulturen lekua hartu dugu eta momia zaharrei galdetu diegu. Dena baliagarria da gure irudimenari hegoak emateko. Ezer ez da gutxi, eta guretzat opari bihurtzen da aurkikuntza bakoitza. Ez gaude galduta, bidaia berezi honetan goazen bitartean. Bidaia eta bidea gureak dira, gertakizunak eta pasadizoak guregandik ateratzen baitira, eta irudikatzen duguna errealitatera erakartzeko gai ikusten dugulako geure burua. Hauxe gozamena, hauxe barre egiteko gogoa, momia harrizko zaldi baten gainetik erortzeko zorian egon denean; hauxe zoramena, gurasook umeak izateko gaitasuna berreskuratu dugu eta.

Izugarri gustatu zaigu Londres hiria. Barne-barnetik dastatzen saiatu gara, eta, seguru asko, ideia horretan beste eginkizun batzuetan baino gehiago sakontzen ibili ere. Baina horixe bera zen gure helburua hasieratik, hau da, ikusten genuena sentitu eta gozatu gure seme-alabekin batera, haiek duten ikuspuntutik ahalik hurbilen egonda. Denok gara bidaiariak; horregatik, denok parte hartu behar dugu bidaian. Bidaiari txikiek beti dute zerbait berria aztergai eta, batez ere, aztertzeko modu berezia. Umeak ume... eta bidaia honetan nagusiok ere bai, zergaitik ez?