Testua: Roge BLASCO Argazkiak: Mikel BRINGAS
Entrevue
Mikel Bringas
Heziketa Fisikoan doktorea eta bizikletazalea

«Seme-alabekin bazoaz, haien beharretara egokitu behar duzu bidaia»

Mikel Bringas (Donostia, 1969) Heziketa Fisikoan doktorea eta bizikletazale amorratua da, bai hiriko txirrindulari gisa, bai ziklo-bidaiari bezala. Rosa Lizaso emaztearekin zenbait zeharkaldi egin ditu bi gurpilen gainean Asiako hego-ekialdean, Kuban, Costa Rican eta Iberiar penintsulan. 2005ean, eztei bidaia egin zuten, tandemean Euskal Herriari itzulia emanez, gurditxo batean 9 hilabeteko Eki zeramatela.

Lur alaba jaio zenean, bidaia ugari egin zituzten, tartean hiru hilabetekoak. Pedalei eragin zieten Europa kontinentalean (2009), Zeelanda Berrian (Kiwizibidaia, 2011), Senegalen eta Gambian (2014), Islandiako itzulian (2015) eta Ekuador-Galapagoetan (2017).

Azken urteotan, Mikelek bere kabuz gozatu du zenbait abenturaz: Kardum Lah (5.400 m) igo du Ladakhen, Atlas, Trasalpina, Ingalaterrako hegoaldea (Ciclomelet) patata-tortilla prestatzen ostatuaren truke, eta Iberiar penintsula lau zatitan (Biziberica 2020-2021).

Bringasen bakarkako erronka nagusia Great Divide Mountain Bike Route izan da. Asfaltoz kanpoko munduko bizikleta ibilbiderik luzeena da: 4.339 kilometro eta 45.618 metroko igoera (Everest zazpi aldiz!). Banff-en hasten da, Kanadako Mendi Harritsuen parkean, Estatu Batuetan sartzen da, eta, azkenik, Antelope Wells-en du helmuga, Mexiko Berrian.

Ziklo-bidaiaria izan aurretik, frontoietako munduarekin lotuta egon zinen, eta doktore tesia egin zenuen euskal pilotaren estrategiari, taktikari eta teknikari buruz. Nola pasatu zinen bizikleta eta bidaien mundura, egun duzun zaletasun nagusira?

Gaztetan, euskal pilota buruan izaten nuen egun osoan, eta asko gozatzen nuen. Lehenik, jokalari gisa, gero entrenatzaile, teknikari eta kudeatzaile lanetan zenbait federaziotan, eta, azkenik, ikertzaile bezala. Hori izan zen nire bizitza 35 urterekin, Eki izan genuen arte. Hamarkada bat lehenago, Rosa eta biok bizikletan bidaiak egiten hasi ginen eta harra sartu zitzaigun. Aldaketa progresiboa izan zen; pilota mundutik askatuz joan nintzen eta, aldi berean, gero eta gehiago pentsatzen nuen bizikleta ibilaldiez.

Zorionez, frontoiaren nazioarteko alderdia ezagutzeko aukera izan nuen, hainbat urtez Venezuela, Argentina, Bolivia, Brasil eta Estatu Batuetako euskal etxeak bisitatu nituelako eskolak ematen.

Zure burua mundura zabaltzeko balio izan zizun?

Zalantzarik gabe, nire pentsamoldea aldatu egin zen. Lehen irteera Parisko munduko txapelketara izan zen, 18 urte nituenean. Hor konturatu nintzen beste leku batean nengoela eta interesgarria zela beste herri, ohitura eta kulturak ezagutzea.

Esan dezakegu ziklo-bidaiari gisa hiru fase izan dituzula: lehenengo emaztearekin, ondoren, familian bi seme-alabekin eta, azkenik, bakarka. Nolakoa izan da bilakaera hori?

Hasierako etapa bat dago Rosarekin; bi gazte maiteminduta, dena ederra eta erraza dirudi. Jakina, seme-alabekin konplikatu egiten da. Erritmoa jaitsi egin behar duzu, haien beharretara egokitu, helmuga lasaiagoak bilatu, konfiantza hartu arte. Euskal Herriari itzulia emanez abiatu ginen. Ondoren, Ekik hiru zituenean eta Lurrek urtebete baino ez, Europan zehar hiru hilabetez bidaiatzera animatu ginen. Lehen une txarraren oroitzapena gordetzen dut; egoerak gainditzen ninduela sentitu nuen.

Gau batean gertatu zen. Kanpatu egin genuen, hotz egiten zuen, euria, eta bi seme-alabek lo zakuetan pixa egin zuten. Baldintza oso txarrak ziren. Jaiki ginenean, Rosari esan nion: «Hau ez da bidaiatzeko modua. Ez gara gozatzen ari. Goazen etxera». Eta etxerako bidea hartu eta bost kilometrotara Rosak pentsatu zuen: «Nola joango gara orain etxera, bidaia hau hainbeste prestatu ondoren? Aurrera egingo dugu eta ikusiko duzu nola konpontzen den dena». Konbentzitu egin ninduen; hasierako beldurra zen, lehengo aldia... Une txarretan, Rosa izan da beti moralez bete gaituena. Gero, beste hiru hilabetez Zeelanda Berrira joatera animatu ginen, eta asko gozatu genuen.

Gero, haurrek beste neska-mutilekin sozializatzeko adina zutenean, beste familia batzuekin batera hasi ginen ibilbideak antolatzen. Adibidez, horietako familia batekin egin genuen Islandiako itzulia. Eguzkitan abiatu ginen, baina bat-batean zerua ilundu zen eta berehala euri zaparradak eta haize zakarrak jasan behar izan genituen. Gu, erabat bustita, aldapa gora. Kanpatu nahi genuen, baina dena blai zegoen. Umeak, dardarka, eta nik neure buruari esaten nion: «Baina nork agindu dit niri hona etortzea!». Zorionez, biharamunean eguraldi ona hasi zen, zenbait egunez iraun zuelako eguraldi onak. Azkenean, Reykjaviken amaitu genuen mahuka motzean.

Une batzuetan bidaiak proban jartzen zaitu. Baina egiten ari zarena benetan gustatzen bazaizu, aurre egin behar diozu, eta dena ondo joango da.

Great Divide Mountain Bike Route izan al da zure erronkarik handiena?

Orain askatasun eta esperientzia gehiago dut neure abenturak antolatzeko, eta hau bi urtez prestatu nuen. Egin dudan ibilbiderik ederrenetakoa da. Oso gogorra da, baina zuk ezarritako erritmoaren araberakoa da. Txirrindulari batzuek hiru edo lau hilabetetan egiten dute eta beste batzuek, berriz, martxa bizian. Ofizialki 4.339 kilometro dira, baina kontuan izan behar da suteek eta meteorologiak alda dezaketela eta, ondorioz, batzuetan tarteak itxi egin behar izaten dituztela. Nire kasuan, batez beste 100 kilometro eta 1.500 metroko desnibel positiboa egin nuen etapa bakoitzeko. Nire ustez, ondo dago, trazaduraren %90 asfaltoz kanpo igarotzen baita, lurrezko edo hartxintxarrezko pistak direlako.

4.200 kilometro egin zenituen 43 etapatan, 2023ko abuztuaren 24tik urriaren 8ra. Zein izan da zailtasunik handiena?

Gehien nekatu eta mindu nauena izan da pisten egoera gainazala “washboard”, zoru uhindukoa, denean. Kilometro horietan “bum, bum, bum!” zoaz. Lurra buztintsua da eta, euria ari duenean, bizikletari itsasten zaio gurpilak blokeatuz eta, ondorioz, transmisioak ez du funtzionatzen. Kontrako haize handia ere jasan nuen; egoera horrek fisikoki nekatu egiten zaitu, baina haren zarata hain da gogaikarria, ezen tapoiak jarri behar izan bainituen belarrietan, buruan eragiten zidalako.

Zer egiten zenuen janariz hornitzeko?

Benetako arazoa da zein gaizki jaten duten herrialde horretan. Establezimendu gehienetan, zabor-janaria besterik ez dago, snack, litxarreria eta koloretako edarien eskaintza zabala. Sinestezina da edari azukredunekiko duten menpekotasuna, obesitate indize altuak eragiten dituena. Zahartutako jendea ikusten duzu. Alabaina, botika ugari saltzen dituzte, baita supermerkatuetan ere, txirrindulariek erosten dituztenak, tartean edari isotoniko eta kafeina pilulak. Nik uste dut iturriko urarekin eta ezer gutxi gehiagorekin aurrera egin daitekeela era berdinean.

Zeintzuk dira Great Divide Mountain Bike Routek ukitzen dituen estatuak?

Banff da abiapuntua. Albertako probintzian dago, Kanadako Mendi Harritsuetan. British Columbia pixka bat ukitzen duzu Montanatik muga zeharkatzeko; Idaho, Wyoming, Colorado eta Mexiko Berria, non teorian ibilbidea amaitzen den, Antelope Wells herrian. Azken bi etapetan desbideratu egin nintzen Texas aldera, hegazkina El Pason hartu ahal izateko.

Kotarik altuenak Colorado estatuan lortu nituen. 3.631 metrotara igo nintzen. Lehenengo elurrak azaldu baino lehen iritsi nintzen. Oro har, esan dezaket gehiago sufritu nuela hotzagatik, beroagatik baino. Alabaina, zortea izan nuen eguraldiarekin, ohi baino euri gutxiago egin zuelako, txingor zaparrada izugarri batek harrapatu ninduen arren.

Zein zen eguneroko plana?

Eguzkiarekin batera jaiki eta oso azkar gosaltzen nuen, ez bainuen kaferik hartzen, ezta berotu beharreko beste ezer ere. Denda hartu eta ordu erdi pasatxoan bizikletan nengoen. Hamar ordu pedalei eragiten eman ondoren, aurreikusitako helmugara iritsi, afaldu eta lotara, 10-12 orduz.

Jendea laguntzeko prest izan al da?

Gizarte amerikarra oso irekia da eta laguntzeko prest dago. Auto pila bat gelditu zaizkit parean, ura eta janaria eskaintzeko, eta egun batean jaun batek 20 dolarreko billete bat eman nahi izan zidan homeless bat nintzelakoan. Ez kezkatzeko erantzun nion, oporretan nengoela. Egiten duzun ahalegina baloratzen dute.

Sekulako zirrara eragin zidan Mexikoko mugara iristeak. Basamortua ezkutuan zeharkatu zuen Venezuelako migrante talde handi bat zegoen. Tartean agure, haurdun eta haurrak zeuden, erabat akituta hamaika miseria pasatu ondoren.