JUAN CARLOS CISNEROS/AFP
Begirada

Waru Waru, milaka urteko nekazaritza teknika, klima aldaketaren ondorioei aurre egiteko

Zerutik ikusita, zirkulu itxurako geoglifo erraldoiak dirudite, baina, ez, ez dira. Peru eta Bolivia arteko mugan, Punoko goi lautada andetarretan, nekazariek krisi klimatikoen ondorioetatik babesteko erabiltzen duten teknika da. Milaka urteko nekazaritza teknika, Waru Waru izenekoa.

Arbasoengandik ikasitako teknika berezi hau aspalditik erabiltzen dute Andeetako goi lautadetan, batez ere papa eta kinoaren ereintzak babesteko. Bertakoek denbora luzez pentsatu izan zuten estralurtarrek egindako geoglifoak zirela. Baina ez, urtaroak eraldatu dituen klima aldaketaren ondorioei aurre egiteko nekazaritza sistema bat da.

Uholde arriskua duten Acorako panpetan, 3.812 metroko altitudean, Titikaka aintziraren ondoan, komunitateek sei Waru Waru ezarri dituzte. Urez inguratutako lurrezko lerroek ehun metro arteko luzera dute, 4 eta 10 metro arteko zabalera eta metro bateko altuera.

Waru Waruak eraikitzeko, nekazariek zuloak egiten dituzte, ilaran, urak har ditzakeen eremuetan, plataforma angeluzuzen bat osatu arte, eta hantxe ereiten da. Inguruko urak izozteen eragin kaltegarria arintzen duen mikroklima bat sortzen du, eta horrek laboreen garapena ahalbidetzen du.

Kanaletan, urak eguzkiaren beroa xurgatzen du egunez, eta berriro irradiatzen du gauez. 2023an izozteek eragindako tenperatura -20 gradura iritsi zen Punon.

«Gure arbasoen trebetasunak eskualdeko ahalmen hidrikoa eta uholde garaiak (euriteak, esaterako) ahalik eta gehien aprobetxatzen dituen teknologia hau garatzea lortu zuen», dio Velko Marusic arkeologoak. Haren arabera, goi lautadako lurrak pobreak eta lehorrak dira nekazaritza jarduerarako, baina teknika horrekin nekazariek bertako patatak, kinua eta cañihua ereiten dituzte.