Eli Txapartegi

Arditurriko meategiak, iraganera bidaia lurpean

«Laurehun gizon berrehun urtez lanean arituta ere, ez litzateke nahikoa izango meazulo hauek guztiak zulatzeko». Guillermo Thalacker ingeniariak Arditurriko meategiak bisitatu ondoren 1803an esandako hitz adierazgarriak dira. Noski, erabat harrituta.

Ardutirruko interpretazio zentroa. (Andoni CANELLADA | FOKU)
Ardutirruko interpretazio zentroa. (Andoni CANELLADA | FOKU)

A rditurriko meategiaren bihotzak ezkutatzen duen unibertso ilun, heze eta magikoa bisitatzen duenak bidaia interesgarri eta zirraragarria egingo du iraganera, ia etenik gabe bi mila urte baino gehiagoz ustiatutako Oiartzungo meatze barruti honen konplexutasuna, handitasuna eta berezitasuna agerian uzten dituen denbora bidaldia.

Formazio geologiko bereziak dira Arditurriko meategiak, batetik, askotariko material harritsuz osatuta daudelako, eta, bestetik, inguruko orografia ikusgarria delako. Aiako Harriko mendigune granitiko harrigarriaren erraietan hedatzen dira meategiak; alegia, duela 250 milioi urte baino gehiago azaleratu zen Euskal Herriko gune geologiko zaharrenetakoaren bihotzean.

Kanpoko ibilbide bat. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Imanol Marrodan artistaren ‘Erabatekoa da ezdeusa: sorburua’ eskultura. (Gari GARAIALDE | FOKU)

Arditurriko parketxea, hain zuzen ere, Aiako Harria parke naturalaren sarbideetako batean dago. Seguruenik, lehen aldiz gerturatzen dena harritu egingo da aurrez aurre topatuko duen meatze paisaiarekin, hondakinez, aire zabaleko harrobiz, meatze ahoz eta ustiategiko eraikin zaharrez zipriztindutako irudiarekin. Halaber, mea Pasaiako portura eramateko erabiltzen zen trenbidearen trazadura ere ikusi ahal izango du bisitariak.

Trenbidea oinezkoentzako bide berde bihurtuta dago gaur egun. Jakina, hori da ikusten dena, lurpean giza aztarna are zabalagoa baita

Trenbidea oinezkoentzako bide berde bihurtuta dago gaur egun. Jakina, hori da ikusten dena, lurpean giza aztarna are zabalagoa baita, dozenaka kilometroko galeria korapilatsuez osatutako sare ikusgarrian barrena.

Ustiapen honen hasiera gutxienez Erromatar Inperioaren garaikoa da, baina meategiaren inguruan aurkitu izan diren aztarnen arabera, oso litekeena da jarduera lehenago hasi izana. 2.500 urtez zilarra, burdina, beruna, zinka, fluorita eta blenda ustiatu ondoren, 1984. urtean amaitu zen jarduera meatze barrutian.

Interpretazio zentroaren ingurua. (Andoni CANELLADA | FOKU)
PARKETXE INTERPRETAZIO GUNEA

Meategietako laborategiaren eraikin zaharrean Parketxe Interpretazio Zentroa dago 2008az geroztik. Euskarri informatibo modernoak baliatzen ditu parke naturalaren ondarea, kultura eta natura aberastasuna modu arin eta didaktikoan ezagutarazteko.

Batzuek diote meategien bihotzera egindako bisita denboran atzera egindako bidaia baten antzekoa dela, zeinean adimena, zentzumenak eta emoziok bidaide bihurtzen diren. Hori bai, argiztapenak eta soinuek paper garrantzitsua dute bidaian, galeria barruan bisitaria iraganera eramaten duen giro magikoa sortzen laguntzen dutelako.

Interpretazio zentroaren xehetasuna. (Juan Carlos RUIZ | FOKU)
BIHOTZERA BIDAIA

Arditurri 20 edo Meazulo Handiko galerian sartu aurretik, Juan Guillermo Thalacker ingeniari alemaniarrak meategien historia errepasatuko du (grabazio baten bidez, noski), ikus-entzunezko muntaketa bitxi batez lagunduta. Soinuak, efektu bereziek eta argiztapenak irudiak eta siluetak proiektatuko dituzte hormetan eta sabaian. Ondoren, goiko galerian bisitariak kobazuloaren morfologia ezagutzeko aukera izango du eta, dudarik gabe, harritu egingo da bertako handitasunaz jabetuta.

Bidean aurrera egin ahala, argiek ordura arte ezkutuan egondako zenbait sekretu argituko dituzte, hala nola antzinako material kargategiak, putzuak, mineral zainak edo aintzirazko paisaia ikusgarri bat.

Horrez gain, teknologia berriek lortu dute 2.000 urtetan zehar galeria barruan bizitako soinuak eta giroak primeran birsortzea

Hainbeste urtetako ustiapenak jatorri erromatarreko hondakin ia guztiak ezabatu ditu, baina, ibilbidea erromatarren garaiaren ondorengo galerietan zehar egiten bada ere, jatorrizkoen gainean egindako trazaketa jarraituko du bisitariak. Gainera, zenbait puntutan erabiltzen ez ziren erromatar galerien ahoak ikus daitezke.

Horrez gain, teknologia berriek lortu dute 2.000 urtetan zehar galeria barruan bizitako soinuak eta giroak primeran birsortzea: erortzean harkaitzek eragindako zaratetatik hasi eta erabateko isiltasuneraino.

Interpretazio zentroko gela bat. (Andoni CANELLADA | FOKU)
BAITA TREN BERDEAN ERE

Eskaintzen diren bisita gidatuak askotarikoak dira. Horietako bat da Tren Berdea –Arditurriko bidegorritik meategietara eramaten ditu bisitariak– eta Luberri Geologia Zentroa uztartzen dituena. Interpretazio gune honetan bisitariak aukera izango du Oiartzungo bailarako, Oarsoaldeako eta Aiako Harriko Parke Naturaleko aberastasun geologiko eta paleontologikoa ezagutzeko, gidari eta interprete paregabeen laguntzarekin egindako mila milioi urte baino gehiagoko bidaia baten bidez: fosilak eta arrokak.

Parkeaz gozatzeko nahi adina denbora dutenak, dela harizti eta pagadien artean paseatuz, dela bertako askotariko fauna behatuz –ez da zaila izokinak, sai arreak edo pagausoak ikustea–, Oiartzundik abiatzen diren ibilbideetako bat egitera anima daitezke. Hona hemen bi aukera:

Talde bat bisita gidatuan. (Arditurriko Meategiek utzitakoa)

Bata, Arditurriko bidegorriaren ibilbidea –oinezkoentzat zein txirrindularientzat–, Oiartzun zeharkatuz meategi zaharretara iristen dena natura eta milaka urteko historia uztartzen dituen bide batetik; eta bestea, berriz, Oieleku ibilbidea, egokiena monumentu megalitikoak gustuko dituztenentzat.

Parkea bisitatu ondoren, ibiltariak merezitako atsedena eskertuko du, seguruenik. Ibilbidea meatze barrutiaren kanpoaldean amaitzea litzateke aukera lasai bat, mahaiak, bankuak eta pergola handi bat dituen alderdi egokituan. Beste aukera bat litzateke Imanol Marrodanen ‘Erabatekoa da ezdeusa: sorburua’ eskulturara hurbiltzea, handik bidaia era berezian amaitzeko: alde batetik, Donostia eta itsasoa ikusiz eta, bestetik, Aiako Harria.