‘Robinson: 10 biziraupen historia’ Itsasmuseumen
Azaroak 26-Ekainak 15
‘Robinson: 10 biziraupen historia’ erakusketa ekainaren erdialdera arte egongo da zabalik Bilboko Itsasmuseumen. Muturreko egoerak gainditu zituzten gizon eta emakumeen hamar istorio biltzen ditu, oso modu bisualean azalduta formatu handiko hamar komikiren bidez eta lau hizkuntzatan: euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez.
Erakusketak, berez, hiru gune tematiko ditu: Robinson Crusoe. Liburu baten biografia; Robinsonak Robinsonen aurretik; eta Robinsonak Robinsonen ondoren.
1719an Londresen argitaratutako ‘Robinson Crusoe’ eleberria da abiapuntua, biziraupenaren eta abenturaren esparruan erreferentea. «Robinson, aspalditik, adjektibo bat da, muturreko baldintzei aurre egin behar izan dieten pertsonak biltzen dituen kategoria bat. Erakusketak benetako robinson hauek ditu ardatz», esan zuten antolatzaileek aurkezpen ekitaldian.
Erakusketan bi emakumeren istorioak nabarmentzen dira: bata, Marguerite de la Rocque goi mailako frantziar gazte batena Ternuan (1541) eta, bestea, Tlicho etniako kanadar apal batena 1772an. Horrez gain, beste abentura hauek azaltzen dira, besteak beste: Hans Stadenek 1547an Brasilen kanibalekin bizitakoa; 1596an Artikoan egindako lehen negualdia, Willem Barents nabigatzaile holandarraren jarduera nabarmena; eta Alexander Selkirkek Juan Fernandez uhartean (gaur Robinson Crusoe uhartea) 1704an egindakoa.