Andoni ARABAOLAZA
Eskalada

Irati Anda eta Itziar Zabala bikain Fedme-ren blokeko lehietan

Andak Blokeko Espainiako Txapelketa eraman du; gasteiztarrak Fedme-ren blokeko hitzordu nagusian lortu duen lehen garaipena izan da. Bestalde, Espainiako Kopan bi proba jokatu dira dagoeneko, eta Zabalak bat irabazi eta bestean bigarren sailkatu da.

Josean Mulasek zuzentzen duen Euskal Mendizale Federazioaren euskal selekzioko burua pozarren egongo da. Eta ez da gutxirako. Eskaladako lehien egutegi ofiziala hasi da dagoeneko eta, oraingoz, euskal ordezkariek erdietsi dituzten emaitzak bikainak izan dira oso.

Fedme-k antolatutako blokeko probek hasiera eman diote aipatutako egutegiari. Dagoeneko, hiru lehia jokatu dira; guztiak ala guztiak martxoan eta hiru astez jarraian. Lehenbiziko biak Espainiako Kopakoak izan dira; hirugarrena, berriz, Txapelketakoa. Erregulartasunaren zirkuituan Itziar Zabalak garaipen bat eta bigarren postu bat sinatu ditu. Hitzordu nagusian, aldiz, Irati Anda gailendu zen. Beraz, irakurtzen den bezala, euskal ordezkariak sasoiko hasi dira Fedmeren blokeko lehietan.

Eta honi gehitu beharko genioke, lehen balorazio batean bederen, «espero» ez ziren emaitzak izan direla. Zabalak, adibidez, lehen aldia zuen blokeko zirkuitu horretan. 20 urteko dimoztarra oso gazterik hasi zen lehiatzen, baina ia beti zailtasuneko lehietan ikusi dugu. Egun seniorretan lehiatzen ari da, eta oraingoz postu azpimarragarriak lortu ditu. Ezustekoa, beraz.

Andaren kasua ezberdina da. Ez gara hasiko gasteiztarra aurkezten, irakurle gehienek ondo baino hobeto dakitelako zein den eskalatzailearen ibilbidea. Baina aipatu behar dugu lehiakide handi horrek lehen aldiz irabazi duela Blokeko Espainiako Txapelketa, eta hori adierazgarria da.

Eta gasteiztarrak garaipen esanguratsuena erdietsi duenez, bada, berarekin hasiko dugu euskal selekzioko kideek Fedmeren hitzorduetan lortutako emaitzen kronika.

Lehia nagusi hori pasa den martxoaren 21ean jokatu zen, Bartzelonan. Seniorren maila bakarrik jokatu zen, eta lehia horretan euskal selekzioko emakumezkoek hartu zuten parte. Hain zuzen ere, hiru ordezkari izan ziren: Zuriñe Arrue, Zabala eta Anda.

Sailkapenen txanda ez zen batere ondo hasi, batez ere Arruerentzat; izan ere, lehen blokean min hartu zuen. Ez zen lesionatu zen bakarra izan, Sara Richartek ere orkatilan min hartu baitzuen. Lehen bloke horretan sortu zen egoera arriskutsua dela eta, antolatzaileek hori kentzea erabaki zuten.

Horrela bada, lehiakideek guztira lau blokeri egin behar izan zieten aurre. Eta, hain zuzen ere, lau korapilo horiek askatzeko gai izan zirenak finalera pasa ziren; zortzi, guztira. Eta tartean zen Anda. Final horretara sailkatzeko aukerarik izan ez zuena Zabala izan zen. Hiru bloke sinatu zituen, baina ez zen bestea askatzeko gai izan.

Finalean, gasteiztarrak erakutsi zuen lehiakide bikaina dela, eta lehen bi blokeetan oso sasoiko agertu zen; izan ere, top egin zuen. Hirugarrena, berriz, ez zuen askatu; eta laugarrena igotzea erdietsi zuen. Era horretan, eskalatzaile arabarrak Espainiako Txapelketa eskuratu zuen. Aipatu behar da, halaber, proba Maud Ansadek irabazi zuela, baina eskalatzaile frantziar horrek Fedmeren txartela ez duenez, ez zuen titulua eraman.

Andarentzat Blokeko Espainiako lehen txapelketa izan da, eta GARAri adierazi dioenez, blokeko hitzorduak ez zeuden bere lehentasunen artean: «Kopa, adibidez, ez zegoen nire asmoen artean. Hitzordu asko ditu, eta oso goiz iritsi dira. Baina txapelketa soilik proba bat denez, parte hartzera animatu nintzen. Justu zailtasuneko lehiak prestatzeko entrenamenduen erdian harrapatu naute, eta sasoi puntua hartzeko balio izan dit txapelketa horrek».

Andak aitortu digu garaipen horrek ezustean harrapatu duela: «Sentsazio arraroak izan nituen. Berotzea asko kostatzen zait, eta sailkapenetan ezberdin sentitzen dut gorputza; zalantza ugarirekin. Baina lo-kuluxka egin ondoren, finaletara joan eta buruari buelta eman nion. Hobeto lehiatu nintzen, eta erabat kontzentratuta jardun nuen. Lau bloketik hiru egin nituen. Estrategia kontuak direla eta, egin ez nuen blokean ez nintzen asko saiatu, leher eginda ez bukatzeko, eta oraindik beste bat aurretik nuelako. Hirugarren horretan bonus-a lortu nuen. Eta estrategia horri esker, laugarrena igotzea erdietsi nuen».

Zabala bide onetik

Espainiako Txapelketatik Kopara egingo dugu salto. Lehen proba, martxoaren 7an jokatu zen, Redovanen (Alacant). Euskal ordezkari bakar batek hartu zuen parte, eta berak irabazi zuen: Itziar Zabalak.

Dimoztarrak 18 lehiakiderekin jardun zuen, eta sailkapenetan bost bloketik lau sinatu ondoren, finalera igaro zen. Finalean, berriz, Zabalak sei bloketik hiru egin zituen, eta horiei esker Espainiako Kopako lehen proban garaile atera zen; bizkaitarraren Fedmeren blokeko lehen garaipen ofiziala izan zen.

Bigarren proba astebetera izan zen, Tortosan (Tarragona). Sailkapenetan bost bloketik hiru eskuratu zituen, eta, beraz, finalerako txartela eskuratu zuen. Azken fase horretan, Zabalak ondo jardun zuen, eta bigarren postua erdietsi zuen. Lau proba ditu erregulartasunaren zirkuituak, eta 20 urteko eskalatzailea behin-behineko sailkapen nagusian buru dago. Beste bi lehiak azaroan jokatuko dira.

Zabalak GARAri esan dioenez, lehen probara probatzera joan zen: «Eskalatzen ari naiz, baina ez dut zirkuitu hori prestatu. Azken uneko erabakia izan zen. Alacantera joateko aukera izan nuen, joan nintzen eta irabazi nuen. Lehendabiziko aldia nuen blokeko proba horietako batean, eta, beraz, ez nekien zein blokerekin egingo nuen topo. Alacanteko sailkapen txanda erraza izan zen, eta finalean ere oso ondo jardun nuen. Gustura eskalatu nuen, ezaugarri ezberdinetako blokeak zeudelako. Garaipenak ezustean harrapatu ninduen».

Bigarren proban, berriz, Zabalak sorbaldan min hartu zuen: «Sailkapenen ondoren, fisioterapeutak masajeak eman zizkidan, eta finalean, dena eman ostean, oso ondo lehiatu nintzen. Pozik nago lortutako bi emaitza horiekin. Txapelketan pena izan zen finalera ez sailkatzea. Hura ikusi eta asko ikasi nuen».