Nazareko itsasargia, olatu erraldoien lekuko

Nazare surf zaleen paradisuetako bat omen da, olatu erraldoien hiriburua. Eta, egia esan, haserre dagoenean, itsasoak eskaintzen duen paisaia benetan ikusgarria da. Horregatik, surf zaleak ez ezik, argazkilariak ere erakartzen ditu bereziki. Batzuek olatu artean gozatzen dute; beste batzuek, berriz, 1903tik Praia do Norteko itsaslabarrean kokatutako itsasargi gorri famatuaren ingurutik.
Kokapena, zalantzarik gabe, estrategikoa da geografikoki, baina baita historikoki ere, leku horretan eraiki baitzen 1577an San Migel Goiaingeruaren gotorlekua, Portugal Aljeriako, Marokoko, Herbehereetako eta Normandiako piratengandik defendatzeko helburuz.
Baina itsasargia ikusgarri egiten duena ez da soilik Nazareko badiaren panoramika; barnealdeak ere badu bere xarma, surfari eskainitako museo txiki bat eta bertako geografiari buruzko informazio interesgarria hartzen baititu. Gainera, bideo baten bidez azaltzen du zergatik sortzen diren olatu erraldoiak inguru horretan.
Dirudienez, olatuen fenomenoaren iturburua Nazareko arroila da, 5.000 metroko sakonera eta 230 kilometroko hedadura duen itsaspeko harana. Praia do Norten estutzen den inbutu baten antzera (forma hori du), olatu izugarriak eragiten ditu. Guinness liburuan sartu zen 2018an, Hugo Vau portugaldarrak 35 metroko olatu erraldoi bat surfeatu zuenean.