Orhi, euskal Pirinioetako bihotza
Orhi-ko kukula da Pirinioetako lehen bi mila metroko mendia, mendebaldetik ekialdera. Magikoa da horregatik, oso maitatua eta bisitatua, baina gauza askogatik da erakargarria. Igotzen erraza da, bista eta ingurune itzela du noranahi, eta euskal tradizioaren jagole historiko ere bada. Ipar Euskal Herriko mendi garaiena ere bada, 2.000 metroko behatoki dotorea.
Orhi mendi handia da, itzela tamainaz, eta garaieraz ere oso garrantzitsua. Ez alferrik, Pirinioetako lehen bi mila metroko mendia da, Kantauri Itsasotik zenbatzen hasita; alegia, mendebaldetik ekialdera. 2.019 metroraino goititzen da Orhiko kukula, gailurra, eta horrek jendetza erakartzen du Ipar Euskal Herri osoko gailur garaienera. Zuberoa eta Nafarroa banatzen ditu tontorrak, baina Zaraitzun, Nafarroan, eta Basabürüan, Zuberoan, miresmen bera eragin du gizaldiz gizaldi bertako herritarrengan.
Ñabardura garrantzitsu bat, hasteko. Zaraitzu eta Basaburua bailarak Iturzaeta edo Üthürzaeta lepoak banatzen ditu, 1.585 metrora. Larrau da erdaraz mendatearen izena, eta euskaldunon artean ere izen horrekin barreiatu da han eta hemen. Ez da zuzena, zaraitzuarrek Iturzaeta esaten diotelako, eta Basaburukoek Üthürzaeta. Lepo horretan hasten da igoera, baina lepoa baino 300 metro lehenago dagoen tunelean ere has daiteke. Ohar interesgarri bat: udazkenean eta neguan, elurteak handiak direnean, makinarik ez da ibiltzen errepidea irekitzeko.
Igoera erraza da Iturzaeta lepotik: 450 metroko desnibela baino ez, eta ordu eta erdian, aise, gailurrera iritsiko da edonor
Altuera da bere erakarpen nagusia: bi mila metroko lehen mendia. Beste hainbat pizgarri zerrendatzea komeni, jarraian. Igoera erraza da Iturzaeta lepotik: 450 metroko desnibela baino ez, eta ordu eta erdian, aise, gailurrera iritsiko da edonor. Ñabardura garrantzitsua, aurrez, Iturzaeta mendatean irakurri eta ikus daitekeena. Orhiko bidea erraza eta laburra bada ere, bi mila metro ditu, eta udazkenean, neguan eta udaberrian errespetua zor zaio goi mendia delako. Elurrik gabe ere, izotza edo zoru hezea ohikoak dira Orhin, eta kontuz ibiltzea komeni da.
Orhi Bortz Kolore proiektuak osatu ditu Iturzaeta gainean ikuskatu daitezkeen mapa eta zuhurtzia oharrak. Orhi mendiari sona emateko bost ibilbide osatu dituzte, denak Irati-Abodi mendigunetik abiatzen direnak. Iturzaeta lepoa mendigune horretatik bi kilometro pasatxora dago Larraine aldera. Tunela pasatuta dago lepoa, mapa eta seinaleztapenarekin, baina tunela baino lehen ere autoa uzteko lekua dago. Tunel gainera igo eta lepotik datorren bidearekin bat egiten da ordu laurdenean, ur aska erraldoi bat igaro ondoren.
HAIZE DEMONIOA
Azaro betean, oharrak on egiten dio bisitariari, lepo inguruko mendietan irineztatutako elur geruza arina sumatzen baita. Elur malutak bota ditu lehen aldiz Orhi inguruan udazkenean, baina mendia, Iturzaeta lepotik behintzat, zuriz biluzik ikusten da. Eguzkiak aroa goxatzen du, baina haize demonioa dabil, ipar-ekialdeko ipar zuri hotza. Negu beteko arropak behar dira, hotzez ez akabatzeko.
Bidea erosoa da, baina malkarra dauka tarteka. Gorantz egiten dugun heinean, ekialdera geratzen diren mendi guztiak agertu zaizkigu bizkarrean: Barazea, Otsogorrigaina, Auñamendi, Hiru Erregeen Mahaia, Petretxema, Atxerito, Ezkaurre, Bisaurin, Infiernos, Balaitus eta Vignemale… Ekialderantz, hori, baina hegorantz Iratiko pago oihan ikusgarria daukagu; udazkenak hostoak ilunduta, dagoeneko. Eta Iratiko jagole, Abodi mendilerro belartsua.
Malkarra handitu egiten da tarteka, eta zirga bat ikusiko dugu txango erdian. Arrokak hainbestean daude, lehor baina irristakor, eta heltzea komeni. Eskularruak jantzita bada, hobe, azala ez urratzeko. Zirga pasatuta ipar eta hego isurien banalerroan agertuko gara bat-batean, Orhi Ttipiaren magalean, eta ikusteko falta zaigun argazkiak erabat aseko gaitu. Ipar isuria parez pare agertuko zaigu, Larraine herriko belaze berdeetaraino. 1.500 metro daude Larraine herri dotoreraino, behinola glaziarra izan zen eremuan, eta tentuz ibiltzea komeni da, amildegia ikusita kirioak dantzan jartzen baitzaizkio edonori.
ELURRA ETA LOKATZA
Orhi Ttipia atzean utzi eta Orhi bera ingura dezakegu (1.925 metro) edo, xenda batean barrena, azkarxeago igo. Hego isurian egin dugu bidea igoera guztian, baina mendebalde eta iparrekora igaro garenean elurrarekin topatu gara. Eguzkiak, dagoeneko, ez du indarrik elurra urtzeko egun bakarrean, eta azken tartea tentuz osatu dugu, urtutako elurra lokatz bilakatu baita.
Hiru tontortxo ditu Orhi mendiak, eta gorago joan ezin den tokian bake, lasaitasun handia sentitzen du edonork. Euskal Pirinioetako bihotzean balego bezala
Gailurra bistan dugu, eta ordubete pasatxoan iritsi gara Iturzaeta lepotik. Lasai joanda ere, ordu eta erdian irits daiteke. Hiru tontortxo ditu Orhi mendiak, eta gorago joan ezin den tokian bake, lasaitasun handia sentitzen du edonork. Euskal Pirinioetako bihotzean balego bezala: mendi handiak ekialdean, Larraine eta Zuberoa ederra iparrean, Zazpigaña erpina Irati aldera, Iratiko oihana eta Irabia urmaela hegora…
“Orhiko Xoria” Pantxoa eta Peiok sortutako abestiarekin gogoratzen da mendizalea. Kukulan bakean bizi den xoria, eta bertakoek sorlekuarekiko duten atxikimendua adierazten duena. Euskal Herriko beste mendi ezagun askotan bezala, Orhi ere aberatsa da mitologia kontuetan. Kondairak Orhiko kukula Mariren eta Basajaunen aterpea zela dio. Txoriak hegan dabiltza gure gainean, eta, haiek bezala, hegan hasteko gogoa sartzen zaio mendizaleari.
Itzulerako bidea goranzkoan egin dugun bidea deseginez osatuko dugu, eta Pirinioetako lehen bi mila metroko mendiari zor zaion errespetuarekin agurtu. Abodi-Irati mendigunera bueltan, autoan, azken geltoki bat, Orhi gailurraren handitasuna bere osotasunean ikusteko. Negu usaina dago Zaraitzu eta Basabürüa aldean, eta Orhi zuriz jantziko da udaberria iritsi bitarte.