Andoni URBISTONDO

Bosmendieta, talaia boskoitza

Zuberoa hegoaldean dagoen gailur apala da Bosmendieta. Apala, 1.000 metrotik gora izanda ere, ondoan mendi askoz garaiagoak dituelako. Haiek ikusteko talaia dotorea da, zer esanik ez neguan. Bere izenak dioen moduan, bost gailur dituen tontorra da, horietatik bat bikoitza. Bosmendieta bezalako gailurrik ez da, beraz, Euskal Herri osoan.

Bosmendieta Lakarri herrixkako lurretan goititzen da, Zuberoa hegoaldeko Basaburua eskualdean (Lakarri-Arhane-Sarrikotagaine da herriaren izen ofiziala). Parajea menditsua da oso, mendebaldean Arbailla mendigunea dagoelako, eta hegora Pirinio ikusgarriak. Eskualde ikaragarri dotorea da Basaburua: neguko izotzak zuritutako erreka ondoko belaze berdeak, arbel beltzarekin margotutako teilatudun etxe polit askoak, eta jantzi zuri-zuria goi mendietan, martxo hasierako elurteak zipriztinduta. Maule-Lextarre, Donibane Garazi edo Nafarroako Erronkari eta Zaraitzu ibarretatik gertu dago Basaburua bailara, eta urrunago Euskal Herriko mendebaldeko lurretatik, baina ez izan damu. Abiatu, bidea bera gozamena baita.

Luhuso Lapurdiko azken herria pasatuta agertu da Iparlako ekialdeko isuria, elur arrastoak dituen lehen tontorra. Orzaize eta Garazi hiriburua etorri dira ondoren, Arbaillako gailur ezagunenetakoa harro agertu den arte: Behorlegitutturru piramidea, oso zuri (1.265 metro). Zuberoaraino iristeko bide laburrena Garazi ondoren hasten da, Donazaharren hain justu. Irati aldera daraman bidean, Bastidan, Landerre edo Inharpu lepoetatik igo gaitezke, Ahuzki aterpea igaro eta Altzaira, Zuberoara, Arangaitz lepoa atzean utzita. Lakarri Altzai-Altzabeheti-Zunharreta herrixketatik kilometro pare batera dago.

Landerre eta Inharpu lepoak, baina, zuri daude, eta neguan ez dituzte garbitzen, artzain bide estuak direlako. Aukera bakarra Larzabaleraino joatea da, eta Oxkaxe lepoan barrena Urdiñarbera iritsi. Oxkaxe lepoan behera Pirinioak agertuko zaizkigu begi aurrean, eta komeni da geldialdi txiki bat egitea Auñamendi, Barazea edo Orhyko kukulla bere dotorezia betean dastatzeko. Argazkia ikaragarria ederra da. Idauze-Mendi, Gamere-Zihiga eta Zunharreta, Altzabeheti eta Altzai zeharkatu eta berehala iritsiko gara Lakarrira.

Bailarako hego muturra da Lakarri. Handik aurrera bordak, azienda eta mendiak bakarrik daude. Herria zeharkatu behar da ipar-hego norabidean, eta, herriko etxea eskuinera utzita, errepide estu batean gora egin. Basotik irteten garen heinean, tontor berezi batzuk agertuko zaizkigu begien aurrean: Bosmendieta tontorra da, bost gailurreko mendi benetan berezia. 9 kilometroko tartea osatuta Belozkarre eta Bosmendieta gailurren arteko lepora iritsiko gara. Han elurrak kito esaten du, ezin dela autoz aurrera jarraitu.

TXANGO LABURRA BEZAIN ABERASGARRIA

Autoa 950 bat metrora utzi eta sekulako ikuspegia azaldu zaigu begien aurrean: kabalak libre elur azpian belar matazak bilatzen, Orhyko kukulla parez pare elegante (2.017 metro), eta ekialdera, Otsogorrigane (1.923 m.), Barazea (1.893 m.), Kartxela, Lakhura, Arlas, Hiru Erregeen Mahaia (2.444 m.) eta Auñamendi magikoa, eder-eder (2.507 m.). Zuberoak hainbat begiraleku on ditu Pirinioak ikusteko, eta Irati oihanaren iparrean dauden mendiak dira politenetakoak.

Bistekin gozatuta, Bosmendieta ezagutzeari ekin diogu. Oso txango erraza da, eta laburra, desnibela txikia baita. 1.020 metro ditu izen bereziko tontor garaienak, eta 950 metroan hasi gara oinez. Ekialdetik mendebaldera egingo dugu bidea, eta buelta pista batean barrena, eroso. Hamar minutu eskasean lehen muino edo tontorra iritsiko dugu, eta Bosmendietaren izena ulertu. Bost gailur dituen mendia baita Bosmendieta.

Mendiaren berezitasuna ez da izenera mugatzen. Gailurrak bost dira, baina gailur bat bikoitza da. Alegia, Bosmendietak sei gailur dituela denera. Tontor guztiek izenen bat edukitzea izango litzateke logikoena, baina tontor multzoak ematen dio izena mendiari. Euskal Herrian zaleak gara izenak jartzen, eta mendiak gailur bat baino gehiago badu, hainbat modutan ezberdintzen da: behekoa, goikoa, mendebaldekoa, ekialdekoa… Bosmendietan ez. Bost gailurrak izen bakarrean biltzen dira.

Ez dago postontzirik edo mendia identifikatzen laguntzen duen plaka metalikorik, zoritxarrez, baina trukean, eta bigarren tontorrean, orientazio taula bikaina dago. Hegora eta iparrera agertzen diren mendi eta herriak erakusten ditu, ingurunea ezagutu dezagun. Orientazio mahaietan afixa polit bat dago, ‘Xiberua, euskal bihotza’ leloarekin.

Arrolanen Betxia legenda ere presente da Bosmendieta mendi multzoan. Legenda horren arabera, Atharratze zaintzen duen Maidalena edo Arhane gainean dagoen ermitatik Arrolanek harritzarra jaurti omen zuen Otsagabiko enparantzara iristeko asmoz, baina irrist egin zuen behi kaka batekin, eta harria Bosmendietan pausatu zen.

BELOZKARRE TONTORRERA

Sei gailurrak ordubete eskasean zapaltzen dira, eta, hauspoa indartsu sentitzen badugu, txangoa luza dezakegu Zalhagaina gaineraino (1.053 metro). Edo Olhaberria kaiolar edo bordatik gertu autoa utzi dugun aparkalekura itzuli pistaz, eta Belozkarre tontorrera igo, ikuspegi hobexeagoa izateko (1.173 metro). Bietatik dotore ikusten da Larraine herriaren bista estaltzen digun Etxelu tontorra eta basoa. Belozkarretik joaneko bidean Garazitik harro eta tente ikusi dugun Behorlegitutturru agertuko zaigu berriro, gertu-gertu. Baita Iratiko Etxoletako mendiak ere: Escaliers edo Eskaleta, Arthanolatze (1.530 metro), Xardeka…

Horien guztien argazkia oroitzapenen kutxan ondo gordeta, Lakarrira buelta egingo dugu, eta Biarno eta Landetatik buelta etxera. Uhaitzandi haserre dago Atharratzen, kabitu ezinik bortuetako elurrak irentsi ezinik. Zuberoako Maule hiriburuan hasi da lasaitzen apur bat, eta Mauletik Salbaterra Bearnoraino, Euskal Herriko mugaraino iritsi gara. Une oro itzal zuri erraldoi bat dugu gure atzean, zaindari, gero eta urrunago: Pirinioak dira, Zuberoako arima.