Testua: Roge BLASCO. Argazkiak: Oihan BLASCO eta Marta INSAUSTI
Entrevue

Marta Insausti, munduari bira Royal Enfield motor batean

Marta Insausti Madrilen jaio zen 1963an, familia gipuzkoar batean. 2012an bularreko minbizia diagnostikatu zioten, III. gradukoa. Heriotza pare-parean ikusi zuen eta egoera horrek bizitzaren zentzua aldarazi zion. Aldi berean, krisi ekonomikoak bere enpresak ixtera behartu zuen. Horrez gain, dibortziatu egin zen. Ordura arte zeukan egonkortasuna hankaz gora jarri zen, jada ezer ez zen segurua, baina dena posible zen, ilusioz hutsetik hasiz gero.

18 urte zituenetik gidatzen du motorra, bere pasio handia. Kimioterapia jaso zuen hilabeteetan Marta Insaustik Europako mapa zabaldu eta motor ibilbideak marrazten zituen, gaixotasunetik osatu ondoren ustez egingo zituenak. Ez zuen aurretik sekula bidaia luzerik egin motorrez, eta bere buruari agindu zion sendatuz gero egin egingo zuela.

Duela urte askotik zeukan Indiako Vicente Ferrer Fundazioa bisitatzeko gogoa. Bonbilla piztu zitzaion: «Orain da unea!». Indiar motor klasiko bat erosi zuen, “La Chiquitita” izena jarri zion Royal Enfield bat.

2019ko irailaren 16an arrankatu zuen motorra Madrilgo Puerta del Solen. 56 urte zituen Veneziarantz abiatu zenean. Dalmaziar kostaldean, Balkanetan, Bulgarian eta Turkian barrena jarraitu zuen, Iraneraino. Han, Marta alaba batu zitzaion, herrialde hori elkarrekin zeharkatzeko. Bi hilabete zeramatzan bakarrik eta alabarekin elkartzea sekulakoa izan zen. Egun guztiak ezin zirraragarriagoak ziren.

Emakume irandarrekin harremanetan jarri ziren; oso modernoak, ikasiak, unibertsitate-ikasketadunak ziren, eta bidean jarraitzera bultzatu zituzten; izan ere, beren kasa motoz zebiltzan bi emakumek haien herrialdean eredu ona eman zezaketela erakusten zuten. Marta biek bihotz puska bat utzi zuten betiko Iranen.

Hurrengo urratsa Irandik Pakistanera igarotzea izan zen, Balutxistan eskualdean barrena, planetako ibilbiderik arriskutsuenetako batean. Militar balutxeek eskoltatutako konboian egin zuen, kuarteletik kuartelera, lotarako horietan geratuz.

Amritsarretik sartu zen Indiara. Anantapurren Vicente Ferrer Fundaziora iritsita helburua bete ondoren, munduari bira emateko asmoari eutsi zion. Myanmar zeharkatu zuen, Thailandiara iritsi zen, eta handik Zeelanda Berrira eta Txilera jauzi egin zuen. Han, covid-19aren pandemiak motorra Santiagon aparkatzera eta Madrilera itzultzera behartu zuen.

Bi urteko itxaronaldiaren ondoren, 2022ko martxoaren 2an errepidera itzuli zen Amerika hegoaldetik iparralderaino zeharkatu eta New Yorken amaitzeko.

Marta Insaustik sei hilabetez Europan eta Asian eta bederatzi hilabetez Amerikan gidatu du “La Chiquitina”, eta guztira 50.000 kilometro inguru egin ditu.

Hainbeste ezbehar izan eta gero, Madrildik bakarrik atera zinenean guztiz konbentzituta zeunden?

Bada, bai. Aurretik ez nuen horrelako bidaia luzerik egina, eta abenturazalea ere ez nintzen. Azken urteetan gauza asko gertatu zitzaizkidan, maila guztietako hondamendia izan zen, dena bat-batean; oso gogorra izan zen. Denbora behar nuen neuretzat, segurtasunetik urrundu eta beste bizitza bat aurkitu behar nuen. Gogoratu nuen aspalditik bisitatu nahi nuela Vicente Ferrer Fundazioa Anantapurren, “Emakumetik emakumera” izeneko programa batean parte hartzen dudalako. Ilusioa egiten zidan proiektu horri aurpegiak jartzeak. Aldi berean, motorrean bidaia bat egitea nerabilen buruan. Kableak gurutzatu zitzaizkidan eta txispa piztu zen: Indiara joango nintzen motor batean biraka, eta, iristen banintzen, aurrera jarraituko nuen munduari osorik bira eman arte. Marmar hori geratu zitzaidan eta “aurrera” esan nuen neure baitan. Data bat ezarri nion neure buruari eta 2019ko irailaren 16an errepidean nengoen.

Sekulakoa izango zen Iranen zure alabarekin elkartzea, ezta?

Bi hilabete neramatzan bakarrik, eta Teheraneko aireportuan elkartu ginenean elkar besarkatu, barrez hasi eta hau esan genuen: “Gogorra da hau, burutik eginda gaude!”. Oso berezia izan zen bi emakume Iranen barrena motorrez ibiltzea. Irandar emakumeekin elkartzea luxua izan zen; ez dugu inoiz ahaztuko, une oro emozioak jota negar egiten genuen. Konturatzen zara zure bidaiak hunkitu egin ditzakeela eredu gisa ikusten zaituzten pertsona batzuk. Ederra izan zen.

Kasualitatez, munduari emandako bira honetan bidean barrikada asko aurkitu dituzu.

Bengalan (India) errepideak moztuta zeuden eta manifestazioak zeuden Gobernuaren kontra, hinduistak laguntzen eta islamistak diskriminatzen dituela-eta. Mendi artean oihanean sartu behar izan nuen eta bi aldiz erori nintzen. Leher eginda iritsi nintzen Myanmarreko mugara. Indian utzi nuen energia guztia. Oso gogorra da herrialde horretan motorrean ibiltzea.

Ekuadorren Andeetako Cuenca hirian nengoela, indigenek grebari ekin zioten. Herrialdeko errepide guztiak moztuta geratu ziren. 18 egun neramatzan geldirik. Dena itxita zegoen, ez zegoen jatetxerik, supermerkatuak hutsik zeuden, ez zegoen gasik ez gasolinarik. Hiri fantasma bihurtu zen. Egoera larria zen, ez bainuen janaririk. Atzerritarrek herrialdetik alde egiten zuten, baina ni nire motoarekin nengoen.

Guayaquileraino iristeko gasolina neukan. Zamaontzi-enpresa batekin harremanetan jarri nintzen eta Kolonbiara eraman nintzakeela ziurtatu zidan. Neure burua arriskatu nuen errepidera aterata mundu guztiak kontrakoa gomendatzen zidanean.

Barrikadaz barrikada, indigenak konbentzitzen aritu behar izan nuen pasatzen utz ziezadaten. Ahalegin handiz aurrera egin nuen, baina halako batean hondeamakina batek suntsitutako puntura iritsi nintzen. Ezin nuen aurrera egin. Herri txiki batean sartu nintzen. Ez nuen jatekorik eta ez nekien zein erabaki hartu.

Emakume bat hurbildu eta errepide nagusiraino ematen zuen mendi arteko bidexka bat hartzeko esan zidan. Motoak pisu handia zuen bidexka hartan sartzeko, baina emakumeak animatu egin ninduen esanez Espainiatik etortzea lortu banuen astiro eta lasai joanda iritsiko nintzela nire helmugara. «Arrazoi duzu, ba», erantzun nion. Paisaia ikaragarri ederrak zituen bidetxo bakarti hari ekin nion, baina eroriko ote nintzen larritasunarekin. Ordu batzuk geroago errepidera sartu nintzen eta berriro moztuta aurkitu nuen. Mototik jaitsi, izerdiagatik arropa aldatu eta indigenekin eseri nintzen.

Geneukan gauza bakarra partekatu genuen: gaileta-poltsa bat, berriketan aritu bitartean. Motorra barrikadaren gainetik pasatu zidaten eta hurrengoraino lagundu ninduten. Benetako abentura-egun baten ondoren, Guayaquilera iritsi nintzen.

Okerrena izan zen karga-enpresak ez zuela itsasontzirik erabilgarri. A ze zorte txarra. Cuenca hiri polita da behintzat, baina Guayaquil portu-hiria da, arriskutsua eta garestia. Desastrea! Eskerrak hiru egunen buruan greba amaitu zen. Hortik aurrera oso azkar atera nintzen herrialdetik, atzerako ispilutik begiratu gabe.

Zer zenuen zain Kolonbian?

Xelebrea izan zen, zeren egun batean Liman, kalean paseoan nenbilela, Royal Enfield motor pare bat ikusi nituen aparkatuta. Jabeei kontatu nien munduari buelta ematen ari nintzela antzeko motor batean. Elkarrizketa grabatu zidaten, eta kontua da motorren inguruko influencer horietakoak zirela, milaka jarraitzaile kolonbiar dituztenak. Motorzaleei dei egin zieten zain nintzaten Kolonbiara iristean, herrialde abegitsua dela erakusteko. Ezin duzu imajinatu! Sare sozialak lehertzear nituen. Hirietan, herrietan, errepideetan… zain nituen. Zoramena izan zen. Ezin nuen sinetsi, amets bat ematen zuen.

Zer-nolako esperientzia izan zenuen Erdialdeko Amerikan, izaera markatzen duen geografia horretan?

Nikaraguan, muga infernua izan zen, motorrei mania berezia dietela uste dut. Oso gaizki tratatu ninduten, despotismoz, oso desatsegina, oso-oso antipatikoak. Ez dut halakorik topatu planeta osoan inon. Gainera, Nikaragua super polita da, sumendiz inguratua, batzuk itzaliak eta beste batzuk sua botatzen, eta nikaraguarrak xarmagarriak dira.

Hondurasko mugan baziren gizon batzuk funtzionarioak izan gabe ere herrialdea gurutzatzeko dirua eskatzen zidatenak. Ordaintzen ez bazenien, aurrera egiten ez zuen ilara luze batean jartzen zintuzten, eguzkitan. Ordaintzen zuena beste toki batetik joaten zen eta berehala artatzen zuten. Haserrealdi ederra hartu nuen; El Salvadorrera iritsi arte ez nintzen gelditu ere egin.

Herrialde horretan muga gardena zen, gauzak errazten zizkizuten. Poliziaren presentzia handia zen. Igaro nituen herriak oso lasaiak ziren, baina San Salvador beste kontu bat da. Auzo batzuk azkar gurutzatu behar izan nituen, horietatik bizirik aterako ez nintzen sentsazioagatik. Emakumeen aurka astakeriak entzun nituen jendea solasean zenean. El Salvadorrek gerra bat bizi izan du eta horrek indarkeria handia sortzen du.

Guatemalara iristean maien munduan sartzen zara eta asko flipatzen duzu. Esan daiteke oso benetakoa dela, itxurakeriarik gabea. Atitlan lakua bere herriekin, bakoitza bere bizimodu, erlijio eta erritu maiekin. Antigua hiri koloniala da, eta xarma berezia du. Ikusi gabe utzi ezin den herrialdeetako bat da. Nik esaten dut Guatemala eta Iran izan direla bidaiako nire bi aurkikuntzak. Ahal dudanean bietara itzuli nahi ditut, hobeto ezagutzeko.

Pasaportean Iranen zigilua izan arren, Estatu Batuetako muga pasatzea lortu zenuen, abentura epiko bat bizitzen ari zinela aintzat hartu baitzuten. Baina New Orleansen matxura larria izan zuen Royal Enfield-ak.

“La Chiquitita”, «klak, klak!» egin, eta gelditu egin zen. Orduan, Royal Enfielden kontzesionario tailer batera eramatea erabaki nuen: oliorik gabe geratu zen eta jada ez zuen balio. Itxura denez, Mexikon, eraman nuen tailer batean, guztiz hondatu egin zuten.

Jakin nuenean negar-malko potoloak atera zitzaizkidan eta mekanikaria nitaz errukitu eta, azkenean, beste Royal Enfield bat utzi zidan New Yorkera iristeko. Hala, Appalacheetan barrena joan nintzen udazken betean. Koloretako ikuskizuna izan zen.

New Yorkera azkar iristen saiatu nintzen, Bularreko Minbiziaren Aurkako Nazioarteko Egunarekin bat egiteko, 2022ko urriaren 19an.

Hortaz, amaiera bikaina izan zela uste dut, munduari bira ematearen helburua minbizia tratatzeko eta sendatzeko ikerketan aritzen den CRIS fundaziorako dirua biltzea baitzen.