JIM WATSON (AFP)
Munduan pasieran

Potomac-eko «flota fantasma», itsas hilerri handiena

Mallows Bayn, Marylanden, munduko itsas hilerririk handienetakoa dago; Potomac ibaian, zehazki. AEBetako ontzigintzaren historiako 200 ontzi-hondakin baino gehiago ditu, eta gerra-gertakariei lotutako historia gorabeheratsua. Gaur egun, itsas santutegi bitxia da; berezko ekosistema du, hegazti-espezie ugari biltzen dituena. Estatu Batuek, Lehen Mundu Gerran sartu ondoren, itsasontziak masiboki eraikitzeko proiektu bat jarri zuten abian, 1917an, eta ontzi gehienak garai hartakoak dira.

Gerra-hornigaiak bidali behar ziren Europara denbora errekorrean, alemaniar itsas armada munduko merkataritza-ontziak suntsitzen ari zelako. Ontziak azkar eraiki behar ziren erasoa berehala geldiarazteko. Premia asetzeko eta itsasontzien ekoizpena handitzeko, Estatu Batuetako Bidalketen Batzordeak Emergency Fleet Corporation sortu zuen plan zehatz batekin: altzairuzko, hormigoizko eta zurezko itsasontziak eraikitzea 17 estatutako 40 ontziolatan. Porrota izan zen!