Testua: Eli TXAPARTEGI Argazkiak: Tiziana FABI (AFP)

Gau bat Vatikanoko museoetan

Zehazki, 2.797 giltza dira, Gianni Crea Vatikanoko museoen zaindariak kudeatzen dituenak. Gauero bisitari bereziak hartzen ditu, eta ibilbide gidatu apartekoak eskaintzen dizkie. Giltzarik kotizatuena Kapera Sistinoak irekitzen duena da.

Gaua iristean, Gianni Creak Vatikanoko Museoen sarrerako ateari bultza egiten dio, giltzatakoa eskuan duela. Urrats motz eta arinak eginez, hutsik dauden korridoreetan barrena sartu da, galerietako ateak irekitzeko. Munduko bisitatuenak omen dira. «Zehazki 2.797 giltza daude. Bakoitzak kopia bat du, gutxienez; batzuek, bost. Beraz, 10.000 giltza baino gehiago ditugu, guztira», dio txapa guztiak ongi ezagutzen dituen zaindariak, harrotasun keinu batez.

Bramanteko eskailera monumentaletik abiatu eta Mapa geografikoen galeriarantz doa Crea. Bere silueta sumatzen da marmolezko eskulturen, erromatarren antzinako zutabeen eta Errenazimentuko koadroen artean.

Ordu gutxi barru, milaka turistak museoetako 1.400 aretoak beteko dituzte. Baina egunsentia baino lehen, giltzatakoaren dinbi-danba metalikoak bakarrik eteten du ilunpetan dauden gelen isiltasuna.

HISTORIA ZATIAK

Raphaël, Da Vinci, Caravagio... «Txoko bakoitza historia zati bat da», dio Giannik, traje eta gorbataz jantzita, artelanak poltsikoko lanpararen argiarekin argitzen dituen bitartean. Gaueko bisita da.

Ibilbidearen zazpi kilometroak goizez zein gauez behar bezala eskaini ahal izateko, Creak hamar klabigeriz (hitzez hitz, «giltzak kargatzen dituztenak») osatutako taldea du bere mende. «Museoak lau eremutan banatuta daude. Klabigailu bakoitzak 60-75 ate irekitzen ditu, hau da, 270 ate baino gehiago eguneko», zehaztu du.

25 urteko ofizioak ez dio itzali begirada grinatsua. «Beti daude ikasteko gauzak», dio postu horretara ustekabean iritsitako historiaren zale honek.

Altzairuzko eraztun bati lotutako giltza sorta handiaren artean, batzuk deigarriagoak dira, baliotsuagoak, estimatuagoak. Esate baterako, zaharrena, 1771koa eta Pio-Clementino museoa irekitzen duena, hamabost zentimetro luze da.

Beste batzuek, berriz, etiketa horia daramate: Aita Santua aukeratzeko kardinalak konklabean elkartzen direnean, gelako ateak ixteko erabiltzen direnak.

Baina zenbakirik ez duen bakarra da giltzarik preziatuena, alegia, Michelangeloren freskoak gordetzen dituen Kapera Sistinoa zabaltzen duena. Protokoloaren arabera, gauero gutun-azal zigilatu batean sartu eta kutxa gotor batean gordetzen da, bunker batean babestuta. «Babes maila gorena», dio, irribarrez, Frantzisko Aita Santuaren argazki ofizial baten azpian.

Hasiera batean, bisita antolatzaileek ez zuten uste gaueko bisitek arrakasta izango zutenik, baina oker zauden: «Neure buruari esan nion: inor ez da inoiz etorriko goizeko 05.00etan, baina erabaki bikaina izan zen», dio Giannik. Gaur egun, bigarren bisitarik eskatuena omen da.

Bernizatutako egurrezko igogailu handi batean hasten da bisita, hiriaren ikuspegi paregabearekin eta Vatikanoko Lorategietako landaredi oparoaz inguratuta, San Pedroko kupula nagusi dela. Baina ikuskizunaren protagonista nagusia Kapera Sistinoa da, artearen eta arkitekturaren harribitxia, bisitarien eta zinemazaleen gustukoena.

Ez dago pilatutako jendetzarik, ezta argazkirik ateratzeko debekurik ere. Isiltasuna bakarrik. Isiltasuna, eremu handientsuan.

«Aparteko pribilegio» horretatik, bisitari bakoitzak «bakarrik egoteak eragiten duen emozioa» eta «obrak lasaitasun osoz ikusteko aukera» gordetzen ditu, dio Giannik.

GILTZA SORTA, GERO ETA PISUTSUAGOA

Giannik, jakina, asko daki, inork baino gehiago, bai giltzen bidez kontrolatzen dituen museoen edukiez, bai bisitarien jarreraz. Izan ere, 1998az geroztik bertan lanean dihardu, bere parrokiako apaiz baten bitartekaritzari esker kontratatu zutenetik. Eta harrezkero, museoak eta artelanak ugaritu ahala, bere eginbeharra, bere ofizio eta afizioa, bere erantzukizunak, bere jakinduria eta bere harrotasun osasuntsua handitzen joan da, eskuan daraman giltza sorta urtetik urtera loditu den bezalaxe.

«Sartu nintzenean, hiru baino ez ginen», gogoratu du. «Pixkanaka-pixkanaka, hainbat hizkuntza ikasi ditut -ingelesa, gaztelania, frantsesa-, baita artearen historia ere, nire ezagutzak aberasteko. Azken finean, gure sustraiak dira eta oso kontentu nago», adierazi du.