Juanjo Lopezek maila nagusian jarraituko du
Lezaungokoak Ruben Saralegiren aurka jokatu zuen mailari eustekokanporaketa, eta 15 segundoren aldearekin, berak irabazi zuen.
Juanjo Lopezek lortu du Euskal Herriko Lehen Mailan jarraitzea, herenegun, Beran, Ruben Saralegi gaztea mendean hartu ostean. Borroka handia izan zen bien artean, eta amaieran hamabost segundoko tartea bakarrik egon zen, eta beteranoa izango da onenekin batera jarraituko duen aizkolaria.
Euri artean jokatu zen norgehiagoka, baina jendeak erantzun polita eman zuen. Aizkolari bakoitzak bi kana-erdiko, bi 60 ontzako eta bi oinbiko ebaki behar izan zituen. Lehia ikaragarria izan zen bien artean, beti pare samarrean aritu baitziren. Amaiera arte ez zen ikusi bietatik nork eramango zuen garaipena, baina bukaeran Lopezen eskarmentua garrantzitsua izan zen, berak irabazi zuen, eta ondorioz berak jarraituko du aurtengo denboraldian Lehen Mailan, eta Saralegik, aldiz, Bigarren Mailan hartu beharko du parte. 20 minutu eta 58 segundo behar izan zituen Lopezek, eta 21 minutu eta 13 segundo, berriz, Saralegik.
Leku berean jokatu zen baita ere Nafarroako Bigarren Mailan jarraitzeko kanporaketa. Bertan, Eraso, Xabier Mindegia eta Iban Resano neurtu ziren. Aizkolari bakoitzak bi kana-erdiko eta 60 ontzako bat erdibitu behar izan zituen, eta Resanok aparteko arazorik gabe lortu zuen garaipena, lanak 7 minutu eta bost segundoan amaituta. Bigarren Xabier Mindegiak bukatu zuen, eta bi aizkolari hauek jarraituko dute zeuden lekuan, eta sailkapena itxi zuen Erasok urte honetan Hirugarren Mailan aritu beharko du.
Urrezko Aizkora
Urrezko Aizkoran bigarren jardunaldiko bi kanporaketa jokatu dira. Larunbatean Zerainen izan zen saioa, eta atzo, berriz, Bilbon. Azkenean, Kañamares III.ak, Senosiain II.ak, Ruben Saralegik, eta Mieltxo Mindegiak lortu zituzten hirugarren kanporaketan aritzeko txartelak.
Bi saioetan zortzina aizkolari lehiatu ziren, lauko bi multzotan banatuta. Lana ere bietan bera izan zuten, eta azkenean honelako lan laburretan ateak asko zabaltzen dira. Izen handia duten aizkolariak izan dira bi jardunaldietan, eta amaieran garaipena edozeinek zeukan lortzea, eta horrelaxe izan zen.
Zeraingo kanporaketa polita izan zen, eta multzo batean Julen Kañamaresek lortu zuen hirugarren kanporaketan aritzeko txartela. Finalean Eneko Otaño izan zuen aurrean, eta bi aizkolari hauek eskainitako lehia oso polita izan zen, baina azkenean bietan zaharrenak, Julen Kañamaresek, irabazi zuen, eta berak egin zuen aurrera. Otañok, orain 23 urtez azpiko lehiaketarekin pentsatu beharko du. Beste multzoan, berriz, Aitor Senosiainek irabazi zuen, eta berak jokatuko du hirugarren kanporaketan.
Atzo Bilbon, beste zortzina aizkolari lehiatu ziren, eta hemen ere bi multzotan banatuta. Batean Ruben Saralegik irabazi zuen, eta bezperako arantza atera ahal izan zuen. Mieltxo Mindegia nagusitu zen bigarren multzoan, aurrera eginez.