Amaia U. LASAGABASTER
Emakumezkoen futbola

«Ez gara ondo ibili irabazi beharreko partidetan»

Koparako txartela nabarmen garestitu da Realarentzat, azken bi partidetan puntu bakarra lortu ondoren.

Matematikak onberak izan daitezke oraindik, baina errealitateak motibazio handiegirik gabeko denboraldi amaiera batean pentsatzera bultzatzen du. Azken bi emaitzek epeldu egin dute berpiztutako ilusioa, Koparako sailkapena nabarmen urrunduz. Realaren erreakzioa beranduegi heldu da.

«Aukerak badaude oraindik –aldarrikatzen du Maialen Zelaiak–, baina oso urrun ikusten da, egia da. Halere, helburua ez da gehiegi aldatzen, hasieratik partidaz partida planteatu baitugu eta hemendik amaierara hala egingo dugu. Asteburu guztietan gure onena eman eta partida bakoitzeko puntuak lortzeko lehiatu behar gara. Horrek azkenean Koparako txartela ematen badigu, askoz hobeto; eta ez badugu lortzen, behintzat denboraldia sentsazio onenekin amaitzen saiatuko gara».

Gutxitan lortu izan ditu horrelakoak talde zuri-urdinak orain arte eta, beharbada, ez ditu une egokienak aukeratu. Hori izan liteke, izan ere, sailkapeneko egoera horren gako nagusietakoa. «Lesioak izan ditugu, une batzuetan zorte puntu bat falta izan zaigu...», gogorarazi du Zelaiak, baina ez du aitzakiarik nahi eta onartzen du ez direla «gauzak guztiz ondo» egin ere. «Sailkapenaren goialdeko taldeen aurka oso partida txukunak egin ditugu, baina horrelako aurkariekin askoz zailagoa da puntuak lortzea, joko ona egin arren. Irabazi beharreko partidetan, berriz, ez gara hain ondo ibili askotan. Eta, azkenean, puntu horiek, erdi eta behealdeko taldeen kontra lortutakoek, ahalbidetzen dute aurreko zortzien artean amaitzea».

Zergatia aurkitzea ez da erraza, «arazo berria ez» izan arren. «Talde handien kontra motibazioa izatea erraza da, baina hori baino, presioa nabarmenduko nuke. Txikiagoa da, ez daukazu ezer galtzeko. Talde txiki baten kontra, berriz, beharra daukazu, irabazi behar duzu bai ala bai; horrek presio gehiago sortzen du eta batzuetan gauzak ez dira hain ondo irteten». Burua, dudarik ez, «oso garrantzitsua da kirolean». Aurrelariak ez du uste, halere, gabezia horrek taldearen nortasuna kolokan jarri beharko lukeela, ildo horretan argi baitauka Realak ez duela damutzeko arrazoirik, neurketa askotan «demostratu baitu bere nortasuna. Denboraldiko une txarrenetan ere, gola jaso, partida aldapaz gora jarri eta taldeak aurrera egin du. Denbora dexenten ez du saririk lortu eta, halere, beti egin du aurrera. Bolada txarretik, izan ere, horrela irten da. Kolpeak jasoz gero erreakzionatuz. Eta horrek argi eta garbi uzten du taldeak nortasuna duela».

Denboraldiaren azken txanpan horrela jarraitzea espero du. «Azken unera arte borrokatzeko gogoa eta beharra daukagu, saria izan ala ez».

Lesioak, denboraldiko gonbidatu gogaikarriak

Asteburuak berri ona ere utzi zuen Zubietan. Lau hilabete lesionatuta eman ondoren, Maialen Zelaiak berriro zelairatzeko aukera izan zuen.

Bere kasua ez da, zoritxarrez, salbuespena izan. Lesioak denboraldiko protagonista bilakatu dira Realean eta, batez ere, Athleticen. Donostiarrei dagokienez, Zelaiaren menisko hausturaz gain, Chini Pizarrok sendatzen dihardu, lotailu gurutzatua apurtu ondoren. Eguzkiñe Peña, bestalde, orain dela pare bat aste berragertu zen, menisko lesioa gainditu ondoren.

Panorama atsekabegarriagoa da Lezaman. Bi dira, Eztizen Merino eta Irune Murua, lotailu gurutzatua hautsi duten jokalariak –Saioa Gonzalez eta Amaia Olabarrieta, lesio berberarekin ez dira erabat sendatu– eta hiru meniskoa apurtu dutenak, Irene Paredes, Maite Lizaso eta Jone Guarrotxena. Ainhoa Tirapuk, gainera, hiru hilabete eman zituen zelairatu ezinik, orkatila lesio bat zela-eta. A.U.L.