TOLGA ILDUN (Getty Images)
Entrevue

Kora, zabalik meskita gisa

Turkiako agintariek meskita gisa ireki dute berriro San Salbatore in Kora eliza bizantziarra, Istanbulen, lau urtez eraikina zaharberritzen aritu ondoren. Tenplua IV. mendeko monasterio baten oinarrien gainean eraiki zen, eta XIV. mendean eraberritu zen, mosaiko eta freskoak gehituz. Bizantziar arte erlijiosoaren adibiderik distiratsuenetako eta ongien kontserbatuenetako bat da, eta gizateriaren ondare izendatutako Istanbulgo konplexu historikoaren parte da.

1511n meskita bihurtu zuten, otomandarrek Konstantinopla konkistatu eta mende erdira. Eta 1945ean, museo bilakatu zutenean, tenplu musulman gisa erabili zen garaian igeltsuz estalitako freskoak eta mosaikoak zaharberritzen hasi ziren.

2020an, berriz, Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak eraikina meskita bihurtzeko dekretua eman zuen, urte horretan bertan Santa Sofia museoarekin egin zuen bezala.

Urtebete lehenago, 2019an, herrialdeko administrazio-auzitegi nagusiak ebatzi zuen legez kanpokoa zela Turkiako Gobernuak museo-kategoria emateko hartutako erabakia, kultu-lekutzat jotzen zuen dekretu otomandarraren aurka egiteagatik.

Errezel-sistema bat instalatzea planifikatu zen otoitz orduetan giza eta jainkozko irudiak ezkutatzeko, musulmanen otoizleku batean desegokiak zirelako. Urte batzuk lehenago, 2013an, gauza bera egin zuten Trebisondako Santa Sofia eliza (Trabzon) meskita bihurtu zenean.

Nolanahi ere, Koran oihal gutxi batzuk baino ez dira jarri; izan ere, otoitzari eskainitako espazio nagusiak ez du mota horretako dekoraziorik, eta mosaiko nagusiak alboetako nabeetan daude, errezatzen ez den tokietan.

2020an, Atenasek gogor kritikatu zuen Erdoganek eraikina berriz meskita bihurtzeko hartutako erabakia, baina Ankarak argudiatzen du espazioaren erabilera erlijiosoa ez dagoela babestuta eta ez duela monumentuaren ondare artistikoa kaltetzen.