Ikusi Mikusi literatura azoka, Saran
Urriak 11-12
Galtzagorri elkarteak antolatuta, Ikusi Mikusi azokaren laugarren edizioa egingo da urriaren 11n eta 12an, Saran. Euskarazko haur eta gazte literatura ardatz duen azokaren gaia ‘Gure baitan ditugun altxorrak’ izango da aurten.
Urriaren 11n, Ikastetxeen Egunean, egun osoko egitaraua eskainiko zaie euskal haur eta gazte literaturaren profesionalei, eta Euskal Herriko Unibertsitatearekin, Euskal Kultur Erakundearekin eta Bilketa proiektuarekin elkarlanean, alderdi profesionaletik haur eta gazte literaturaren berezitasunak eta erronkak jorratzeko eguna izango da.
Urriaren 12an, berriz, Familien Eguna izango da azokan, eta, aurreko egunean bezala, bisitariek tailerrak, topaketak eta ikuskizunak izango dituzte aukeran.
Ekintza horiez guztiez gain, bi egunetan zehar zenbait argitaletxek standak jarriko dituzte. Gainera, eskoletan egindako lanen erakusketa eta liburu aurkezpenak egingo dira. Kilika konpainiaren txotxongilo erraldoiak ere bertan izango dira.