Xabier Bañuelos

Napier, Art Deco antipodetan

Zeelanda Berriko Hawke badian lurra bortizki mugitu zen 1931ko otsailaren 3an, eta lurrikarak Napier hiria suntsitu zuen. Inpaktu hartatik suspertu ondoren, biztanleak berreraikitzen hasi ziren, baina ez edonola, erabaki baitzuten eraikinen arkitekturak garaiko kanonak jarraitu behar zituela. Eta modernitatea hamarkada hartan Europan eta Ameriketan gailendutako korronte artistiko berri bat zen: Art Deco.

Antzinako State Cinema. (Xabier BAÑUELOS)
Antzinako State Cinema. (Xabier BAÑUELOS)

Pasealeku luze bat da Marine Parade, alboetan harea iluneko hondartza estu eta amaigabe bat duena. Napier hiria Hawkeko badian sartzeko ataria da. Iparraldeko muturrean Mei Irihapiti Robin dago, koralezko arroka baten gainean eserita, Tom Parquer iturriaren ondoan, xumea baina egunero 11.00etan koloretako argiz margotzen dena. Egia esan, Mei da, baina ez da Mei. Zeelanda Berriko lamina ospetsu bat irudikatzeko 1954an eredu izan zen ikaslea da Mei.

Garai hartan 13 urteko nerabe lodi eta alaia izandako Mei hilezkor geratu da, brontzez Pania lamina irudikatzen: Pania of the Reef, Uharriko Pania. Ez gaitezen haren zangoekin tronpatu. Lirain ageri dira gona mehearen artean, baina Pania itsasoko izaki bat da. Eta ez gaitzala nahastu haren irribarreak ere, kondairak ez baitu amaiera zoriontsurik.

Luxe Cinema, hispanomorisko estilokoa. (Xabier BAÑUELOS)

Pania of the Reef-en estatua, Marine Paraden. (Xabier BAÑUELOS)

Kopenhageko sirenatxoarekin konparatuko duzu: biak aparretik eta gatzetik sortuak dira, biak antzeko istorioaren protagonistak dira, biak beren hirien ikur nagusi bihurtu dira. Eta Napierren, lehenago edo geroago, bide guztiek Paniarengana eramango zaituzte, handik laminaren begirada ozeanora itzultzen baita.

Napier ezin da ulertu itsasorik gabe. Ozeano Bareak sehaskatik laztantzen du, eta Ipar Uharteko ekialdeko kostaldean zabaltzen ditu zerumugak. Hawke Bay eskualde osoari klima leun eta baketsua ematen dio. Haren ontasunak zelaiz, fruta arbolez eta mahastiz zipriztindutako mendiz osatutako paisaia atsegin batean zehar hedatzen dira, non Zeelanda Berriko ardo onenetako batzuek ematen dituzten mahatsak heltzen diren.

Hurbil dago Hastings, hain hurbil ezen biek The Bay Cities (Badiako hiriak) izeneko bikote banaezina osatzen duten. Napier ahizpa gaztea da. Izan ere, txikia da hiria. Eta lasaia, herrialdea bezala. Oso atsegina. Baina nortasun berezia du, historia labur baina arranditsuaren ondorioz.

ASB Bank-eko dekorazioa. (Xabier BAÑUELOS)
Vintage denda bat. (Xabier BAÑUELOS)
FENIX HEGAZTI DÉCORATIF BAT BEZALA

Napier XIX. mendearen bigarren erdian sortu zen, Erresuma Batuko koroak maoriei Ahuririko lurrak erositakoan, hauek Heretaunga deituraz ezagutzen zuten lurraldean. Hitz hori maorien ohiko izen deskribatzaile bat da: “kanoak lotzen diren tokia”. Ingelesei aproposa iruditu ez zitzaienez, hiri berriari Indian guduak irabazi zituen jeneral baten abizena jartzea erabaki zuten.

Ordura arte Europako jende gutxi zegoen inguru hartan: merkatariak, baleazaleak eta James Cooken hilarriari jarraiki iritsitako baserritar batzuk. Fundazioak bere portuaren inguruan haztea eragin zuen, baina modu apalean. Hiri motel samarra zen, eta herrialdean ia ez zuen protagonismorik. Dena aldatu zen, ordea, gertaera tragiko baten ondorioz. 1931ko otsailaren 3an, osteguna, lurra dardarka hasi zen. Richter eskalan 7’9ko indarra zuen lurrikara batek eta segidako suteak hiria suntsitu zuten. Balantzea: 256 hildako eta hondakinak. Aukerak: uztea edo berreraikitzea. Errautsetatik berpiztea erabaki zuten. Baina ez edonola. Urte haietan boladan zegoen joera artistikoari jarraituz egin zuten. Logikoa dirudi. Hala ere, niri gustatzen zait pentsatzea Art Deco hark etorkizuneko izpiritu baikor eta konfiantzazkoa barneratu zuela biztanleengan.

Dalton kalea. (Xabier BAÑUELOS)

Veronica Sunbay. Atzean, Napier Viewing Platform zuria eta Hawkes badia. (Xabier BAÑUELOS)

Napier berria integrazio urbanistikoaren adibide bihurtu zen, dekoratibismoaren lagin bakar eta originalarekin. Harrigarria da hori. Zeelanda Berrira iristen zarenean, ez duzu espero Art Deco hiri batekin topo egitea, arkitekturan eta hiri dekorazioan estilo horrek halako protagonismoa izango duen hiri batekin. Izan ere, Estatu Batuetan, Frantzian, Ingalaterran, Espainian... ikusten dugu Art Deco, baita Kuban edo Argentinan ere; baina Zeelanda Berrian? Agian bai eraikin solteren batean, apaingarriren bat... Baina hiri baten erdialde osoa? Horrela imajinatzea zaila den arren, hortxe dago Napier aurreusteak baztertzeko.

Hemengo kaleetatik igarotzean, 1920ko hamarkadarekin identifikatuago dagoen beste herrialde batera eraman gaituztela sentitu dugu

Hastingsek ere, Napierren ia bikiak, trantze bera izan zuen, eta dekorazio arte horri heldu zion bere berpizkundean. Uharteetako toki bakarrak dira, baina Napier da “Art Deco-ren Munduko Hiriburua” izena jaso duena. Gehiegizkoa izan daiteke, beharbada, tituluak sortu nahi dituztenen gehiegizko alardea, baina hiriak asko du bakarretik, apartekotik. Hemengo kaleetatik igarotzean, 1920ko hamarkadarekin identifikatuago dagoen beste herrialde batera eraman gaituztela sentitu dugu. Baina gauden lekuan gaude, eta Aotearora joan gara, Hodei Zuri Handiaren Lurraldera, non Art Deco-aren eklektizismoak maorien grekak eta koloreak beretzat hartu dituen.

Erlojuaren Dorrea, A & B. eraikinean. (Xabier BAÑUELOS)
ALTXOR KUTXA

Interesgarriena hirigune historikoan dago, honen gaztetasunak horrela deitzeko baimena ematen badigu, behintzat. Hiriaren ekialdea da, portuaren eta Bluff Hillen hegoaldean dagoena. Begiratoki bikaina dago bertan. Kaleetan sartzea altxor baten kutxa irekitzea bezalakoa da, harribitxiez liluratzea bezalakoa.

Gure zentzumenak berehala kitzikatu dira AMP Bulding lerro zuzenaren parera iristean, bi sarreren puntu erdiko kurbaduraren disrupzio harmonikoak hautsita. Oximorona dirudi, baina hau izango da konstantea. Kontraste handiko sentipenen jokoa hasiko da, Daily Telegraph eraikina eta honen estetika elektro-egiptoarrarekin topo egitean mailaz igoko dena, tenplu faraoniko baten eta musika ekipo baten ekualizatzailearen arteko nahasketa.

Scinde Buldingeko lerroak sinpleagoak eta zurkaiztuagoak dira, baina ez dute apaingarri begetalik goialdean eta fatxadan. Municipal Theatre enpresakoak, ordea, konplexuagoak dira, arketipoarekin jolastuz, zuzenak eta okerdurak konbinatuz. Ia aurrean Public Trust Office sasiklasizista dago, Central Fire Station zaharretik ez oso urrun, urdin ilunekoa eta orla granateduna. Hotel Probintziak, bestalde, arkitektura kolonial amerikarraren kutsua eransten dio multzoari.

ASB Bankek, beste pastel batek, harritu egin gaitu barruan sartutakoan, sabaietan eta leihoetan maorien eragina baitauka

Emerson Street-en sartu gara, palmondoz jositako kalean. Nabarmentzekoak dira Kidsond’s Corner Bulding, sigi-sagako apaingarriak dituen eztei-tarta; Hawkes Bay Chambers eta organo moduko aurrealdea; eta Criterion Hotel, teila-hegalak eta balkoiak dituena, arkitektura kolonial espainiarra ere gogorarazten dutenak. ASB Bankek, beste pastel batek, harritu egin gaitu barruan sartutakoan, sabaietan eta leihoetan maorien eragina baitauka.

Ezkerretara eta eskuinetara, Masonic Hoteleko beirateak ikusi ditugu, eta Luxe Cinemaren Gaiety berezia, hispanomorisko inspiraziokoa, eta zutabe salomonikoak. Gaur egun kafetegia den beste proiekzio areto batek, State Cinemak, ertzez josita dauka fatxada. Bueltan, Hotel Central arrosa eta krematsua topatu dugu, motibo sigi-saga duten arku trunkatuekin. Emerson kaleko azken izkinan, A&B Bulding-eko erloju-dorrera begiratu dugu, hiriko beste ikonoetako batera. Gauez, kupulak eta linternak neonekin argitzen dituzte orduak.

Sixters Marine Parade. (Xabier BAÑUELOS)
Public Trust Office. (Xabier BAÑUELOS)
PANIA LAMINA

Eta hasi garen lekura itzuliko gara, Marine Parade-ra, Soundshell pergolaren, “soinuaren maskorraren” aurre-aurrera. Musika kioskoak, dekorazio estilo klasikoenaz, olatuen ondoan musika eskaintzen du. Ondoan, Sunken Gardens-en diseinu bitxia. Eta iparralderantz goazela, ez oso urruti, Pania laminaren presentzia adeitsua zain daukagu, betiko hitzordu batean bezala.

Bular biluzien artean “hei tiki” bat zintzilik du, emakume maori guztien kutun-irudia, zeinaren magiak ugalkortasunari dei egiten dion. Diotenez, Tiki bizitzako jainko polinesiarra da, zorigaitzen eta ezbeharren aurrean kutun indartsua. Bidean, gibelera begiratu eta Pania ikusi dugu azken aldiz. Egia esan, ederra da pentsatzea hiri baten berpiztea sirena baten bularretan pausatu den jainko baten izpirituak inspiraturik sortu zela.