Testua: Ane IPARRAGIRRE Argazkiak: SOULEYMANE AG ANARA (AFP)

Djado, Nigerko basamortuan ahaztutako hiriaren misterioa

Nigerko basamortuan orduak eta orduak igaro ondoren, palmondo mardul baten erdian irudipen gisa agertzen dira gatz eta buztinezko gotorlekuak, hareaz setiatutako ezproi harritsuen gainean altxatuta.

Almenadun harresien atzean kale bihurriak, zaintza-dorreak, lurpeko galeriak, pasabideak, aletegiak eta putzuak daude, ahaztutako eraikitzaileen jeinuaren testigantzak. Belaunaldiz belaunaldi bidaiariek amets egin dute Djadoko gotorlekuen hondakinen aurrean, Niamey hiriburutik 1.300 kilometrora, haien enigmak eta misterioak deskubritu ezinik. Nork eraiki zituen gatzarriz gotortutako “ksars” hauek, Kawarreko oasiak inguratzen dituztenak? Noiz? Zergatik abandonatu zituzten

Eremu horretan ez da inoiz indusketa edo datazio zientifikorik egin, galdera horiei behin betiko erantzun ahal izateko. Duela 20 urte, ikertzaileek zein turistek eskualde gatazkatsu hori bisitatzeari utzi zioten, segurtasunik eza zela eta; izan ere, Libia eta Txadeko mugetatik hurbil dago.

Kawarra, garai batean karabana ibilbideen korapilo garrantzitsua zena, arma eta droga trafikatzaileen korridorea omen da orain. «2002tik ez dago turista atzerritarrik. Turismoa ondo zegoen garaian, potentzial ekonomikoa zen komunitatearentzat», deitoratu du Sidi Aba Laouelek, Chirfako komunako alkateak.

URREZKO HOBIAK

2014an inguruan aurkitutako urre aztarnategiek bizimodu berria zabaldu zioten komunari, eta Afrika mendebaldeko jendea erakarri zuten, baita inguruko mendiak gordeleku gisa erabiltzen dituzten bidelapurrak ere.

Alkateak nahiago du ondarearen historian ez sartu. Albert le Rouvreur militar frantsesaren liburu baten fotokopia zaharrak atera ditu bulegoko armairutik. Garai kolonialean, Chirfan zegoela, misterioa argitzen saiatu zen, baina inolako arrakastarik gabe.

Lehen europarrak 1906an iritsi zirenerako, ksarek beren erabilgarritasuna galduta zuten; mendetan zehar biztanleak babestu zituzten eskualdearen aurkako inbasioetatik.

Saoak, antzinako garaietatik eskualdean bizi izan den herri animista, Kawarreko lehen okupatzaile ezagunak dira, eta, beharbada, haien lehen gotorlekuen zaindariak izan ziren. Nolanahi ere, Djadoko hondakinetan sakabanatuta geratzen diren palmazko teilatuek eraikuntza berriagoak dirudite.

XIII. eta XV. mendeen artean kanuriek hartu zuten eremua. Haien oasiak XVIII. eta XIX. mendeen artean suntsituak izan ziren nomada tuaregen, arabiarren eta tubusen ondoz ondoko inbasioen ondorioz. Azken hauek Djadon finkatu ziren eta bertan ezarri zuten euren gotorlekuetako bat, 1923an eremua konkistatu zuten militar frantsesak iritsi ziren arte.

Kanuri eta tubu-ak nahasita daude orain, baina inguruko agintari tradizionalek, mai direlakoek, kanuri leinuko oinordeak dira eta ksar-en eta ahozko tradizioaren jabe dira; horrenbestez, erantzun batzuk eman ditzaketenak dira.

Bilmako mai Kiari Kelaoui Abari Chegouk aitortu du bidaiarien enigma berdinarekin egiten duela topo: «Gure aitona-amonek ere ez zekiten; ez ditugu artxiboak gorde», esan du.

MEHATXUPEAN DAUDEN AZTARNAK

Fachiko oasia oso ezaguna da bere gotorlekuagatik eta alde zaharragatik, harresiak ia osorik kontserbatu baitira. Bertako agintari tradizionalak, Kiari Sidi Tchagam-ek, kalkulatzen du bere gotorlekuak, gutxienez, 200 urte dituela. «Jaso ditugun informazioen arabera, arabiar bat iritsi zen Turkiatik, eta hark eman omen zuen hemen gotorlekua eraikitzeko ideia», azaldu du.

Dirku-n antzinako beste hiri baten hondakinak daude. Han dago Agi Marda Taher diputatu ohia, autoritate bat tokiko ondarearen historian. Haren arabera, turkiarrek, aldameneko Libian kokaturik, hainbat ksar-en eraikuntzan parte hartu zuten, Djadokoak barne.

Harro egoteko moduko arrazoia da bere ondorengoentzat, euriteek mehatxatutako gatz egitura hauskor hauen kontserbazioagatik kezkatuta daudenentzat. «Benetan nahitaezkoa da hori Unescoren Munduko Ondarearen zerrendan sartzea. Gure kulturaren parte da, gure historiaren pasartea», adierazi du Kiari Sidi Tchagamek.

Bitartean, Basamortuko isiltasunean abandonaturik, gotorlekuek beren oinordekoak ahanzturaren aurka defendatzen jarraitzen dute.